Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Flaco

Mariachiak, rancherak, Jose Alfredo Jimenez, etab... Nork ez du kantatu inoiz El Rey, ozentasun lotsagabez, dena esan behar bada, eta tenore posturak egiten? Hemen tekila ia edaten ez zen garaietan ere, bazuen musika mexikarrak itzal aipagarririk: ohorea, traizioa, mendekua, desamodioa... Mexiko filma zaharkitu baten zuri-beltzezko dekoratua zen guretzat. Beste herrialde batez hitz egiten zuten korridoek. Genero herrikoi eta iraultzaileak piztualdi bat izan zuen 60 eta 70eko hamarkada urgenteetan. «Voy a cantar el corrido...», zioen Victor Jarak. Ondoren agertu zen Flaco Jimenez, hara nondik, eta Ibai Handiaren bestaldetik, eta beste Mexiko baten berri eman zigun; mugako herri langile hori, kontrabandista sena zuena, non musika, festarekin eta dantzarekin batera, komunitate izaeraren elementu nagusia zen. Eta gainera trikitiarekin! Ondorengoa historia da: texmex musika ezinbesteko elementu bihurtu zen 80 eta 90eko hamarkadetako gure festa herrikoietan. Halako arrakastaz, napar-mex izeneko azpigenero bat ere asmatu zutela, nolabait, Gavilan eta enparauen inspirazio lotsagabearen gorazarre. Pentsatzen jarrita, ez dakit Flacoren heriotza telebistan aipatu duten asteburuan, etenik gabe agertu diren Estatu Batuetako euskaldunak Trump zaleak diren ala ez asmatu nahian eman dut denbora.