Haritz LARRAÑAGA
KIROLA

Olatu handiak eta ikuskizuna Europako QS itzuliko hirugarren txapelketan

Anat Lelior israeldarrak eta Guilherme Ribeiro portugaldarrak irabazi zuten Pantin Classic Galicia Pro txapelketa. Annette Gonzalez Etxabarrik lidergoa galdu du QS rankingean. Datozen orduetan munduko Final Handia jokatuko da Fijin.

Oholtzan, Pantingo zortzi finalistak.
Oholtzan, Pantingo zortzi finalistak. (WSL)

Olatu oso handiak eta baldintza zailak izan ziren Galiziako Pantin hondartzan, Europako QS zirkuituko hirugarren txapelketan. Lau egunez olatu handi eta narrasekin lehiatu ostean, abuztuaren 30ean amaitu zen Pantin Classic Galicia Pro txapelketa. Anat Lelior eta Guilherme Ribeiro nagusitu ziren.

Gauzak horrela, israeldarrak nagusitu dira Europako QS rankingean; izan ere, nesken kategorian Anat Lelior israeldarrak txapela irabazi eta rankingeko lidergoa eskuratu zuen, ordura arte buru zen Annette Gonzalez Etxabarri zumaiarra bigarren postura bidaliz. Mutilen kategorian ostera, Ribeiro portugaldarraren atzetik geratu zen Ido Hagag israeldarra bigarren postura igo da QS rankingean.

Orain eten bat egingo dute lehiakide europarrek, eta 2026ko udaberrian berrekingo diote lehiaketari, QS zirkuitua amaitu eta CS mailara nortzuk igoko diren erabakitzeko. Kontuan hartu behar da QS zirkuitua udaberrian abiatzen dela eta hurrengo urteko udaberrian amaitzen dela. Rankingeko lehen 4 neska eta 7 mutilak CS mailara igoko dira.

Bitartean, lehen mailako CT zirkuitua datozen orduetan amaituko da, irakurleak lerro hauek irakurtzen dituenerako jada Final Handia egina ez bada; izan ere, Fiji eta Euskal Herriaren artean 10 orduko aldea dago. Horrela, Fijin eguerdia denean, gurean goizeko ordu biak dira. Komeni da hau kontuan izatea, pasa den gauean txapelketa egin ez badute zuzenean ikusteko aukera baitago WSLren webgunean.

Olatu oso handiak eta surf egiteko baldintza oso zailak izan ziren Galiziako txapelketan. Lehen lau egunetan hiru eta lau metro arteko olatuak izan ziren eta lehiakideek sufritu egin behar izan zuten urautsira iritsi eta olatu onak aukeratzeko. Txandak ordu erdikoak izan arren, lehiakideek zailtasunak zituzten ganorazko bi olatu hartzeko eta, ondorioz, ezusteko ugari izan zen. Kasu askotan, lehiakide ezagunenen lekua orain arte inor gutxik ezagutzen zituen surflariek hartu zuten, batez ere mutilen kategorian.

Guztira, 112 mutil eta 48 neska lehiatu ziren. Txapelketa abuztuaren 26an hasi zen, baina itsasoak eta eguraldiak laguntzen ez zutenez, txanda gutxi batzuk egin ostean txapelketa eten zuten. Biharamunean, olatuak handiak ziren, baina baldintzak hobeak ziren eta zenbait txanda gehiago egin ahal izan zituzten. Horrela jarraitu zuten abuztuaren 30era arte, eta egun horretan itsasoak apur bat behera egin zuenez, falta ziren txanda guztiak egin eta txapelketa amaitzeko baliatu zuten egun osoa. Lehiakideek sekulako egurra jaso zuten, batez ere neskek, errondak amaitu ahala berriz ere itsasoratu behar baitzuten.

Aurtengo denboraldian Europan egin den QS mailako txapelketa garrantzitsuena zen Pantingoa, 4.000 puntukoa baitzen. Orain arte Frantzian eta Ingalaterran egindakoak 2.000 puntukoak ziren. Horrek esan nahi du 2.000 puntuko txapelketa bat irabazteak baino puntu gehiago ematen duela Pantinen finalera iristeak; izan ere, laugarren postuan geratzen denak 2.240 puntu irabazten ditu. Beste adibide bat: Pantinen finalerdietan kaleratu zituztenek 1.900 puntu jaso zituzten; alegia, ia 2.000 puntuko txapelketa irabazten duenak adina.

RIBEIRO ETA LELIOR

Lehen postua Guilherme Ribeiro portugaldarrak eskuratu zuen Pantinen, eta horri esker QS rankingeko lehen postuan jarri da. Bigarren postuan geratu zena, Ido Hagag israeldarra, ostera, hirugarren postuan kokatu da Europako rankingean. Pantinen hirugarren geratu zena, Tristan Guilbaud frantsesa, ordea, 9. postuan da, aurreko txapelketetan ez baitu emaitza onik izan. Eta laugarren postuan Frederico Morais geratu zen, Challenger Series mailan lehiatzen den portugaldarra.

Mutilen kategorian euskal surflarietako inor ez zen iritsi finalerdietara. Ikurrina ordezkatuz lehiatzen zirenak laugarren errondaren ostean desagertu ziren eta bandera espainola ordezkatzen zutenak soilik geratzen ziren. Hots, Hans Odriozola donostiarra eta Andy Criere hendaiarra final-laurdenetara iritsi ziren. Horiek izan ziren emaitza hoberenak eskuratu zituzten euskal herritarrak eta egun rankingean postu onenean direnak. Odriozola seigarren postuan da eta Criere, hamaikagarrenean. Rankingeko lehen ikurrina hamazazpigarren postuan ikusten da, Adur Amatriain zarauztarrarena.

Nesken kategorian, finalerdietako lehen txandan, hiru euskaldun zeuden, eta bigarren txandan, bakarra, lapurtar bat. Lehen txandan elkarren kontra lehiatu ziren Gonzalez Etxabarri ahizpak (Annette eta Janire), baita Ariane Ochoa bizkaitarra ere. Annettek bakarrik lortu zuen finalera iristea. Bigarren txandan zen Sarah Leiceagak ere ez zuen lortu finalerako pasea.

Anat Lelior israeldarra erraz nagusitu zen finalean. Bigarren postuan Maria Salgado portugaldarra geratu zen; hirugarren postuan, Annette Gonzalez Etxabarri gipuzkoarra eta laugarren postuan, Lucia Machado kanariarra.

Annettek Europako rankingeko lidergoa galdu du eta haren lekua Anat Leliorrek hartu du. Zumaiarra bigarren postura jaitsi da, baina ez da bakarra, hirugarren eta laugarren postuan ziren Janire Gonzalez Etxabarri eta Sarah Leiceagak ere behera egin baitute. Ariane Ochoa bilbotarrak, ordea, apur bat igotzea lortu du Pantingo txapelketaren ostean.

ANNETTE ETA JANIRE

Zumaiako bi ahizpak Challenger Series mailan lehiatzen ari dira, lehen mailara (CT) igo ahal izateko, Nadia Erostarbe zarauztarrarekin batera, baina hurrengo urteko denboraldian CS mailan postu bat ziurtatzeko bi aukera soilik dituzte: Aurtengo denboraldian postu on bat lortzea CS rankingean (oso zaila dena, maila izugarri handia baita), edo denboraldia Europako QS rankingeko lehen lau postuetan amaitzea.

Hurrengo udaberrira arte ez da gehiago QS mailako txapelketarik izango Europan; beraz, orain indar guztiak CS mailara bideratuko dituzte bi ahizpek. Hain zuzen, hurrengo proba Portugalen izango da, Ericeirako olatu indartsuetan, irailaren 29tik urriaren 5era egingo duten CS zirkuituko laugarren lehiaketan. Alta, badira beste zenbait txapelketa tartean kontuan hartzekoak, Zumaiako bi ahizpak oso gazteak baitira. Annettek 18 urte ditu eta Janirek, 20; hortaz, Europako Junior zirkuituan ere lehiatzen dira, eta datozen asteetan maila horretako bi txapelketa jokatuko dira Europan. Bata, irailaren 4tik 7ra, Irlanda mendebaldean, Bundoraneko olatuetan. Bestea Galizian, Razo hondartzan, irailaren 24tik 27ra.

Aitzitik, datozen orduetan urteko txapelketa garrantzitsuena egingo da Fijiko ezker olatu bikainetan; hots, CT mailako Final Handia. Nesken zein mutilen kategorian rankingeko lehen bost postuetan ziren surflariak 2025eko WSL munduko titulua irabazteko lehiatuko dira.