«Herriagatik bizitzeko» prest, bost mila bihotz Anaitasunan taupaka
Goraino bete zen Anaitasuna, Sortuk Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrena oroitzeko antolatutako ekitaldian. Azken bost hamarkaden errepaso hunkigarria egin, eta borrokaren balioa nabarmendu zuten, baita belaunaldiz belaunaldi Nazio Askapenerako Mugimenduak transmititutako balioak ere. Aurrera begira, nazio berpizkunde baten beharra aldarrikatu zuten.

«‘Aberria ala hil’ esan zuen Txikik. ‘Aberria eta bizi’, diogu guk. Herriagatik behar baita bizi, behar da irabazi». Irabazteko eta herria zein borroka bizitzeko milaka kide elkartu ziren atzo Anaitasunan, Sortuk Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren kari antolatutako ekitaldian. Goraino bete zen Anaitasuna, iragana oroitu eta zirraraz eztanda egin zuten milaka bihotzek taupaka.
Arratsaldeko lau eta erdiak igarota ireki ziren ateak, ekitaldia hasi baino ordubete lehenago, baina lagun zaharren arteko besarkadak ikusi baino ez zegoen guztia askoz lehenago hasia zela jakiteko, askapen mugimenduarekin bat egitean, hain justu.
Harmailetan zein eserlekuen artean ikurrinak, Nafarroako banderak eta Palestinako banderak zeuden; pantailan, No-doren irudiak; ikusleek txistu egiten zuten Francisco Franco agertzen zen bakoitzean, eta isildutakoan iritsi ziren arratsaldeko lehen txaloak, une sinbolikoa zelako, asko esan nahi zuen belaunaldi jakin batentzat batez ere.
Xabier Amurizak harro eta eskuak goratuz egin zuen oholtzarainoko bidea ikusleen eta txaloen artean, eta kantuan hasi zen; frankismoaren garaia erretratatu zuen, eguzkia irteten zen unetik bertatik, eta aurrera begiratuz amaitu zuen: «Izan zirelako gira/ garena izanen dira/ hemen gaude haien arnasa/ bidaltzeko urrutira».
Besarkada baten bidez eman zion hitza Amurizak Kristiane Etxaluzi. Kontalari ederra da Etxaluz, pasioz eta ziurtasunez kontatu zuen abertzaletasuna nola bizi izan zuten berak eta bere ingurukoek Ipar Euskal Herrian. Txiki eta Otaegiren heriotza-zigorren aurkako nazioarteko mobilizazioa nolakoa izan zen azaldu zuen, baita Paristik Hendaiara egindako emakumeen martxa ere. Garaiko anekdotak eta hausnarketak umorez josi zituen.
Protesta handiak izan baziren ere, fusilamenduak agindu zituen diktadoreak, eta ekitaldian Martxel Rodriguez dantzariak irudikatu zituen, tobera, txistu eta ttun-ttun doinuz lagunduta. Azkar egin zuen gora giroak; muxu bat bidali zion publikoari Itziar Aizpuruak eta Anaitasuna zutik jarri zen; indarra sumatu zen hiri buruzagiko pabiloi barnean “independentzia” oihuekin batera. Kartzelan jakin zuen Aizpuruak Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru militanteak exekutatzeko aginduaren berri. «Hutsaren hurrena» sentitu zirela kontatu zuen, baina ez zutela borroka gelditzea lortu; «borroka baita, lagunok, gure herriarekiko sena, maitasuna eta grina bideratzeko lanabesa». Eta jarraian gehitu zuen ziegan zegoela ezin zituela burutik kendu bi Mariak, Maria Manot eta Maria Otaegi, Txikiren eta Otaegiren amak: «Ama maiteok, ze samin ikaragarria izan behar zuen beren sabeleko semeak hil behar zituztela jakitea, zer eta Euskal Herria maitatzeagatik. Hemendik gudari guztien amei eta familiei, zuen maiteak gureak ere badirenak, betiko biziko dira gure baitan, bizitzari argia ematen, herriari bidea erakusten». Txaloak eta txaloak. Presoak ere gogora ekarri zituen; «kemenez borrokatuko gara, laster gure artean izan zaitezten. Gu guztion maitasunezko besarkada handiena». Anaitasuna lehertu egin zen Aizpuruarekin, ohi duen dotoreziaz eta pasioz, bihotzetik mintzatzen baita.
50 URTEKO BIDEA, EUSKAL HERRITARRENA
Elkarrizketan jardutea omen da askapen mugimenduaren ezaugarrietako bat, eta hala aritu ziren Sustrai Colina eta Irantzu Idoate bertsolariak. Colina: «Memoria ez da soilik generazionala/ joskura ere izan leike arrakala/ feminismoa euskara, justizi soziala/ gure korapiloak gaur atzo bezala/ askatasun haizean libratu ditzala». Idoate: «Gazteriaren oihu eta udaberri/ askatasunerantza joan da mendi erdi/ elgarri lot gaitezen gazte, zahar, berri/ zor diogu hamaika borroka ederri / hola eginen gaitu memoriak herri».
“Independentzia eta sozialismoa” oihuen artean iritsi ziren Garazi Esnaola eta Maddi Ane Txoperena oholtzara. Lurdes Iriondoren «Gazte gara gazte, ta ez gaude konforme...» kantuan hasi zen Esnaola pianoarekin, eta Txoperenak jarraitu zion gaztetasunaren inguruko hausnarketa poetizatu batekin: «Oroitzen ote gara zenbat urte zituzten hil zituztenean? 21 eta 33. Emanen ote genioke egun halako balioa eta ardura adin horretako militante bati? Eta geronek gure guruari? Kritiko baino kristalezko deitzen gaituzte orain, hauskor, sentsible, emozioak erakustea bera ez balitz gisan mailu bat». Txaloak eta txaloak berriro, buruarekin baietz esaten zuen publikoak, «gazte gara gazte» doinuaz.
Lur Albizu Sorturen Nafarroa Garaiko arduradun politikoak askapen mugimenduaren historiaren geografia marraztu zuen hitzez, orbainak gogoratuz, tokiak goraipatuz, bideak eta bidean galdutakoak...«borrokarako geografia oso bat daukagu, bideak egiten baikaitu, gora bideak».
“Lepoan hartu eta segi aurrera” kantuaren doinua oraindik ahoan igo zen Kattalin Miner oholtzara; “Askatzera lotuak” esamoldea hartu zuen hausnarketarako, eta esan zuen batzuek ondo lotuta utzi nahi zutenetik, bestelako lotura batzuk eraiki dituela nazio askapen mugimenduak: «Ez dago dena hain lotuta; horregatik erabaki dugu hau dela askatasunaren dantza, askatzera lotuak». Bitartean hiru eskalatzailek Sahatsa Jauregik ekitaldirako egindako altzairuzko obran «askatzera» idatzi zuten soken bidez.
NAZIO BERPIZKUNDE BATERANTZ
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak bere hitz saioan esan zuen Txiki eta Otaegi fusilatuz herri honen «askatasun egarria itotzen» ahalegindu baziren ere, ez zutela lortu, eta horren lekuko argia direla Anaitasunan elkartutako milaka abertzale, independentista eta ezkertiarrak: «Hemen gaude, haien banderekin, haien ametsekin, haien askatasun grina eta herri gogo berdinarekin», nabarmendu zuen.
Ekitaldian zehar militante antifrankistak gogoratu bazituzten ere, Rodriguezek nabarmendu zuen «bakarren batzuek haien memoria kriminalizatzen eta jazartzen» jarraitzen dutela eta hori faxismoari «alfonbra gorria» jartzea dela. Bestalde, Europan «omenaldi instituzionalak» egingo lizkiekete.
Iragana, oraina eta etorkizuna lotuta daudela esan du Sortuk behin baino gehiagotan, eta Iruñeko ekitaldian ere Nazio Askapen Mugimenduaren egitasmo politikoari eutsi zioten: «Nazio zapaldua izaki, Euskal Herrian klase borroka, borroka feminista eta gainontzeko borroka askatzaile oro, nazio askapen borrokatik pasatzen da. Txiki eta Otaegiren belaunaldiaren proiektuak inoiz baino gaurkotasun handiagoa dauka, subiranotasuna inoiz baino beharrezkoagoa da».
Denborak arrazoia eman die, Rodriguezen hitzetan; «esan genuen, apurketa demokratikorik ezean, frankismoak estatu egituretan gotortuta iraungo zuela». Duela 50 urte «aukera handi bat galdu» zela baina egun aukera berri bat badela esan zuen ilusioz: «Parez pare dugu gure nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea eskuratzeko aukera eta erronka». Haren arabera, ez dago Estatu espainolaren demokratizazio sakona egiterik Euskal Herriaren nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea aitortu eta errespetatu gabe: «Espainiako Gobernuak -Esta- tua beste gauza bat da- aukera berri bat du, historikoa esango nuke, Espainiako arazoari irtenbide demokratiko bat emateko. Eta bai, ondo diot: Espainiako arazoa. Arazoa ez delako Euskal Herriarena eta Kataluniarena, arazoa bere izaera plurinazionala demokratikoki aitortu eta kudeatu ezin duen Estatu batena da».
«Une gako» baten aurrean gaudela ohartarazi zuen Rodriguezek. Bloke erreakzionarioa gobernura iristeko edota agenda autoritario eta neofaxista bat martxan jartzeko arriskuaren aurrean, irtenbidearen noranzkoa argi dute Sortuko kideek: nazio susperraldi berri bat martxan jartzea.
Bide luzea egin du Nazio Askapen Mugimenduak gaurdaino; konpromisoa, elkarlana eta konfiantza, belaunaldien arteko loturan irauteko ezinbesteko osagaiak. Horiek haragiztatu zituzten Arantza Arrutik, Mila Idiakezek, Kristiane Etxaluzek eta Itziar Aizpuruak: «Konpromisoa, kolektibotasuna, herri sena, apaltasuna, eskuzabaltasuna, diziplina, leialtasuna eta bereziki, konfiantza, gure indarrengan eta gure herriarengan».
Irmo onartu zuen Rodriguezek: «Herri gisa hona iritsi baldin bagara, da, duela 50-60 urte, belaunaldi oso batek herri hau bizkar gainean hartu zuelako». Euskal Herrian milaka seme-alaba izango zituela esan zion fusilatu bezperan Txikik bere ama Antonia Maria Manoti, eta horri erreferentzia eginez amaitu zuen: «Guk ez dugu etsiko euskal preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak etxera ekarri arte; eta, bereziki, guk ez dugu etsiko euskal estatu independente, sozialista, feminista eta euskalduna eraiki arte».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
