Euskaraz ez dakiten Osakidetzako langileentzako itzultzailea abian da
Osakidetzak martxan jarritako itzultzaile neuronalak modu erraz eta azkarrean itzultzen du gaztelaniara pazienteen historia klinikoan euskaraz jasotako informazioa. Horrela, euskaraz ez dakiten profesionalek informazio hori eskuratzeko tresna bat izango dute.

Lakuako Osasun Sailak eta Osakidetzak Itzulbide tresna jarri dute abian, testu klinikoen itzultzaile neuronala. Baliabide horrek euskaraz ez dakiten osasun-langileei lana errazten die kontsulta medikoak euskaraz egiten direnean, eta aukera ematen die profesionalei informazioa pazientearen historia klinikoan euskaraz sartzeko, «itzulpenean edo interpretazioan egon daitezkeen akatsengatik jarraitutasun asistentziala baldintzatu gabe».
Lakuak nabarmendu du Itzulbidek Osasun Itunean jasotako helburuari erantzuten diola; hau da, «paziente eta profesionalen hizkuntza-eskubideak bermatzeari», bai eta Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planari (2022-2028) ere, zeinak bere helburuen artean jasotzen baitu profesionalek aplikazio korporatiboetan euskaraz lan egin ahal izatea, esate baterako, historia klinikoan.
Praktikan, Itzulbidek profesional bat pazientearen historia klinikora sartzen denean, eta bertan beste profesional batek euskaraz idatzitako informazioa jasota dagoenean, berehala gaztelaniara itzultzeko aukera ematen du.
«Era horretan, tresnak hainbat onura dakartza: alde batetik, kontsulta medikoak euskaraz egitea errazten du pazienteak aukeratutako hizkuntza bada -betiere arreta ematen dion profesionalak euskaraz badaki-, eta, bestetik, beste profesional batek informazio hori eskuratu nahi badu eta euskaraz ez badaki, testua erraz itzultzea ahalbidetzen du», dio Lakuak.
EUSKARAREN ERABILERAREN HAZKUNDE NATURALA
Osakidetzak gogorarazi duenez, gero eta eskari handiagoa dago historia klinikoa euskaraz idatzi ahal izateko, bai gizartearen, bai profesionalen aldetik.
Egiturazko plazetako langile aktiboen erdiak baino gehiago elebidunak dira, eta gauza bera gertatzen da EHUko osasun-graduen azken promozioan. Ondorioz, aipatutako bilakaera hori bizkortu egingo dela aurreikusten da.
«Horrek euskararen erabilera modu naturalean haztea dakar. Baina, praktikan, nahiz eta pazientearekiko harremana euskaraz izan, artatzen duten profesionalek gaztelaniaz transkribatzen dute ordenagailuan ematen ari diren asistentziaren edukia. Izan ere, beldur dira informazio hori behar duen beste profesional batek ez ote duen ulertuko eta arriskuan jarriko ote den arretaren segurtasuna», azaldu du.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
