Asier AIESTARAN
ARRAUNA

Bigarren txandatik ere posible da: Zierbenak bandera eta Oriok ia-ia

Galipoek irabazi zuten Lekeitioko Bandera, bigarren txandan lortutako denbora bikainari esker. Euskotren Ligan, Orio garaipenetik 66 ehunenekora geratu zen lehen txandatik. Eta hori, estropada eremuan baldintza aldaketa nabarmenik gabe.

Zierbenako arraunlariak, pozez zoratzen, bandera hartuta.
Zierbenako arraunlariak, pozez zoratzen, bandera hartuta. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ez da ohikoa izaten, baina tarteka irabazten du banderaren bat bigarren txandako ontziren batek. Normalean haize edo itsasoko baldintzen aldaketa handiren batek ematen du horretarako aukera, baina atzo Lekeition, horrelako aldaketa nabarmenik gabe, ia bi aldiz gertatu zen hori. Lehenik, Euskotren Ligan, Orio izan zen lehen txandan arraun eginda trapua etxera eramatetik 66 ehunenekora geratu zena; ondoren, Eusko Label Ligan, Zierbenak lortu zuen garaipena, bigarren txandan egindako denbora onari esker.

BEZPERAKOA AHAZTUTA

Arraun Lagunak izan zen Lekeition jokatu zen 14. Euskotren Banderaren irabazlea. Zazpigarren garaipena donostiarrentzat, sailkapen nagusiko lidergoa indartuz. Baina, hori bai, Orio, lehen txandako onena, 66 ehunenekora gelditu zen.

Oriotarrek erlojuaren aurka jardun behar izan zuten. Bezperan bosgarren amaitu zutenez, lehen txandan arraun egitea egokitu zitzaien, eta hasieratik ikusi zen hiru txandakideak baino koska bat edo bi gorago dagoela. Ziabogan aldeak 10 segundo ingurukoak ziren, eta helmugan ia 20ra zabaldu zituen, hasi eta buka, estropada oso erregularra eginda.

Emozioa atzean egon zen. Hibaika, Donostiarra eta Hondarribia pare-parean ibili ziren estropada ia osoan. Aukera ona zen Donostiarrarentzat, Hondarribiari gutxienez bi puntutxo ateratzeko, Hibaika tartean sartuta, baina azkenean berdeek aurrea hartu zieten Errenteriakoei, eta sailkapen nagusian puntu bakarra jan dio Donostiarrak Hondarribiari.

Ohorezko txandan, Arraun Lagunak hasieratik tartea irekitzera joan zen, eta atzo ere lortu zuela esan daiteke. Ziabogan sei segundo ateratzen zizkion Tolosaldeari, eta ikusten zen txandako garaipena donostiarrena izango zela. Baina Orioren denbora hobetzea beste kontu bat zen. Oriotarren erreferentzia 10:53.62koa zen, eta bideo-finisha errepasatu behar izan zuten epaileek Arraun Lagunakek 66 ehuneneko gutxiago behar izan zituela ziurtatzeko: 10:52.96.

LEHEN KALETIK IHESI

Zierbenak bai, Zierbenak bigarren txandatik irabazi zuen Lekeition jokatu zen El Correo-Kutxabank bandera. Galipoek estropada ederra egin zuten bakarlanean, 20:05.38ko denbora markatuz, eta ohorezko txandako ontziek ezin izan zuten marka hori hobetu.

Bizkaitarrak nagusi izan ziren goitik behera bigarren txandan. Lehen luzean Hondarribiak eta Getariak lortu zuten galipoen erritmoari eustea, “Ama Guadalupekoa” ontziak hirugarren ziabogaraino horrenbestean eutsi zion, baina Zierbenaren azken luzea ikaragarria izan zen, eta lortutako denborak pentsarazten zuen banderaren lehian egon zitekeela.

Ohorezko txandan Oriok lehen kaletik arraun egin behar izan zuen, seguruenik atzoko kalerik txarrena, eta joaneko luzeetan nabaritu egin zen. Azken luzerako txanda menderatuta zeukan, baina konparaketa Zierbenaren erreferentziarekin egin behar zen, eta hor ezin: 1,68 segundora geratu zen.