GARA
MUNDUKO WALLBALL TXAPELKETA

Lau urre eta hiru zilar ekarri ditu etxera Euskal Selekzioak

Euskal pilotariek final guztiak jokatu eta lau urre eta hiru zilar eskuratu dituzte. «Lorpen historikoa» izan dela esan dute pilotariek, parte hartze ofizialagatik zein emaitzengatik.

Euskal selekzioari Loiuko aireportuan eginiko ongietorria.
Euskal selekzioari Loiuko aireportuan eginiko ongietorria. (Endika PORTILLO | FOKU)

Urratsez urrats, Euskal Selekzioa nazioartean ikusgarritasuna lortzen ari da. Maiatzean Gernikako Jai Alai pilotalekuan nazioarteko txapelketan estreinatu ondoren, orain, Munduko Wallball Txapelketan lehiatu da Leeuwardenen (Herbehereak). Hori gutxi balitz bezala, zazpi domina lortu ditu: lau urre eta hiru zilar.

Hain zuzen, euskal pilotariek final guztiak jokatu dituzte eta «txapelketa historikotzat» hartu du Euskal Pilota Selekzioak. Banakako emakumezkoetan, banakako gizonezkoetan, binakako gizonezkoetan eta binakako mistoetan lortu dituzte urrezko dominak. Zilarrezkoak, berriz, banakako emakumezkoetan, banakako gizonezkoetan eta binakako emakumezkoetan.

Zazpi herrialde lehiatu dira Esku Pilotako Nazioarteko Konfederazioak antolatutako txapelketan: Euskal selekzioa, Argentina, Belgika, Erresuma Batua, Valentzia, Herbehereak eta Puerto Rico.

DERBI IKUSGARRIA

Banakako emakumezkoetan, euskal derbi ikusgarria izan zen: Miren Larrarte Olatz Arrizabalagaren kontra. Larrartek irabazi zuen lehen seta (16-21), Mirenek bigarrenean sekulako erakustaldia eman zuen (21-3) eta azken set erabakigarrian Arrizabalaga nagusitu zen (6-11).

Banakako gizonezkoen finalean ere euskal derbi bat izan zen, Mikel Beldarrain eta Egoitz Amantegiren artean. Beldarrainen lehen seta ia perfektua izan zen (21-10) eta bigarrena ere irabazi zuen (21-19).

Bikote mistoen finalean, Lur Ziarrusta eta Miren Larrarte Jurrit Osinga eta Marrit Zeinstra herbeheretarren aurka lehiatu ziren. Lehen set estu baten ostean (21-19), bigarrenean erakustaldia eman zuten (21-15) eta munduko txapeldun bilakatu ziren, lehen aldiz jokatzen zen espezialitatean.

Binakako emakumezkoetan, Miren Larrarte eta Olatz Arrizabalaga lehiatu ziren Marrit eta Hiske Zeinstra herbeheretarren aurka. Bi setak galduta (21-14 eta 21-12), zilarrezko domina lortu zuen bikoteak.

Azkenik, binakako gizonezkoetan, Lur Ziarrusta eta Mikel Beldarrain nagusitu ziren Luke Thompson eta Christian Blackaby britainiarren aurka (21-19 eta 21-12) irabazita.

HITZORDU GEHIAGO

Herbehereetako hitzordua alde batera utzi eta hurrengoa prestatzen dihardu jada Euskadiko Euskal Pilota Federazioak. Gaur bertan, 12.30etik aurrera, Abadiñon duen egoitzan aurkeztuko du Euskal Pilota Selekzioaren parte hartzea CIJB nazioarteko erakundeak antolatzen duen Europako Junior txapelketan.