EH Bildu: Txiki eta Otaegiz Alonsok esandakoak «frankismoa zuritzen du»
«Gogoeta sakona» eskatu zion atzo koalizio subiranistak Gogora Institutuari, Alberto Alonso zuzendariak Txiki eta Otaegiri buruz eginiko adierazpenen ondoren. Izan ere, «erresistentzia antifrankista kriminalizatu» egiten duela azaldu zuen, eta horrekin, «faxismoa eta frankismoa zuritu» egiten dela.

Hautsak harrotu zituen Alberto Alonso Gogora Institutuko zuzendariak Jon Paredes Manot, Txiki, eta Angel Otaegiri buruz asteazkenean esandakoak. Fusilatu zituztenetik 50 urte bete behar direnean, bi euskal herritar horiek «ez zuten askatasunaren alde egiten, beraiena inposatzeko baizik», esan zuen Alonsok, eta ondorioz, onartezintzat jo zuen urtemugaren harira omenaldia jasotzea. EH Bilduk erantzuna eman zion atzo: «Oso larriak eta kezkagarriak dira adierazpen horiek».
«Izan ere, parekatu egiten ditu frankismoa eta antifrankismoa, faxismoa eta antifaxismoa. Modu horretara, deslegitimatu eta kriminalizatu egiten du erresistentzia antifrankista. Eta horren guztiaren ondorioz, zuritu egiten ditu faxismoa eta frankismoa -ondorioztatu du ezkerreko indar independentistak-. Erabilitako errelatoa estatu kolpe faxistari eta horren ondorengo gerrari buruz hitz egiterakoan Espainiako eskuinak eta ultraeskuinak erabilitakoaren berdina da», erantsi zuen.
Horrekin batera, Alonsok adierazitakoa «iraingarria eta oso mingarria da Txiki eta Otaegiren memoriarentzat, Txiki eta Otaegiren familientzat eta, hedaduraz, Euskal Herrian frankismoaren biktima izan diren milaka herritarrentzat eta haien inguruarentzat», ekarri zuen gogora EH Bilduk atzo hedabideei helarazitako oharrean.
«EH Bilduk gogoratu nahi du Estatu faxista bat izan zela Txiki eta Otaegi hil zituena. Txiki eta Otaegi fusilatu aurreko egunetan Euskal Herrian hiru greba orokor izan ziren. Baina mugimendu eta mobilizazio horiek ez ziren egon gure herrian bakarrik; nazioartean mobilizazioak eta heriotza horiek ez gertatzeko ahalegin ezberdinak izan ziren. Europa eta mundu osoan mobilizazioak izan ziren», oroitarazi zuen. Eta adibidetzat jarri zuen Olof Palme Suediako presidentea eta Europako sozialdemokraziaren erreferente nagusia Txiki eta Otaegiren alde eta fusilatu zituztenen aurka azaldu zela. Edota Mexikok Espainiako Estatua Nazio Batuen Erakundetik ateratzeko eskatu zuela.
GOGOETARAKO DEIA
Gauzak honela, EH Bilduk «gogoeta sakona egiteko» eskatu zion Gogora Institutuko zuzendariari, «egindako adierazpenak ez datozelako bat daukan ardura politikoarekin». Halaber, errelato hori alboratzeko eta gehiago ez erabiltzeko eskatu zion Alberto Alonsori, «iraingarria eta mingarria delako Euskal Herrian dauden frankismoaren biktimentzat eta egiaren aurka egiten duelako».

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
