Amaia EREÑAGA
BILBO
Entrevista
Jesus Mari Lazkano
«Natura fugit» animaziozko filmearen egilea

«Mendia konkistatzeko atea bezala erabili zen Mer de Glace glaziarra»

Jesus Mari Lazkanok (Bergara, 1960), euskal arteak gaur egun duen margolaririk handienetakoak, pantaila handira jauzi egin du. “Natura fugit” (22’, animazioa) filmean -benetan ederra, zirraragarria eta barrenak mugiarazten dituen horietakoa- naturarekin konektatzera gonbidatzen gaitu, Mer de Glace glaziarrera murgilduz. Zinemiran estreinatuko da.

(DIBULITTON ETA JESUS MARI LAZKANO)

 

“Natura fugit” -hau da, naturak ihes egiten digu- ikusi ostean, hortik erakusketa bat atera behar litzatekeela otu zitzaigun. Jesus Mari Lazkanoren unibertsoa hain da propioa -margo hiperrealistetan fikziozko natura islatzen du-, pantaila handirako egin duen lehen film laburraren aurrean besaulkian ondo sartzea eta begiak irekitzea da ikusleei gelditzen zaigun aukera bakarra. Gero, horretan pentsatzea. Alpeetako Mer de Glace glaziarraren hondamendia denboraren eta naturarekin dugun harremanaren ispilu bihurtzen baitu Lazkanok, Caspar David Friedrich XIX. mendeko erromantikoaren pintura galdu batetik tiraka.

Animazioan egin duzun lehen saiakera honek ordu asko hartu dizkizu.

Hasieratik argi geneukan proiektu hau eskuz egin behar genuela. Gaur egun animazio gehienak digitalak dira, baina eskuz egiten baduzu, den dena nabaritzen da, ez bakarrik edertasuna, akatsak ere bai. Eta irudiek beste dimentsio eta erritmo bat dute. Horrez aparte, ‘‘humanistagoa’’ dela iruditzen zait, digitalean ‘‘arima’’ galdu egiten duelako. Orain dela lau bat urte hasi nintzen proiektu honekin. Eta ekoizlearen [Dibulitoon] laguntza handia izan dut.

Zenbatu al dituzu egindako marrazkiak?

Bai, ia 3.000. Eta gehienak desagertu dira! Nire lan sistema hau izan da: marrazki bat egin eta horri argazkia atera, fotograma bat egiteko. Gero, marrazki horren gainean aldaketak egin, eta beste argazki bat, bigarren fotograma bat osatzeko. Paper bakoitzean 40 fotograma egon daitezke, bata bestearen azpian. Beraz, 3.000 marrazki egin ditudan arren, gehienak efimeroak dira; hau da, asko desagertu dira. Hor azpian dagoenarekin lan arkeologikoa egin zitekeen!

Filmaren ‘geruza’ bakoitzean bidaia bat dago: bidaia artistiko bat; gizakiok naturan egin dugun bidaia...

Arrazoia duzu, horrela da.

Beste bidaia pertsonal bat, zurea, Friedrich-en atzean...

Nik egiten ditudan serie guztietan, lanketa bera bidaia bat bezala planteatzen dut, eta film honetan are gehiago. Niretzat Friedrich erreferentzia handi bat izan da, nahiz eta hemen ez den hain ezaguna. Chamonixen margotu zuen koadro ezaguna [‘‘Mer de Glace’’ (1824)] Bigarren Munduko Gerran desagertu zen, baina lehendik egindako beste kopia bat bazegoen. Osagai hori interesgarria da. Nik neuk ere bertsio bat egin nuen [‘‘After Friedrich After Carus’’, 2021]. Baina, badago beste ikuspuntu bat, zeren, pieza artistiko hau errealitatearekin alderatzean, sortu zitzaidan galdera hau: «Nola dago paisaia hori?». Nafarroako Unibertsitateko museoan aurkitu nuen garai hartako argazki batean [S. Thompson, 1875], Mer de Glace zegoen maila gorenean. Ordutik beherantz joan da etengabe. Gaztea nintzenean, ni ere handik ibili nintzen, eskalatzea gustukoa nuelako. Sasoi bat egon nintzen joan gabe, eta duela bospasei urte itzuli eta: «Zer pasatu da hemen?».

Hainbeste jaitsi da?

Desastrea. Koadroa, artista eta errealitate tematia, dena elkartu zitzaidan, eta «honekin zerbait egin behar dut!» pentsatu nuen. Dena erreferentzia kultural batetik hasi zen, baina errealitate gordina gainditu zuen. Hastapenean proiektu oso domestikoa izan zen -stopmotionen programa jaitsi nuen etxeko ordenagailuan-, baina badakizu nolakoak diren gauza hauek, eta pilota handitzen joan da.

Mer de Glacek zerikusi handia du beroketa globalarekin, eta Estatu frantseseko gune natural turistikoena da!

Mer de Glace izan da mendia konkistatzeko atea. Kontzeptu erromantikoa han sortu zen, eta handik pasatu ziren Turner, John Ruskin, Viollet-leDuc arkitektoa, Napoleon, Lumiére anaiak... Esaterako, “Frankenstein” nobelan pasarte bat dago, non deskribatzen den Frankenstein izotzaren artean noraezean dabilela. Hau da, Europako kulturaren barnean txertatutako tokia da. Mendia konkistatzeko eta urbanizatzeko atea izan da.

Gizakion txikitasuna ere sumatu dut zure filmean.

Artearen zeregina galderak eragitea da: arrakala bat zabaldu eta ikusle bakoitzarengan galderak hauspotu.