Lorena Wiebesek esprintean irabazi du 3. etapa arriskutsua

Emakumeen Tourra aurrera doa, eta atzo hirugarren etapa lehiatu zen, La Galicytik Angerseraino (163,5 kilometro). Lorena Wiebes herbeheretarra (SD Worx) izan zen helmugan azkarrena. Duela 26 urte Mijdrecht herrian jaiotako txirrindulariak bere ibilbideko 108. garaipena erdietsi zuen.
Wiebesek esprintean lortu zuen irabaztea, bigarren izan zen Marianne Vosen (Visma) aurretik. 38 urteko herrikideak maillot horia berreskuratu zuen, lehenengo etapa irabazi ostean. Ally Wollaston australiarra (FDJ-SUEZ) hirugarrena izan zen. Bestalde, Elisa Longo Borghini italiarrak (UAE) ezin izan zuen irteeran egon, infekzio gastrointestinal batengatik.
Laboral Kutxako Usoa Ostolaza, Ane Santesteban eta Idoia Eraso talde handian helmugaratu ziren, denbora berean. Tourreko sailkapen nagusian Santesteban 30.a da, 1:49ra; Ostolaza 53.a, 7:53ra; eta Eraso 112.a, 18:54ra.
Hasiera batean lasaia zirudien etapa batean, txirrindulari ugari saiatu ziren aurrera egiten hasierako kilometroetan. Laboral Kutxako txirrindulariren bat ere ikusi ahal izan zen aurrera egin nahian. Hala ere, kostatu egin zen ihesaldi ona sortzea, eta hartan lau txirrindulari izan ziren: Movistar taldeko Sara Martin, Alison Jackson kanadarra, Clemence Latimier frantsesa eta Catalina Soto Campos txiletarra.
Ihesaldiko laukoteak lau minutuko aldea lortu zuen tropelak Britainia uzten zuen momentuan. Tropelak ez zien aukera eman, eta pixkanaka aldeak murriztu zituen, etapa irabazteko faborito Wiebesen SD Worx taldea aurrean zela.
Wiebesek berak lehen kolpea eman zuen bitarteko esprintean, helmugarako 38 kilometroren faltan. Herbeheretarra Marianne Vos baino azkarragoa izan zen, eta 13 puntu lortu zituen han.
ERORIKOA
Ihesaldiko laukotearen abentura pixkanaka amaitzen ari zen bitartean, Sara Martinek luzatu egin nahi izan zuen ihesaldia, eta ondoren Soto Campos berdin saiatu zen.
Baina 6 kilometroren faltan amaitu zen ihesaldia. Dena esprintean erabakiko zela zirudienean, helmugatik 3,6 kilometrora eroriko handia izan zen, tartean Demi Vollering eta Chloe Dygert zeudela. Aurrean, Wiebesek ez zion aukerarik utzi Vos herrikideari, eta garaipena erdietsi zuen.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
