GARA
IRUÑEA

Nafarroan Suhiltzaileen Baso Taldea behingoz sortzeko eskatu du EH Bilduk

Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak atsekabea adierazi zuen atzo Nafarroako Gobernuak ez duelako Suhiltzaileen Baso Taldea ezarri, eta «ahalik eta azkarren» gauzatzeko eskatu zion. Gogorarazi zuen 2022an Exekutiboak LAB eta UGT sindikatuekin akordioa sinatu zuela, eta bertan adierazten zela «Nafarroako Gobernuak, arriskuak murriztera eta larrialdiak prebenitzera bideratutako jarduerak sustatzeko konpromiso irmoan, konpromisoa hartzen duela 2023ko urtarrilean Basogintzako Talde Teknikoaren beharra aztertuko duen diziplina ani- tzeko lan talde bat osatzeko».

Akordioa gehiengo sindikalarekin sinatu ondoren, eratutako lantaldeak 2024ko maiatzean amaitu zituen lanak, Nafarroako Suhiltzaileen Baso Taldearen Dokumentu Arautzailea prestatzearekin. «Hala ere, zoritxarrez, baso-talde espezializatua oraindik ez da errealitate bat», deitoratu zuen ordezkari abertzaleak.

Haren ustez, «prebentzioan eta baso-itzaltzean egiten diren esku-hartzeak gero eta espezifikoagoak eta konplexuagoak dira, eta Suhiltzaileen Zerbitzuaren espezializazioa beharrezkoa da planteatzen diren behar berriei modu eraginkorrean erantzuteko». Defendatu zuen «helikopteroz garraiatutako brigaden profesionalizazioan eta espezializazioan pauso bat harago emateko unea dela, gizarteak eska- tzen dituen beharrak aseko dituzten kaboz eta suhiltzailez osatutako unitatea bihurtuz».