Iker GURRUTXAGA
IKUSKIZUNA ILLUNBEN

ZETAK-en «Mitoaroa II», mugaz gaindiko ikuskizuna

Asteburu osoko esperientzia moduan hartuta ere, kostako litzaiguke «Mitoaroa II» ikuskizunean gertatzen den guztiaz jabetzea. XV. eta XVI. mendeko plaza bilakatu da Donostiako Illunbe. Dena zalantzan jartzea aldarrikatzen du ZETAKek, eta bere burua ere zalantzan jarri du, nahiko autokritikoa den ikuskizunean. Hirutik bi eginda, gaur azkena.

Makil dantza egin zuten dantzariek Pello Reparazen inguruan Illunbeko ikuskizunean.
Makil dantza egin zuten dantzariek Pello Reparazen inguruan Illunbeko ikuskizunean. (Jon URBE | FOKU)

Goizaldeko 1.00etan bukatu zen ostiraleko ‘‘Mitoaroa II’’ saioaren emanaldia. Hala, gaur arte ezin izan dugu GARAra kronika ekarri. Beraz, hau ostiralean gertatu zen. Dena dela, asteburu guztirako eskaintza bera izango zela aurreratu zuen ZETAKek. Kontzertu atarian, eguraldia lagun, Marabiyak Soundekoak bertaratuei euskarazko musikarekin itxaronaldia arindu zien, jendea dantzara gonbidatuz. Goiztiarrenak ateak ireki orduko sartu ziren plazara, eta atea gurutzatu orduko iritsi zitzaien lehen sorpresa: musika entzuteko kaskoak eskura. Hor, Illunbeko akustikak sortzen dituen buruhauste guztiei erantzuna. Lau pantaila erraldoi, gora eta behera ibili zitekeen plataforma bat eta metro koadro dezente zituen forma irregularreko oholtza bat plazaren erdian.

22.02rako jendea urduritzen hasi zen, baina ateen irekiera atzeratu ostean, 22.10erako, pazientziarik ez zutenen txistuak oihu eta txalo bilakatu ziren, Aitziber Garmendia Arlekinak egindako aurkezpena hasi zenean. Garmendiak zazpi gomendio eman zizkien bertaratutakoei, bakoitzean balore bat edo gehiago aldarrikatuz. Guztiek ere bizikidetza eta errespetua sustatzen zituzten. Haietako azkenak honela zioen: «Palestinar herriaren genozidioa kondenatzen ez duena ez da ongietorria akelarre honen tenpluan».

Behin hori esanda, showa abian, Pello Reparazek ‘‘Errepidean’’ kantua errealitatera ekartzen zuela hasi zen emanaldia; BMW batean eta lagunekin iritsi zen Illunbera, eta plazara sartu, musikariak oholtzan ziren bitartean. Handik Hartza izaki mitologikoa etorri eta sabaira eraman zuen, erorketa bat simulatu eta ‘‘Mitoaroa II’’ zioen irudia agertu zen arte. Erorketak, denbora bidaia simulatu zuen.

KREDITU ZERRENDA LUZEA HASIERATIK

Bagenekien 250 langile eta 150 parte-hartzaile zituela ikuskizunak, baina hasieran agertu ziren izen propioetako batzuek atentzioa eman ziguten. NAIZeko kronika zabalean gehiago sakondu dezakezue zerrendan, baina gerora protagonismoa izan zutenak aipatuko ditugu jarraian. Dantzari eta izaki mitologikoak ahaztu gabe, jakina. Kukai dantza taldea eta bertaratu ziren Txatarrak, Momotxorroak, Joaldunak eta abarrak ere ezinbesteko parte zirelako ZETAKek proposatzen duen ikuskizunean.

Enrike Solinis lautea jotzen aritu zen ikuskizunak iraun zituen bi ordu eta berrogei minutuetan. Kapitulu aldaketetan izan zen protagonista, eta musika barrokoaren erreferente denak zentzua ematen zion istorioaren kontaketari.

Inkisidore nagusiaren paperean, Patxi Santamaria, zalantza bakarra Aita Santua edota gotzainen bat ordezkatzen ari ote zen. Gaiztoetan gaiztoena bukaeran. Elizan historikoki herriaren alde jardun diren apaizetako baten paperean, Josean Bengoetxea. Hasierako hitzartzean txistuak entzun behar izan zituen, jendea paperean zeharo sartu zelako, baina bukaeran ziur txistu horiek jo zituenak ere gogoeta egingo zuela eta, akaso, damutu ere egingo zen.

Izaki mitologikoen bandoan, Maixux Zugarramurdi sorginaren paperean eta Javier Botet basajaun gorpuzten bigarrenez. Baina sorpresa ederra eta ezustekoa Yune Nogueirasen parte-hartzea izan zen. Bergarako aktore gazteak gure usterako Beleko izakia ordezkatzen zuenari eman zion bizia, eta nola gainera. Pasioa eta emozioa transmititu zituen, eta abesten ere entzun genuen, bikain, kaskoek ahalbidetuta.

NARRATIBA FINDUAGOA

Urtarrilean Nafarroa Arenan egon eta atzo Illunben izan zenak nabarituko zuen istorioaren kontakizunean eta loturan pauso bat aurrera eman duela ZETAKek ‘‘Mitoaroa II’’ ikuskizunean. Sei kapitulu, baina ulertzeko errazagoak beren artean. Gainera, seriotik pixka bat atera eta umorera era salto egin zuten Ignatius Farray, Aitziber Garmendia eta Antton Telleriaren eskutik.

Narrazio horretan, kritika ugari. Elizari eta haren jarrerari nabarmen, euskaldunoi ere bai gure identitatea zapaltzen uztearren, bere buruari ere bai Reparazek, musikaren industriak duen kapitalismo basati horren baitan gure kulturari tokia egitearen inguruan. Donostiari ere bai, nahiz eta Donostia beste toki batekin ordezkatuta ere balio zezakeen kritikak. Hormigoiaren gehiegizko erabilerari, Europako Kulturaren Hiriburua izateari eta zezenketei esplizituki egin zieten kritika. Eta, nola ez, Israelen genozidioaren salaketa ere hor egon zen presente.

HERRITARTASUNA ETA IZAERA

«Euskaraz egiteagatik ez, euskaraz baino ezin zitekeelako sortu, horregatik da mugarri ‘‘Mitoaroa’’», zuzendu zitzaien gaztetxoei Pello Reparaz. Inplizituki mezu ugari egon ziren gisa horretakoak, hizkuntza desberdinetan, gehienak gutxituetan.

Are gehiago gaueko une hunkigarrienetako batean Pantxoa Carrere eta Peio Ospital oholtzan agertuko zirela jakinda. Telesforo Monzonen ‘‘Lepoan hartu’’ abestu zuten elkarrekin. Borrokan eutsi behar du herri honek, ea mezu hori mito baino errealitate bihurtzeko den. Publikoak «Independentzia!» oihu egiteko baliatu zuen unea.

LANKETA MUSIKALA

Murgiltzearen esperientzia akustikoarena iritzi kontrajarriak eragingo zituen zerbait dela jakin arren, ZETAKen musika maite duenarentzat abagune ederra izaten ari da ‘‘Mitoaroa II’’. Kontzertu baten esperientziatik urruntzen bada ere, frekuentzia apaletarako erabili dituzten subwoofer-ek gorputzean musika sentitzea ahalbidetzen dute. Kaskoak tarteka kentzeak hori gehiago nabarmentzen zuen. Balio zuen publikoa abesten entzuteko edota entzuten ari ginen gauza asko zuzenean benetan jotzen ari zirela jabetzeko ere.

Kantuak ikuskizunerako propio moldatuta ekarri zituzten, aldarrikatzen duten etengabeko aldaketaren seinale, eta Leire Colomo, Iban Larreburu eta Gorka Pastor musikarien lana beste kategoria batera igotzen zela esan genezake. ‘‘Mitoaroa’’ ikuskizunak bi zati baditu. Trilogia bada, zer izango ote da hurrengoa? Honekin pauso bat aurrera eman dutela esan daiteke, kontzertua baino musikala gehiago dela esan daitekeen arren. Nazioarteko eszenan kokatzeko moduko ikuskizuna eskaini du berriz ere ZETAK talde nafarrak. Bejondeiola.