Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
HEIDI, KATAMOTZAREN ERRESKATEA

Abentura xumea, mezu garrantzitsua

Heidiren irudiak mende bat baino gehiago darama imajinario kolektiboaren parte izaten. Alpeetako neskatoak xalotasuna, bizitza xumea eta naturarekiko lotura sinbolizatu ditu. Euskaraz ikusgai dagoen film berri honen premisa sinplea da: Heidik basoan tranpa batek harrapatutako katamotz bat erreskatatzen du. Ekintza horrek pizten du narrazio nagusiaren motorra eta, haurrentzako ipuin baten egitura klasikotik aldendu gabe, filmak animaliak babestearen eta ingurumena zaintzearen garrantzia azpimarratzen du.

Animazio-lana txukuna da, bereziki Alpeetako paisaiak irudikatzerakoan. Pertsonaien diseinuarekin, ordea, ez da gauza bera gertatzen: zertxobait zakarra da, eta horrek naturaltasuna kentzen die; diseinua, gainera, oso generikoa eta nortasun gutxikoa da. Alor teknikoak onerako harritu nau, baina gaur egun estreinatzen diren animaziozko beste lanekin alderatuta, maila bat beherago kokatzen da.

Narrazioa xamurra eta txikienentzat eskuragarria da, baina zenbait unetan laua. Plazaratu nahi den mezua argia da, baina sakontasuna falta zaio. Mezua behin eta berriz errepikatzeak ñabardura gutxi uzten dizkio kontakizunari.

Hala ere, istorioak badu bere xarma: nostalgiara jotzen du, baina ez da beharrezkoa aurretik egindako obrak ezagutzea filmaz gozatzeko. Helburu nagusietako bat Heidiren ondare klasikoa eta haren balioak belaunaldi berriei hurbiltzea da, eta horretan koherentea da; proposamen zintzoa da, pertsonaiaren balio historikoekin bat datorrena.

Berrikuntza handirik eskaintzen ez duen arren, proposamen arin eta entretenigarria da, eta bere helburu hezitzailea modu egokian betetzen du.