Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Gogoetarako espazioa poltsan

Bidaia-poltsa egiten ari naizela hamaika kontu pasatzen ari zaizkit buru aldetik, eta euskaraz ez dugu hamaika baino gehiagorik! Zenbaki transgenikoa ez bada, sikiera! Bada, bai, egun batzuetan ohikoa atzean utzi eta ezohikorako nabil buru zer hori prestatzen. Gauza berriak ikusi, eta haietatik ikasi, lurraldeak eta lurraldeetakoak; bestelako pertzepzioak neureganatu… bidaia ez dadin argazki-kamerarena izan, bidaia bidariarena izan dadin, turista bazterrean utzita. Eta horretan nago burua bor-bor, poltsaren espazioa ganoraz antolatu gurarik, kontraeginetarako ere lekua egiten, kontraesanak gaindituta dauzkat eta!

Total, Osakidetzan iraultza moduko zerbait egon berri dela irakurri izana pasatu zait burutik derrepente batean. Oasi ahaztuko Osakidetza. Portzierto, non utzi dute jelkideek garai bateko euskal oasi hura? Eta jeltzaleek? Ama, ama, lurralde antropiko halakoak! Bada, bai, iraultza moduko goitik beherako birmoldaketa, erakundearen egitura-sisteman. Iraultza? Nago ni txarto erabiltzen ohi dugula horren adiera. Iraultza, sakoneko aldaketa den neurrian, klima-aldaketa den bezala, denbora pasatuta eta atzera begiratuta orduantxe konturatzen garela iraultza izan den ala auskalo zerbait. Udaberri arabiarretakoak dauzkat orain gogoan, sasoiko irauliek iraultza zertan izan ez duten seinale!

Tira, harira! Eusko Alderdi Jaurlaritza deslokalizatzen ari da zerbitzuak, hau eta hori, hemen eta hor. Izan planak, lege-asmoak, txostenak… zeini eskatu, horixe deslokalizatzen ari. Nonbait, kanpoan aurkitzen dute barruan ez duten lasaia. Eta Urdaibaiko entzuketa prozesuaren lehenengo ondorioak mahai gainean jada. Entzuna antzu utziko ote? Barruko eragile batek egin duenez… Eta Zadorrak urpean utzitako herriak gogora ere egunotan! Ura beti bizigai?