Nora UNANUE
FUTBOLA

Athleticek eta Osasunak irailaren 4an jokatuko dute EH Txapelaren finala

Denboraldiaurrean jokatu ohi den final hau aurten ligako lehen geldialdian jokatuko dute, taldeen plangintza arrazoiak direla medio. Iazko finala errepikatuko da: Athleticek eta Osasunak berriz elkar ikusiko dute, Lasesarren, irailaren 4an, 20.00etan.

Euskal Herriko Txapelaren IX. edizioaen aurkezpena, Barakaldoko Lasesarre zelaian.
Euskal Herriko Txapelaren IX. edizioaen aurkezpena, Barakaldoko Lasesarre zelaian. (Jon URBE | FOKU)

Iritsi da urteroko hitzordua. Euskal Herriko Txapelaren IX. edizioa aurkeztu zuten atzo. Ohi baino beranduago jokatuko den norgehiagoka honetan Athletic eta Osasuna lehiatuko dira berriro, Barakaldoko Lasesarre zelaian, irailaren 4an osteguna, 20.00etan.

Urtean zehar jokatutako derbietan puntu gehien eskuratzen dituzten bi taldeek izaten dute neurketa hau jokatzeko aukera.

Aurten iazko finala errepikatuko da. Athleticek titulua defendatuko du 12 puntu eskuratu ostean derbietan, eta Osasuna izango du aurkaria, bederatzi punturekin (Alavesekin berdinduta, baina golen aldea Osasunarentzat izaki).

Aurtengo edizioa Osasunaren seigarren finala izango da, Euskal Herriko final handi hau gehien jokatuko duen taldea bilakaturik eta txapela bitan eskuratuz. Athleticek, berriz, hiru txapela ditu.

Neurketa hau desberdina izango da, ez soilik irailean jokatuko delako, partidara taldeak erritmo eta sasoi biziagoan iritsiko direlako baizik, jadanik denboraldiaurrea amaitutzat emanda eta ligako lehen hiru jardunaldiak jokatuta. Zuri-gorriek zapore garratzarekin amaitu zuten denboraldiaurrea, emaitza txarrez eta joko eskasarekin ilunduta. Hala ere, aurten lau lehiaketetan parte hartuko dute eta, hamarkada baten ostean, Txapeldunen Ligara itzultzearekin lehoiek ilusioz betetako denboraldia dute aurrean.

Larunbatean ligako lehen jardunaldian jokatutako Sevillaren aurkako garaipenak (3-2) zapore gozoa utzi zien zaleei. Gorritxoak, berriz, sentsazio onak utzi zituzten lagunarteko partidetan, erronka handiei aurre egin diezaiokeen taldea dela erakutsiz.

Atzo gauean estreinatu ziren ligan Real Madrilen aurkako exijentzia handiko neurketan.

Euskal Herria Kirolaren balioak irudikatzen dituzten kirolariak omendu ohi dituzte txapelketako finalean.

Ekitaldian, Mikel Garcia, Markel Susaeta, aurtengo omenduak eta Jose Angel Iribar izan ziren.

Emakumezkoen finalean, igande honetan, abuztuaren 24an, Eibarrek eta Realak jardungo dute nor baino nor, Guardian, 12.00etan (ETB1). Mikel Garciak, ohorezko sakea egiteaz gain, irabazleei txapela jarriko die, inklusioa sustatzeko asmoz.