Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
FURIA

Bost emakume, bost amorru eztanda

B ost emakumek osatzen dute “Furia” telesailaren bizkarrezurra: Marga (Carmen Machi), artista esnob eta bitxia; Vera (Pilar Castro), sukaldaria eta Margaren laguna; Nat (Candela Peña), moda-denda bateko saltzailea; Adela (Nathalie Poza), bere amarekin batera etxegabetua izateko arriskuan dagoen emakumea; eta Victoria (Cecilia Roth), 70eko hamarkadako zinema erotikoan ospetsua izan zen aktorea. Protagonista nagusien erregai emozional gisa, beste pertsonaia batzuk ere agertuko dira.

Bostak meditazio talde batean elkartu eta laster askatzen dute barruan daramatena. Muturreko egoeren aurrean, edozertarako prest agertuko dira. Pertsonaia horietako bakoitzari kapitulu bat eskaintzen zaio, eta istorio bakoitza amorru eztanda gogoangarri batekin amaitzen da. Narrazio guztiak gurutzatu eta elkartzen dira. Mendeku istorio labur horien egiturak “Relatos salvajes” (2014) film argentinarra ekarri dit gogora.

Pertsonaia horiek dira telesailaren oinarria, eta haietatik jaiotzen diren egoerak bortitzak dira, baina, aldi berean, oso dibertigarriak. Umore beltzaren zaleak garenontzat karamelu bat da “Furia”. Leherketa une horietan eta musika eta irudien arteko konbinazio bereziari esker, exploitation filmen esentzia arnasten da (Tarantino, “Kill Bill”...).

Kolore biziek, angeluhandiekin grabatutako planoek eta, oro har, ukitu barrokoa duen eszenaratzeak nortasun handiz aberasten dute Felix Sabrosok sortutako unibertso berezia. Aitor Etxebarriaren soinu banda bikainak -”Dexter” telesailaren ukituak dituena- irudiak sotilki zipriztintzen ditu, eta Carlos Cebrianen argazkilaritza lan boteretsuak ukitu oso berezia eransten dio narrazioari.

Estatu espainolean (oraingoz) aurten estreinatu duten telesailik indartsuena da “Furia” hau.