GARA
ARANTZAZU

«Erreleboa bermatzea», Artzain Eskolaren ikasturte berriko erronka

Ikasturte berria abiatu dute Arantzazuko Artzain Eskolan, hamahiru ikasle berrirekin. Lakuako eta Hazi Fundazioko ordezkariek atzo goizean bisitatu zuten. Erreleboa bermatzea eta langile kualifikatuak sortzea dira ikasturte berri honetan jarritako helburu nagusiak.

Lakuako ordezkariak Artzain Eskola bisitatzen izan ziren atzo.
Lakuako ordezkariak Artzain Eskola bisitatzen izan ziren atzo. (Gorka RUBIO | FOKU)

Urrian sartu eta berehala, atzo ikasturte hasiera aurkeztu zuten Gomiztegin, Artzain Eskola Berriaren proiektuarekin batera. Iaz Lakuak, Hazi Fundazioaren bidez, Gomiztegiren titulartasun osoa hartu zuen, «artzain eskolaren jarraipena eta bilakaera bermatzeko asmoz». Sektorean profesional berriak sartzean izan duen eragin positiboa baloratu zuten Arantzazun bertan egindako agerraldian.

Aurkezpenean Amaia Barredo Lakuako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua eta Raimundo Ruiz de Escudero Hazi fundazioko zuzendari nagusia izan ziren atzo goizean. Aditzera eman zutenez, «bultzada berriak» azpiegiturak erabat berritzea, zentroa teknologikoki eta energetikoki modernizatzea eta aldizkako inbertsioetarako plan bat barnebiltzen ditu.

Lehen jarduera estalkia birgaitzea izan zen, eta 400.000 euro inbertitu zituzten horretan. Datorren urteari begira, 704.000 euroko inbertsioak aurreikusten dira. Hobekuntza materialez gain, Barredok iragarri zuen «hausnarketa estrategiko bat» garatzen ari direla: «Gomiztegik abeltzaintza sektorearen erronkei modu arin, koordinatu eta eraginkorrean erantzuten jarrai dezan».

BI ERRONKA POTOLO

Aurtengoan ere aurreikusten duten erronkarik «garrantzitsuena» belaunaldien arteko erreleboa eta langile kualifikatuen beharrari erantzutea da. Horiei aurre egiteko, sektorearen eta gazteen beharrizan berriak ebaluatzen ari dira, baita sektorean lan egin nahi duten ikuspegiak lantzen ere: «Prestakuntza eredu malguagoak eta profil bakoitzera egokituagoak ebaluatzen ari gara, berrikuntza eta jasangarritasun aukera berriak, zerbitzuen dibertsifikazioa eta merkatu berrietara zabaltzea».

HAMAHIRU IKASLE BERRI

Artzain eskolak hamahiru ikasle berri ditu, zazpi mutil eta sei neska. Horietatik hiru gipuzkoarrak dira, beste hiru arabarrak, hiru bizkaitarrak eta bi nafarrak. Gainerako bi ikasleak beste herrialde batzuetatik datoz.

Gomiztegiko Artzain Eskola 1997an sortu zen, ardi sektoreko profesionalen, Arantzazuko frantziskotarren, Lakuaren, Foru Aldundien eta Hazi Fundazioaren arteko lankidetzaren bidez.

Ordutik, ardi-ahuntzen sektorerako prestakuntza intentsiboko 28 edizio egin dira, eta 330 pertsonak parte hartu dute. Horietatik %93 berrogei urtetik beherakoak ziren, eta ia erdiak 21 eta 30 urte bitartekoak.

Horri esker, «lurraldearekin, tradizioarekin eta berrikuntzarekin konprometitutako artzainen belaunaldi berria» batu da sektorera. Gaur egun, Gomiztegi «erreferentziazko» zentroa da; beste leku batzuetan eredutzat hartu da eta «Euskadin eta Euskaditik kanpo erreferentea da», Lakuaren arabera.

2023an bete ziren 25 urte Gomiztegiko artzain eskolak ateak ireki zituenetik, eta, urteurrena baliatuz, artzaintzaren berri eman eta ikasle berriak bildu asmoz ekintza bereziak egin zituzten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak iazko udan «Gipuzkoako baliabide turistiko berri bat bihurtzeko aukera aztertzen» ari zirela gaineratu zuen, «artzaintza tradizionalak dituen balioak eta praktikak herrialdearen erakusgarri on» gisara plazaratuz.