Ikusle guztientzat ez diren nortasuna eta ausardia

T elesailen eskaintzak gainezka egiten duen garaiotan, guztien artean nabarmentzeko, nortasuna izatea da gakoa, ausarta izatea. Kontatzen dena, noski, garrantzitsua da, baina are gehiago nola kontatzen den, alegia, erabiltzen den hizkuntza zinematografikoa. “Superestar” gehiago ala gutxiago gustatu dakioke ikusleari, baina zenbat eskertzen den Vigalondok txertatu dion nortasuna, ausardia eta originaltasuna. Surrealista eta esperpentikoa da, baina ideia bisual bikainez josita dago.
“Superestar” serieak Yurena abeslari santurtziarraren hasiera artistikoak ditu ardatz. Gerora Tamara izena hartu zuen, eta «No cambié» abestia zein “Superestar” albuma plazaratu zituen. 2000ko hamarkadaren hasieran pertsona ezaguna bihurtu zen Estatu espainolean; alor musikalagatik bai, baina batez ere prentsa arrosaren munduan izan zuen presentziagatik.
Uste zenaren kontrara, “Superestar” ez da telezaborrari egindako kritika ezta biopic tradizional bat ere. Sei ataletako bakoitza Tamarismoa-ren mundua deritzon horretan parte hartu zuen pertsonaia xelebre horietako bakoitzari eskainita dago, haien izaeran eta egindakoen arrazoietan sakontzeko.
Aipatu dudan ausardia horretan zuzendariak zinemako eta literaturako erreferentziez josita dauden era guztietako proposamen bisualak eta narratiboak jaurtitzen ditu.
Bestalde, zalantzak sortzen dira telesailaren benetako helburua zein den ulertzeko, hau da, zer kontatu nahi duen zehazki jakiteko. Bisualki gozagarria eta ikusgarria bada ere, norabide falta horrek zaildu egiten du pertsonaiekin enpatia sentitzea. Arrisku formaletatik harago, narratiboki koherentzia handiagoa falta zaio telesailari.
“Superestar” gozamen hutsa da, baina ez da ikusle guztientzako telesail bat. Maitatu edo gorrotatu egingo duzue.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
