P. LEKUONA - I. CAMBRA

Olarizun «grebalariak ordezkatzen» saiatu zirela salatu dute Gasteizko lorezainek

Olarizuko zelaietan asteazkenean egindako lanek are gehiago gogortu dute Gasteizko lorezainen greba, eta Lan Ikuskaritzak esku hartu zuen lanen legezkotasuna zalantzan jarrita. Bittor Gonzalez LABeko ordezkariaren ustez, «grebalariak ordezkatzen saiatu ziren». Duela bost hilabete hasi zen greba.

Greban dauden lorezainen mobilizazioetako bat.
Greban dauden lorezainen mobilizazioetako bat. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gasteizko Udalak, hurrengo asteleheneko Olarizuko erromeria prestatzeko, agindu zuen zelaia berdintzeko asteazkenean, baina sindikatuek salatu dute jarduera horrek greba eskubidea urratu duela.

Bittor Gonzalez LABeko ordezkariak atzo NAIZ irratian azaldu zuenez, lanak «Poliziaren babesean» egin ziren, eta «agindua udaletxetik atera zela nahiko agerikoa» da. Gainera, lan horiek ez daude lorezaintzako enpresaren kontratuan jasota, eta horrek, haren hitzetan, «egoera are larrigarriagoa» bihurtzen du.

Langileek berehala ohartarazi zuten egoera, eta Gonzalezek Lan Ikuskaritzara deitu zuen zuzenean. «Zorionez, Ikuskaritza bertaratu zen eta lan horiek geldiarazteko agindua eman zuen». Sindikatuen arabera, «argi dago grebalariak ordezkatzen saiatu zirela», eta horrek «lege urraketa potoloa» suposatzen du.

Grebari dagokionez, uztailean izan ziren kontaktu batzuk enpresarekin eta Lakuako Lan Sailarekin, baina abuztutik ez da bilerarik egin. «Langileek haien eskua luzatuta daukate, beti bezala, negoziatzeko prest daude», adierazi du Gonzalezek, baina ez dute inolako deialdirik jaso ez enpresaren ez udalaren aldetik.

Bestalde, zerbitzu minimoei buruz ere hitz egin digu Gonzalezek, eta aipatu du sindikatuek hainbat salaketa aurkeztu dituztela Lan Ikuskaritzan, horietako bat atzo bertan jazotako gertaerengatik. «Ezin dira greban dauden langileak ordezkatu», azpimarratu du LABeko ordezkariak, eta jakinarazi du mobilizazioekin jarraituko dutela eta, «egoerak hala eskatzen badu, gogortzeko prest» daudela.

ARTOLAZABALEN SALAKETA

Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateorde eta Espazio Publikoko zinegotziak atzo salatu zuenez, lorezainek «berriz ere jazarri» egin dute bere etxearen atarian, atzo goizeko lehen orduan «karikaturizatu» eta «iraindu» egiten duten panfletoak bota zituztelako.

Hau «onartezina» dela eta «bidezko protestaren muga gainditzen» duela esan zuen.