Doluak elikatutako beldurra

A zken urteotako beldurrezko film gogoangarrien zerrenda egin beharko bagenu, zalantzarik gabe, “Hereditary” eta “The Babadook” zerrenda horretan egon beharko lirateke. “Bring Her Back” filmak antzekotasun asko ditu bi lan horiekin, eta, nahiz eta horien mailan ez egon, aurten beldurrezko film gutxi estreinatu da ikuslea aztoratzeko halako indar eta gaitasuna duenik.
“Talk to Me” (2022) filmaren ostean, Philippou anaiak zinta are ilunago eta emozionalki suntsitzaileago batekin itzuli dira. Lan hau doluaren zoko ilunenetan kokatzen da, elkartzen diren hiru pertsonaia aurkezteko: Piper eta Andy neba-arrebak, alde batetik, eta hildako alaba bueltan ekartzeko edozer egiteko prest dagoen emakumea, bestetik.
Galerak ilundutako familia-drama gisa hasten da filma, baina berehala bihurtzen da beldurrezko kontakizun bortitz eta aztoragarria, atmosfera itogarri batean barrena. Hasierako isiluneak eta zauri emozionalak, laster, irudi gordin eta aztoragarri bihurtzen dira. Sortzaileek estilo bisual sendoa erabili dute: enkoadraketa itxiak, argiztapen zapaltzailea eta soinuaren erabilera kezkagarria.
Beldur psikologiko garaikidearen iturrietatik edaten du filmak: “Midsommar”-en sinbolismo iluna, “The Wailing”-eko heriotzaren tratamendu erritualista, bai eta “Antichrist”-en oihartzunak ere. Hala ere, erreferentziak erreferentzia, Philippou anaiek euren filmari identitate propioa ematea lortu dute, gorputza izugarrikeria fisiko eta sinbolikoaren lurralde bihurtuz.
Kohesio narratiboan gorabeherak izan arren, eta hari-mutur batzuk solte geratu arren, filmak eragin sentsorial eta emozional oso indartsua du.
Barrenak nahasi eta astintzen dituen beldurrezko zinema gustuko dutenentzat 2025eko ezinbesteko filma da.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
