Iraitz MATEO
DONOSTIA

«Sufrimendua behin betiko amaitzea» eskatu dute Etxeratek eta Sarek

Sarek eta Etxeratek Hego Euskal Herriko 11 hondartza aldarriz bete zituzten atzo goizean. «Behin betiko elkarbizitza agertokietara jauzi» egin beharra nabarmendu zuten eta, horretarako, gatazkak utzitako ondorioek eragindako sufrimenduek behin betiko amaitu behar dutela ohartarazi.

Ondarretan zebiltzanen arreta bereganatu du presoen etxeratzearen eskakizunak.
Ondarretan zebiltzanen arreta bereganatu du presoen etxeratzearen eskakizunak. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Atzo ere urtero egiten duten hitzorduari jarraitu zioten Sarek eta Etxeratek. Hego Euskal Herriko 11 hondartzetan mobilizazioak egin zituzten, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarriak kalera ateratzeko. Gatazkak utzitako ondorioek eragiten dituzten sufrimenduek «behin betiko amaitu behar dutela» adierazi zuten Ondarretan egindako irakurketan.

Giro eguzkitsua izan zen atzo, eta hondartzak bete zituen Sareren eta Etxeraten deialdiak. Ondarretako hondartza bainulariez beteta zegoenez, “euskal presoak etxera” oihuek eta aldarriak hondartzan eta inguruan zeudenen arreta piztu zuten; izan zen auziaren inguruan galdetzera hurbildu zen turistarik ere.

Ondarretan “Behin betiko. Bakea, konponbidea, elkarbizitza” olana zabaldu zuten eguerdia iristerako, eta hamarnaka protestarik itsasertza hartu zuten «etxera» adierazten zuen pankartaz. Hondartzaren goialdean, Antiguako tunel parean ere elkartu ziren hainbat lagun, «azken txanpa» dela eta lanean jarraitu behar dela azaltzeko. Sareko Beñat Uribe-Etxeberria eta Etxerateko Gorka Garcia arduratu ziren adierazpenak egiteaz.

Donostian mobilizatzeaz gain, Deban, Orion, Bakion Ean, Lagan, Laidan, Lekeition, Mundakan, Muskiz-Zierbenan eta Ondarroan elkartu ziren euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzea exijitzeko.

Helburu bakarra dutela gogoratu zuten: «Behin betiko sufrimenduarekin amaitzea, behin betiko konponbidea lortzea, behin betiko bakea eskuratzea eta, noski, behin betiko elkarbizitza agertokietara jauzi egitea». Amaierei erreferentzia egiteko «azken txanpa» esamoldea erabiltzen dela azaldu zuten bozeramaileek, baina azken txanpa horiek «benetan gogorrak eta luzeak» izan daitezkeela aitortu zuten.

«SUFRIMENDUAREKIN AMAITU»

«Benetan gogorra izaten ari da, ETAk bere jarduera eten zuela 15 urte beteko direnean datorren urtean, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzearen azken fase hau», esan zuen Sareko kideak.

Adierazi zuten egun 60 direla beraien zigorrak erregimen irekian betetzen ari diren presoak. Egindako lanak fruituak ematen dituen adierazlea dela hori nabarmendu zuten. Baina gaineratu zuten oraindik bidea luzea dela: «ugari dira oraindik egia jakiteko, errekonozituak izateko eta erreparatuak izateko falta diren biolentzia ezberdinen biktimak». Eta horiekin batera erdigunera ekarri nahi izan zituzten urte luzetan erbestean egotera behartuak izan diren iheslari zein deportatuak.

Etxeraten eta Sareren ustez azken txanpak azken bultzada behar du, ondorio guztiekin amaitu eta konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren izenean urratsak egiteko. «Sufrimendua oraindik egon badagoelako, ezinbesteko da euskal herritarren gehiengoaren babesa etxeratzearen alde mantentzea», dei egin zioten euskal jendarteari.

Horregatik, beste urtebetez mobilizatzen jarraituko dutela esan zuten, «azken txanparekin amaitzea guztion artean lortuko dugu eta». Abuztuaren 16an mobilizazioa egingo dute, Donostiako Aste Nagusiaren barruan.