GARA
LAUDIO

Maderas de Llodion «inor ez dela soberan» kritikatu dute langileek

Maderas de Llodio enpresako langileak greba mugagabean daude irailaren 22az geroztik, 39 langileren kaleratzea dakarren EEEaren aurka. Lakuako Gobernua eta Arabako Foru Aldundia salatu dituzte, «beste aldera begiratzea» egotzita. Bi mobilizazio iragarri dituzte.

Maderas de Llodioko langileen prentsaurrekoa, atzo, Laudion.
Maderas de Llodioko langileen prentsaurrekoa, atzo, Laudion. (Endika PORTILLO | FOKU)

Maderas de Llodioko langileek mobilizazio gehiago iragarri dituzte aste honetan, enpresak aurkeztu duen aldi baterako enplegu erregulazio espedientearen (EEE) aurka eta eskualdeko enpleguaren defentsan. Bi hitzordu nagusi izango dira: urriaren 1ean, asteazkenean, elkarretaratzea egingo dute Logroñon, Garnica enpresaren bulego nagusien aurrean; eta urriaren 2an manifestazioa egingo dute Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Legebiltzarrean.

Atzo prentsaurrekoan langileek esan zutenez, Garnicak -Maderas de Llodioren jabea den enpresak- ez du inolako justifikaziorik aurkeztu ekoizpenaren %40 Laudiotik kanpora eramateko eta 39 langile kaleratzeko.

Egoera hori salatzeko eta deslokalizazioa gelditzea eskatzeko, Logroñoko elkarretaratzea «funtsezkoa» izango da.

«Argi eta garbi esango dugu ez dugula onartzen deslokalizazio hau. Eta enplegua bermatuko duten alternatibak bilatzea eskatuko dugu», azaldu zuten Maderas de Llodioko langileek. Era berean, jakinarazi zuten «kaleratze kolektiboaren prozesua hasi zenetik eta irailaren 9az geroztik enpresarekin izan ditugun bileretan, mahai gainean jarri duten erabakia guztiz neurriz kanpokoa eta arbitrarioa dela».

Urriaren 2an, aldiz, «instituzioen jarrera» salatuko dute. Hain zuzen ere, Gasteizko Legebiltzarrean eta Arabako Batzar Nagusietan egingo duten agerraldi eta manifestazioaren bidez, eskualdeko enpleguaren aldeko benetako konpromisoa exijituko diete erakundeei. Langileen ustez, «enpresak ez ditu justifikatu erabaki honen arrazoi produktiboak, ezta antolakuntzakoak ere; ez ditu alternatibak baloratu». Eta kritikatu zuten «Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia beste aldera begira» daudela.

Maderas de Llodioko langileek azpimarratu zuten enpresan «inor ez dela soberan», eta euren helburua ez dela ekoizpena geldiaraztea, baizik eta «hobetu, zabaldu eta etorkizunean enplegu gehiago sortu» nahi dute. Horregatik, komiteak alternatiba bat proposatu dio enpresari, deslokalizazioa saihesteko eta tokian tokiko industria indartzeko.

Bozeramaileak kezkatuta agertu ziren «enpleguaren suntsiketarekin, ez bakarrik Maderas-en, baizik eta eskualde osoan». Ondorioz, «eskualdeko etorkizun industriala are ilunagoa izango da», deitoratu zuten.

BORROKAREKIN ELKARTASUNA

Azken asteetan eskualdeko hainbat enpresa batzorde, udal, hezkuntza zentro eta gizarte eragilek babesa adierazi diote Maderas de Llodio-ko langileen borrokari. Enpresa batzordeak eskerrak eman dizkie Tubacex, Tubos Reunidos, JEZ, Aiala Vidrio, Vidrala, Amurrio Ferrocarril eta beste hainbat enpresari eta erakunderi, «borroka honetara batzeagatik» eta mozio bidez euren elkartasuna adierazteagatik. Eskualdeko herritar guztiei dei egin zieten mobilizazioetan parte hartzera eta ahotsa altxatzera: «Bihotzez eskertu nahi dugu, eskualde osoari, egun hauetan erakusten ari zareten elkartasuna eta babesa. Zuei esker, argi daukagu borrokatzeak merezi duela».