Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

W. Benjamin

Uda partea pilatuak utzitako liburuei eta bestelako testuei heltzeko garaia ere izan ohi da. Zenituela ere gogoan ez zenuen liburu galduei edo hamaika paperen artean ustekabean agertutako idatzi galduei hautsa astintzeko aukera ona dela usteko duzu, oporren alferkeria pasatzeko. Eta irakurtzeari ekingo diozu. Burmuinari zure opor alferkeria izateko eskubidea ukatuko diozu, ordea.

Walter Benjamin idazle alemanak 1936an “Kontalaria” saiakera idatzi zuen. Bertan istorioak kontatzearen gainean gogoetatzen da; esaterako, istorioak kontatzeko ahalmena galtzearekin loturiko komunikazio ereduaz. Horren barruan ez dihardu soilik ipuinak edo bestelako kontakizunak ahoz kontatzeko ahalmenaren galeraz, baita lagunartean gertaerak, pasadizoak, esperientziak kontatzearen galeraz ere. “Ahoz aho transmititzen den esperientzia narratzaile guztiek erabili duten iturria da”. Gogoetarako hamaika ideia garatzen du saiakerak aurrera egin ahala. Istorioek, ipuinek edo gertaerek kontatzen duenari bere izatearen gaineko eta pertsonen arteko komunikazio ereduaz eta transmisioaz hausnarketak eragingo dizkiote.

Benjamin XX. mendeko pentsalari garrantzitsuenetakoa izan zen. Marxista zen eta naziengandik ihesi bere buruaz beste egin zuen. Kontalari aparta galdu genuen.