Imanol CARRILLO
ARRAUNA

Haize eta olaturik gabe, Orio eta Arraun Lagunak, fidagarrienak

Bi ontzi gipuzkoarrak garaile atera ziren Galiziako lehen jardunaldian, eta Liga gertuago dute. Eusko Label Ligan, Bermeok eta Hondarribiak denbora bera markatu zuten, laugarren postua konpartituz.

Orioko arraunlariak, aurreko estropada batean garaipen bat ospatzen.
Orioko arraunlariak, aurreko estropada batean garaipen bat ospatzen. (Oskar MATXIN | FOKU)

Haizerik eta olaturik ez zegoen Pobra do Caramiñaleko estropada eremuak indarra eta burua inoiz baino gehiago eskatzen zituen arraun egiteko. Eta bertan, Orio, Eusko Label Ligan, eta Arraun Lagunak, Euskotren Ligan, inor baino hotzagoak eta fidagarriagoak izan ziren Galizian jokatu zuten lehen jardunaldian.

Erloju suitzarrak zehaztasun handiarekin funtzionatzen duten tramankuluak dira. Oriok zehaztasun handiarekin egin zuen arraun, denboraldiko zortzigarren bandera eskuratu eta Liga gertuago uzteko.

37 paladatan aritu ziren arraunean Orioko kirolariak momentu askotan. Atzetik, Zierbenak gerturatzeko ahalegina egin zuen estropada osoan zehar, gehienbat laugarren eta bosgarren ziaboga artean. Baina Gorka Aranberri Orioko patroiak ez zien denborarik jaten utzi eta, segundo askoko aldearekin izan ez bazen ere, beste bandera bat astindu ahal izan zuen Galiziako uretan.

Donostiarra atzerago geratu zen, baina azken luzean oso gertu izan zuen Hondarribia. Bi traineruek oso azken metro politak egin zituzten, eta emaitza hortxe dago: Donostiarra hirugarren izan zen eta bi segundoko aldea atera zien berdeei. Hori bai, “Ama Guadalupekoa” ontziak bigarren txandako Bermeoren denbora kalkatu zuen, inoiz ikusi ez dena. Epaileek laugarren postua eman zieten biei eta puntuak konpartitu behar izan zituzten.

Argi ikusi zen bigarren txandan Bermeok bandera nahi zuela. Hala entzun zen, behintzat, Iñigo Larrinaga patroia, bere arraunlariei oihukatzen ziela. Bizkaitarrek oso estropada ona egin zuten, baina lan asko eginda Getariari 12 segundo ateratzeko.

Getariako entrenatzaile Jon Larrañaga oso kritiko agertu zen Eusko Label Ligako antolatzaileekin. «Etsia hartuta» agertu zen; izan ere, «astearte, asteazken edo ostegunean jakin genuen non jokatzen zen estropada». Zentzu honetan, azpimarratu zuen «arraunlariok gero eta gutxiago inporta dugula». Gauzak hala, Getariak oso estropada txukuna egin zuen eta Bermeo bere onena ematera behartu zuen.

Bestalde, San Juan hauen itzala jarraitzen saiatu zen, baina bigarren luzean galdu zituen aukera guztiak. Lekittarrak ere denbora asko galdu zuen eta lehen txandako Ondarroaren atzetik sailkatu zen.

Estropadari hasiera eman zion txandan, Ondarroa oso fin aritu zen eta egurra eman zien aurkariei. Kaikuk ere lan txukuna biribildu zuen sailkapen nagusian Cabo gehiago urruntzeko eta Aresen postura gehiago gerturatzeko.

ARRAUN LAGUNAK, BIDERATUTA

Bost estropaden faltan, Arraun Lagunak-ek kolpe handia eman zuen mahai gainean. Denboraldiko bederatzigarren bandera astindu zuen eta orain arte bigarren zen Oriori beste bi puntu atera zizkion, Tolosaldea bien artean sailkatu baitzen atzoko lehian.

Beheko putzutik ateratzeko lehian daudenen artean, Donostiarrak pauso handia eman zuen. “Bantxa” ontzia ederki nagusitu zen beste hiruren artean, eta aurkari zuzenena zen Hondarribiari hiru puntuko aldea atera zion. Geroxeago ohorezko txandan ikusiko zen bezala, estropadako lehenengo lauren artean sailkatzeko oso gertu egon zen. Hibaika seigarren izan zen eta atzetik Astillero sailkatu zen, soilik 20 ehuneneko aldeagatik Hondarribia azken postura bidaliz.