Murrizketen errezeta zaharrari konfiantza?
Aurrekontua aurrera ateratzeko maniobra arriskutsua iragarri zuen herenegun Gobernu frantseseko buru François Bayrouk, konfiantza-galde bat aurkezturik. Defizit handiari aurre egiteko iragarri zituen neurriek jendartean eragin duten ezinegona dela-eta irailaren 10erako deituta dagoen geldialdia baino bi egun lehenago izanen da bozketa. Duela zortzi hilabete ordeztu zuen Bayrouk aurreko lehen ministro Michel Barnier, karguan hiru hilabete baizik ez zituela zentsura-mozio baten ondorioz joan zena, eta konfiantza-mozio baten ondorioz, nekez beteko ditu oraingoak bederatzi hilabete Gobernuaren buru.
Krisi honek ez du inor harritzen, Estatu frantseseko presidente Emmanuel Macronek hauteskundeen emaitzen arabera jokatzeari uko egin zionetik bederen. Europako hauteskundeetan bere alderdiak izan zituen emaitza kaskarrak ikusirik, Asanblearako hauteskundeetara deitu zuen, berak esan zuenez eskuin muturrari bidea hesteko, baina egiaz ezker zatituari esker Gobernua eskuratzeko. Ezkerra, bat eginik, bozkatuena izan zen eta Macronek, Gobernuaren buruan ezkerreko lehen ministro bat ez ikustearren, eskuin muturra hauspotzearen alde egin zuen. Orain, konfiantza-galdea pauso arriskutsua du Bayrouk, eta burtsaren galerak hala adierazi du. Izan ere, ezkerrak onartezinak ditu hark aurkeztu zituen arlo publikoko murrizketa ikaragarriak osasungintzan, pentsioetan, lanpostu publikoetan eta, nola ez, kulturan. Ongi dakite hori Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan jadaneko, horren ondorio baita Euskal Kultur Erakundeak jasanen duen 30.000 euroko murrizketa. LFI Frantzia Intsumisoak, Komunistek eta Ekologistek argi esan zuten kontra bozkatuko dutela, baita, zalantzaren bat edo besteren ondoren, Alderdi Sozialistak ere. RN Batasun Nazionalak ere, litezkeen hauteskunde berriei begira segurki, aurkako boza iragarri du; alta, Le Penen alderdiarentzat Bayrouren neurrien hutsune larriena «immigrazioaren kostua aintzat ez hartzea» da.
Batek baino gehiagok atzeman du Eliseoan dela egoera horren arduradun nagusia, Errepublikaren izenean herritarren interesak eta bereak nahasten dituen presidentea, hain justu.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
