Bultza dezagun taupada berria
Belaunaldi bakoitzak bere unea du, eta gurea iritsi da. Ez da lelo hutsa, ezta metafora poetiko bat ere. Sentitzen dugu: kaleetan, plazetan... Zerbaitek bihotza astintzen digu, zerbaitek esaten digu: prest gaude. Eta argi diogu: ez gara ikusle. Guk idatziko dugu orrialde berri hau.
Ez gara hutsetik abiatu. Aurretik etorri zirenek askapen bidea urratu zuten, lurra iratzarri zuten. Guri dagokigu aurrera egitea: ez sinbolikoki bakarrik, baizik eta estrategikoki, konpromisotik eta bizitzatik abiatuta. Gure herriak ez du etorkizunik zapalkuntzapean. Eta horren aurrean geure buruak subjektu aktibo gisa kokatzea dagokigu.
Txiki eta Otaegiren taupadak gure bihotzean bizi dira oraindik. Ez dira irudi bakanak, ez dira iraganeko kontu itxiak. Haiek altxatutako duintasuna gure besoetan sentitzen dugu. Haien borroka gure bizkarrezurrean daramagu, gaurkoan. Gu gara ikurrina berriz kalera daramagunak; gu gara makurtuko ez garela diogunak.
Eta nork ahaztu dezake Berriozarko Topaguneko une hura? Milaka gazte, batera, ikurrina altxatzen, ahots eta taupada bakar batean. Momentu horretan ulertu genuen: ez gara orainaren fruitu bakarrak. Kate baten begiak gara, memoria aktibo bat, eta belaunaldi oso baten duintasunaren adierazle. Harrotasunez, begirada altxatuta.
Iraganari ez diogu nostalgiaz begiratzen. Gure historia ez da oroimen estatiko bat: tresna bizia da, etorkizunari heltzeko baliabidea. Askatasunaren aldeko borrokak mende erditik gorako historia du Euskal Herrian. Eta gaur, borroka horren hariari eutsi eta gure garaira egokitzea dagokigu. Ezin dugu gehiago onartu gure hizkuntza, gure eskubide sozialak eta gure lurraldea sistematikoki ukatuak izatea. Horregatik, eguneroko borrokak ideologikoki eta praktikoki elikatzea beharrezkoa da.
Gero eta ageriagoa da: herri honek ezin du etorkizunik eraiki zapalkuntzapean. Krisi ekologiko, autoritarismoaren gorakada eta pobretze orokortuak testuinguru latzean kokatzen gaituzte. Euskal Herria, estaturik gabeko nazioa izanik, ez dago salbu. Ez dugu tresnarik herri gisa erabakitzeko, ezta krisien aurrean babesteko ere. Baina badugu beste zerbait: borrokarako grina, kolektiboan antolatzeko gaitasuna eta alternatiba eraikitzeko determinazioa.
Askatasuna ez da aukera bat bakarrik. Beharra da. Eta, horregatik, borroka independentista indartzeko garaia da. Gurea da erabakitzeko garaia. Ametsak ditugu, bai, baina amets horiek ekintzara eramateko borondatea ere bai. Prest gaude, lehen lerroa hartzeko. Prest, taupadari indarra emateko. Prest, herria astintzeko. Ez da nahikoa esperoan geratzea. Ez da nahikoa begira egotea. Bultza egin behar dugu, ilusioz eta elkarrekin.
Euskal Herri askea ez da goitik etorriko. Herritik jaioko da. Eta, herritik sortzeko, gazteon indarra ezinbestekoa da. Gazte olatu independentista baten premia dugu, gure indar kolektiboaren adierazgarri eta gure ardura historikoaren isla.
Ez gara belaunaldi makal bat. Egungo egoerari aurre egiteko, beste fase batera pasatzeko, unea heldu da. Ez da iraultza erromantikoa: estrategia kontziente eta artikulatua da. Gaur egungo zapalkuntzekin apurtzeko determinazioa, eta bestelako Euskal Herri bat eraikitzeko asmo kolektiboa.
Horregatik, ez dugu itxaron behar. Irailaren 14an Donostiako kaleak hartuko ditugu. Ez oroimen hutsez, ez nostalgiaz. Egiazko konpromisoz egingo dugu, argi eta garbi esateko: hemen gaude, eta etorkizuna gure esku hartzera goaz. Ez dugu gehiago onartuko gure herriaren ukazioa.
Askatasun taupadak ez dira eten. Bihotzetik datorren indar horrek esaten digu: aurrera egiteko unea da. Eta bide hori ez da bakarka egingo. Elkarrekin, bidea zabalduta. Herria mugituz, besteek ere gurekin bidea egin dezaten.
Ekin eta bultza askatasunera. Horixe da gure deia. Ez da amaiera, ezta helburu hutsa ere: norabidea da, bizitzeko modu bat, belaunaldi oso baten hitza eta ekintza batuz sortzen den taupada. Euskal Herria bizirik dago, eta gazteon taupadak gero eta ozenago entzuten dira.
Irailaren 14a ez da egun arrunt bat izango. Egun horretan historia beste orrialde batez beteko da. Kalean herri bat ikusiko da: bizi, harro eta bere etorkizunaren jabe izan nahi duena. Gazteon taupadak entzun egingo dira.
Beraz, zatoz! Zatoz Donostiara zure ametsekin, zure aldarriarekin, zure banderarekin. Zatoz bihotza bero eta burua tente. Ez zaude bakarrik. Milaka izango gara. Ekin eta bultza askatasunera.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
