Uliako uretan tona bat arrain legez kanpo bota izana salatu du Eguzki taldeak
Eguzki talde ekologistak ohar batean jakinarazi duenez, abuztuaren 14an ontzi batek tona bat boga edo boba bota zuen uretara Monpasetik hurbil, Donostian. Salaketa jarri du Ingurumen Fiskaltzan.
Arrantza bazterkin honen egileak identifikatzeko eta erantzukizunak zehazteko eskatu du Eguzkik. «Izan ere, egindakoa baliabide naturalen eta ingurumenaren aurkako ustezko delitua izan daiteke, Zigor Kodearen 325. artikuluan tipifikatuta dagoena, eta, subsidiarioki, faunaren aurkako delitu bat, 335. artikuluan tipifikatuta», adierazi du.
Oharrean gogora ekarri duenez, «2019ko urtarrilaren 1etik indarrean dago arrantzan harrapatutako guztia lehorreratzeko agindua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1380/2013 (EB) Erregelamenduak aurreikusitakoaren arabera».
Nabarmendu du hamaika izan daitezkeela arrain bat arrantzatu ondoren berriz ere uretaratzeko arrazoiak, «baina argi dago praktika honek arrantza baliabideak eta ekosistemak kaltetzen dituela».
Hala ere, araudiak salbuespenak eta malgutasunak aurreikustearen ondorioz, legezko arrantza bazterkinek ohikoak izaten jarraitzen dute. «Gure ustez, salbuespen eta malgutasun horietako bat bera ere ezin zaio Monpaseko deskarteari aplikatu. Deskarte horrek, aipatutako EBko Erregelamendua ez ezik, Estatuko Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 26ko 3/2001 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legea ere urratzen baititu», argudiatu du Eguzki talde ekologistak.

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
