Jon GARMENDIA
Idazlea

Prometeo modernoa

Aurrekoan Prometeori buruz idatzi nuela eta, Urkok gogoratu zidan Frankensteini Prometeo modernoa deitu izan zaiola, eta ongi legokeela azalpen bat. Dakidanetik, beraz, gaiari eutsi diot. Mary Shelley berak jarri zion izenburu hori liburuari, alta, bitxikeria gutxi dago kontatzeko; hori bai, askok eta askok bizitzara ekarritako munstroari deitzen diote Frankenstein, baina hildakoen haragi zatiekin sortutako munstroak ez du izenik, bera sortzen duen Viktorren abizena da Frankenstein. Amets bati tiraka sortu zuela Shelleyk arte obra, hau izan liteke bitxikeria, anonimo gisa argitaratu zuela, eta idatzi zuenean 20 urte ere ez zeuzkala.

Udarik gabeko urtea deitu zitzaion 1816koari, urte bat lehenago Indonesiako sumendi batek erupzioa izan zuen, eta horren ondorioz munduko klima aldatu egin omen zen; Europan, egun ilunak nagusi, ekaitzak, hotza eta eguraldi ospela. Uda hartan Suitzako Leman aintziran elkartu ziren idazle handi batzuk, Diodati jauregian; han ziren Lord Byron handia, mediku eta idazle zen John Polidori eta Percy Shelley poeta, Maryren maitalea, urtea bukatzerako senar bihurtuko zuena. Elurra agertu zitzaien bisitan, tximista eta trumoiak egun askotan. Honek kolore perfektua eskaini zion agertoki gotikoari, eta hura baliatu zuen Lord Byronek bere gonbidatuei beldurrezko ipuinak sortzeko jokoa proposatzeko. Hortxe hasi ginen Prometeo modernoa leitzen.