Lehenengo aldiz Iruñean egingo da Iberiar Superkopa, irailaren 5ean eta 6an
Bera Bera-Madeira eta Beti Onak-Benfica izango dira 5eko bi finalerdiak Anaitasuna pabiloian. Finala eta 3. posturako lehia, aldiz, 6an izango dira.

Iruñeak lehen aldiz hartuko du Iberiar Superkopa, penintsulako eskubaloiko eliteko talderik onenak bilduko dituen lehiaketa. Txapelketa irailaren 5ean eta 6an egingo da Anaitasuna pabiloian.
Hirugarren edizio honetan, Espainiako Eskubaloi Federazioak eta Portugalgo Federação de Andebolek antolatuta, Super Amara Bera Bera (Guerreras Iberdrolako txapelduna), Replasa Beti-Onak (Kopako txapeldunordea), Benfica (Ligako txapelduna) eta Madeira (Kopako txapeldunordea) izango dira norgehiagoka.
Lehiaketa irailaren 5ean hasiko da, ostiralez, bi finalerdiekin. Bera Bera eta Madeira aurrez aurre izango dira 18.15ean, eta 20.30ean, berriz, Beti-Onak, Benficaren aurka.
Txapelketa irailaren 6an bukatuko da, larunbatean, hirugarren eta laugarren posturako partidaz (17.45) eta final handiaz (20.00).
AURKEZPENAK BERA BERAN
Superkopa Iberikorako lekua hautatzearen egun berean aurkeztu zituen Bera Berak Ester Somaza eta Lisanne Kruijswijk, baita 2025/26 denboraldian jantziko dituen kamisetak ere.
Jokalari biak «oso gustura» agertu ziren taldearen harrerarekin. Kataluniako hegalekoak talde «lehiakorra eta osoa, jokalari handiekin» ikusten du, eta «taldeari ekarpen ahalik handiena egitea eta jokalariengandik ikastea» espero du.
Les Franqueseseko (Bartzelona) hegalekoa, 21 urtekoa, KH7 BM Granollersekin 97 partida ofizial jokatu ondoren iritsi da Donostiara, eta 383 gol sartu ditu. Aurreko denboraldian bosgarrena izan zen liga erregularreko golegileen zerrendan, 109 golez, 24 partidatan. Gainera, 20 partida jokatu ditu Espainiako selekzio nagusiarekin, besteak beste, 2023ko Munduko Txapelketa Danimarkan, 2024ko Europako Txapelketa Suitzan eta 2025eko Munduko Txapelketarako kanporaketa Kroaziaren aurka.
Lisanne Kruijswijkek, bestalde, taldeari ekarpena egitea espero du, «ahalik lasterrena egokitzea». Eta «jokoaren abiadura» nabarmendu zuen. Duela 24 urte Hagan (Herbehereak) jaioa, Kruijswijk Suediako Skara taldeko jokalaria izan da, eta bere lehen liga titulua lortu du Sävehof historikoaren aurka jokatutako play-offean. 92 gol sartu zituen jokatutako ligako 31 partidetan. Kruijswijk bereziki erabakigarria izan zen bigarren partidan, MVP aukeratu baitzuten, sartutako zazpi golei esker.
Herbehereetako selekzioarekin junior mailan eta maila absolutuan jokatu izan du.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
