Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
APRIL

Begirada berezia eta nortasun indartsua

Georgia sakonean girotzen den “April” filmak emakumeen sexualitatea eta rola, moralitatea, genero indarkeria eta zapalkuntza patriarkala bezalako gaiak aztertzen ditu, Baina gai horiek guztiak Dea Kulumbegashvili zinemagilearen begirada bereziaren iragazkitik igarotzen dira, eta horrek emaitza guztiz berezia bihurtzen du. Ez da egunero horrelako proposamen ausart batekin topo egiten. Ikusle batzuek arbuiatu egingo dute filma, beste batzuei, aldiz, liluragarria irudituko zaie.

“April” Kulumbegashvili-en bigarren film luzea da, eta berriz ere beldurrik gabe egiten du sakonera bidaia. “Dasatskisi” (‘‘Beginning’’) aurreko filmean bezala, Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zuena, hemen ere nortasun handiko proposamen indartsua dakarkigu.

Nina da narrazioaren ardatza, Ia Sukhitashvili boteretsuak antzeztua. Georgiako landa eremuko herrixka batean legez kanpoko abortuak egiten dituen obstetra da, eta jaioberri baten heriotzak sistema oso baten begirada zorrotza eta zigortzailea jarriko du bere gainean. Une horretatik aurrera, bere etika profesionala eta bizitza pertsonala biluzik geratuko dira gizarte patriarkal eta murriztaile baten aurrean.

Eszenaratzeak giro errealista eta onirikoa nahasten ditu. Plano finko luzeek, mitxoleta gorrien zelaiek, zeru kezkagarriek eta xuxurlatuko soinuek gorputzean eta izpirituan durundi egiten dute. Esperientzia hipnotikoa da: analisi intelektuala alde batera utzi eta pelikularen unibertso sentsorialean bete-betean murgiltzea ezinbestekoa da.

Film zaila eta zorrotza da, baina oso boteretsua. Bere estilo soilak, irudi indartsuak eta protagonistaren lanak axolagabe uzten ez duen esperientzia zinematografiko bihurtzen dute Kulumbegashviliren lana.