Fermin Muguruza, Bizardunak, Bulego, Gorka Urbizu... zuzeneko musika bereizgarri
Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaien bereizgarrietako bat zuzeneko musika eskaintza da, eta aurten ere halaxe izango da. Euskal musikaten panoraman puntan dagoen talde bat baino gehiago izango da egunero; horien artean, 40. urteurreneko biran dabilen Fermin Muguruza, Bulego, Gorka Urbizu, Bizardunak, eta beste asko.

Zuzeneko musika da Andre Maria Zuriaren jaien bereizgarrietako bat. Urtez urte genero anitzetako eta adin guztiei zuzendutako musika eskaintza bildu izan du Arabako hiriburuak eta aurten ere eutsi egingo dio izaera horri. Horrela, Foru Plazak milaka pertsona batuko ditu egungo musika panoraman puntaren puntan dabiltzan taldeen eskaintza entzuteko, eta Aihotz Plazan tokiko labela duten taldeak izango dira protagonista. Falerina Lorategiak biltzen dituen proposamenak eta Gasteizko Txosnek osatutako eskaintza oparoak biribiltzen du aurtengo jaietako egitaraua, eta ezin ahaztu bestelako musika proposamenak ere; Plaza Berriak hartzen dituen orkestrak, Arca plazako berbenak eta Floridako dantzagarriak, esaterako, bai eta kalez kale aritzen diren Gasteizko Musika Banda eta fanfarre eta txarangak ere.
GASTEIZKO TXOSNAK
Horrenbeste proposamenen artean zaila da egitaraua xehatzen nondik hasi erabakitzea baina, hautatzekotan, Gasteizko Txosnek jai herrikoien alde egiten duten ahalegina nabarmentzea merezi du. Aurten, gainera, beraiek proposatu duten eskaintzan dago jaietako izar izango den kontzertuetako bat: Fermin Muguruzarena. Musikari irundarra bere 40 urteko musika ibilbideari errepasoa egiten ari da mundu mailako bira batean eta Andre Maria Zuriaren jaietan ere egingo du geldialdia, Kortatu eta Negu Gorriaken garaietatik hasi eta bakarkako ibilbide emankorrean sorturiko kantuak oholtzara eramateko.
Abuztuaren 7an, ostegunarekin, eskainiko dute kontzertua Muguruza eta bere ohiko taldeak, baina aurretik eta ostean ere izango da zer entzun eta dantzatu. Izan ere, guztira 40 kontzertu eta ikuskizun izango dira Arabako Campusean jarri den oholtza nagusian, Entxosnatu karpan eta Gazte karpan.
San Migeleko balkoitik egin zuten aurkezpenean iragarri zituzten Andre Maria Zuriaren jaietarako antolatu dituzten kontzertuak Gasteizko Txosnetako ordezkariek. Aipatu bezala, abuztuaren 4an ekingo diote programazioari, astelehenarekin, Mildero, Olatz Salvador, Pluk, Akerbeltz Erromeria, Guate-k eta M. Ravarino taldeek; abuztuaren 5ean izango dira Herra, Arene6, Afro Beats, Brigade Loco, Dj Lobak, MDM eta I+D; eta abuztuaren 6an, Dena, Pubic Enemy, Aimarz, Biznaga, Eteranal eta Rosa Mari.
Ostegunean, abuztuaren 7an, izango dira eszenatokian aurrez iragarritako Fermin Muguruza, Zanakarron Blues, Fifi eta Fefa, eta Elepunto; abuztuaren 8an, berriz, Estoldetan, Kokein, Marte Lasarte, Sustrai Berriak, Bizardunak eta Suziri Krew; eta hilaren 9an, larunbatarekin, Anixe, Safu, 721, Hofe, Andrigina Show, Dj Wellington eta Sqlent. Zaila izango da txosnagunetik aldentzea...
Agerraldian, txosnetako ordezkariek esker ona agertu zieten «txosna eremua eraikitzeko eta horri bizitza emateko lanean jardun duten pertsona eta kolektibo orori» egindako lanagatik, «hau guztia posible egiten duzuelako». Aurtengo leloa ‘‘Entxosnatu, etorri gugana!’’ izango dela esan eta ohar garrantzitsu bat ere egin zuten: ohi bezala, txosnagunean ez da inolako eraso matxista, sexista, homofobo, xenofobo edo arrazistarik onartuko. Ondo apuntatu.
FORU PLAZA
Foru Plazako eszenatoki nagusia hartuko dute egungo panorama musikalean aparretan dabiltzan beste zenbait taldek. Euskal musikarekin abiatuko da egitaraua abuztuaren 4an, Bulego talde azkoitiarrarekin. Iaz txosnagunean aritu zen taldea jaietako eskaintza musikal ‘‘ofiziala’’ irekitzen ikusiko dugu horrela. Euskal musikan erreferentziazko taldea da Bulego, lau urteko ibilbide ‘‘labur’’ bezain oparoan arrakasta itzela lortu duena. Euskaraldiko kantua bolo-bolo ibili da, besteak beste, eta azaroan urtebeteko atsedena hartuko dutela iragarri zuten, indarberritu eta ideia berriak arakatzeko.
Isabel Aaiunek hartuko du oholtza hilaren 5ean. ‘‘Potra Salvaje’’ kantu sonatuaren egilea lehen aldiz izango da Gasteizko jaietan, bere neofolkarekin publikoa astintzeko. Hilaren 6an Rozalen kantautore mantxatarra igoko da Foru Plazako eszenatokira, ohiko duen alaitasun eta konpromisoarekin ikusleak kutsatzeko. Besteak beste, sanferminetan ere ikusi genuen, Gaztelu plazako oholtzan eta German Rodriguezi egindako omenaldian, Fermin Balentzia eta Erramun Martikorena alboan zituela. Itzela. Ez da zaila plaza leporaino beteta egongo dela aurreikustea.
Abuztuaren 7koa ere ez da txantxetarako proposamena, Foru Plazan Mago de Oz ariko baita, mundu mailako oholtzetan 35 urteko ibilbidea duen taldea. Heavy metala folk eta zelta musikarekin uztartzen duen taldea lehen ere izana da Gasteizen, baita Foru Plazan bertan ere. Ziur ez dela faltako publikoa saltoka jarriko duen ‘‘Fiesta pagana’’ hit-a.
Eta, irekitzeko ardura bezala, jaiak ixtekoa ere euskal ordezkariena izango da: Zea Mays izango da abuztuaren 8ko protagonista. Zer esan Zea Maysez jada esan ez denik… jaiak goia jota amaitzen lagunduko dute, seguru.
AIHOTZ PLAZA
Euskal musikaren panoramako izen handiak biltzen saiatu ohi da Aihotz Plaza jaietan, eta aurten proposamen interesgarri eta askotarikoekin dator: Merina Gris, Gorka Urbizu, Izaki Gardenak eta Tatta & Denso. Lehenak, Merina Gris donostiarrak, abuztuaren 5ean izango dira Gasteizen, euren azken diskoa, ‘‘Zuloa’’, zuzenean aurkezten. Oso bestelako proposamenak hartuko du plaza abuztuaren 6an, Gorka Urbizuk hartuko baitu oholtza, Abbey Road estudio mitikoetan grabatzetik itzulia dena: Berri Txarrak-ekin egindako bidea atzean utzita, doinu intimo eta soilagoekin aurkeztu zuen bakarkako ibilbidea lekunberritarrak ‘‘Hasiera bat’’ disko iradokitzailean.
Abuztuaren 7an Jon Basaguren buru duen Izaki Gardenak iritsiko da Aihotz Plazara. ‘‘Orube’’ (2024) da Gasteizen sortutako talde honen azken diskoa, folk eta rock eraginak soinu organiko eta atmosferikoekin uztartzen dituen lana.
Tatta&Densoren musika urbanoarekin itxiko da Aihotzeko egitaraua, hilaren 8an.
ETA FALERINATIK MUNDURA
Falerinako Lorategiek tokiko talentu gazteari egingo diote lekua I See Explosions, Laztana Laztana, Mirotz, Sutan Klan, Broken Salad, The Twin Rebels, Didac Jons, Skaribe, Mairu eta Bixonte Dort taldeen proposamenekin eta, tokikotik globalera, munduko doinuak entzuteko parada izango da Probintzia Jauregiko plazan. Ez dago aitzakiarik, beraz, Andre Maria Zuriaren jaietako gaugiroan ez galtzeko.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
