GARA
OIARTZUN

Oiartzunek herri irekia dela erakutsiko du soka dantzan

Herrietako jaietan komunitate sentimendua indartu egiten dela-eta, Oiartzungo jai-batzordeak ekitaldi berezia prestatu du bihar suziria botatzeko. Herrira bizitzera etorri berri direnei ongietorria egingo die, soka dantzan parte hartzera gonbidatuz.

Iazko soka dantza, Joana Mendiburu alkatea buru zela.
Iazko soka dantza, Joana Mendiburu alkatea buru zela. (Gorka)

Oiartzungo xanistebanak iritsi dira eta jai-batzordeak prest dauka bost egunerako egitarau oparoa. Hasiera ofiziala bihar arratsaldean egingo bada ere, bezperan motorrak berotzeko aukera izango da festen hasiera iragartzen duen Kultur Ekitaldiarekin. Arizmendieneako lorategian izango da, gaur bertan, 18.00etatik aurrera, eta gauean txosnetan kontzertuak izango dira: Ameba eta DJ Enabil, txosnagunean; eta DJ Infernu, Zimitiyoan.

Baina, esan bezala, hasiera ofiziala bihar izango da eta aurten bada berritasunik. Izan ere, herrietako jaietan sortzen den komunitate sentimendua indartu egin nahi du Udalak eta horretarako, jaioberriei atsolorrean ongietorria egiten zaien bezala, Oiartzunera etorri berri direnei ongietorria egingo diete. «Eskutik helduta plazara aterako ditugu, soka-dantza gurekin dantzatzera, Oiartzun herri zabal bezain irekia izatea nahi dugulako», azaldu du herriko alkate Joana Mendiburuk.

Ohi bezala, soka dantza herriko plazan egingo da, 19.30ean, Haurtzaro Dantza Taldearen, Olarri Dantza Taldearen eta Lartaun Txistulari Taldearen laguntzaz. Horren ondoren, jai-batzordeak proposatuta, urte luzez auzogintzan, herrigintzan eta xanistebanetako ekintzen antolaketan egindako lanaren esker gisara, Xabier Izagirrek eta Birgilio Labandibarrek suziria botako dute. Une horretan festa lehertu eta erraldoien eta buruhandien kalejira abiatuko da, dultzaineroek eta Lartaun Txistulari Taldeak lagunduta. Kanpai-doinu alaiak ere ez dira faltako, jaiak hasi direla iragartzeko.

BOST EGUNEZ

Jai egitarauak bost egun hartuko ditu, abuztuaren 6ra arte. Horrela, igandean Xanisteban eguna ospatuko dute; astelehenean, baserritar eguna; asteartean, gazteen eguna, eta asteazkenean, haurren eguna. Zezensuzkoak eta erromeriak emango die amaiera aurtengo jaiei.

Alkateak esandakoaren arabera, «garrantzitsuena gozatzea eta ondo pasatzea da, betiere, ingurukoekin errespetuz jokatuz». Bide horretan, aurten ere eraso sexisten kontrako neurriak hartuko dituzte. Alde batetik, horiek saiheste aldera, sentsibilizazio kanpaina eta informazio puntuak jarriko dira eta, bestetik, aurreko urteetan bezala, egoera edozein dela, telefono bidezko eta aurrez aurreko artatze zerbitzua egongo da.

Garraioari dagokionez, jaiek irauten duten bitartean herri barruko autobus zerbitzu berezia izango da gauerdiko hamabietatik goizeko seietara bitartean. Biblioteka pareko geltokitik abiatuta, auzo guztietaraino iristeko eskaintza egongo da.