Eroski taldeak %2,9 handitu ditu salmentak lehen seihilekoan
Balorazio positiboa egin du Eroski Taldeak 2025eko lehen seihilekoari dagokionez, iazko epe berarekin konparatuz %2,9 gehiago saldu baitu. 2.949 milioi eurora iritsi dira bere salmenta gordinak eta orotara 31 saltoki berri ireki ditu.

Eroski taldeak, 2025eko lehen seihilekoko zerga ekitaldia amaituta, balorazio positiboa egin du: «Jarduerak hazkunde gogorra izan du eta hobekuntza izan du marjina operatiboetan, kontsumoa egonkorra izan den testuinguru batean»; hori adierazi zuen atzo ohar baten bidez.
Taldearen salmenta gordinak 2.949 milioi eurora iritsi dira; hau da, aurreko urteko epe berarekin alderatuta %2,9 handitu dira. Etekin garbia, berriz, 55,5 milioi eurokoa izan da, 2024ko lehen seihilekoan baino %10,6 handiagoa.
Izan duten «sustapen politika bizia» azpimarratzen du Eroskik: «Horri esker, 202 milioi euro baino gehiagoko aurrezpena helarazi die kontsumitzaileei seihilekoan. Hala, indartu egin da bere posizionamendu lehiakorra, etxekoentzat prezioa ona izatea oraindik giltzarri den testuinguru honetan».
Horretarako, marka propioak indartzeko egin duen lana goraipatu du. «Bezeroen fidelizazioa areagotu da, marka propioaren eskaintza nabarmendu egiten baita kalitate eta prezio aldetik», adierazi du taldeak. Hurbileko produktuen alde eginiko apustua berretsi eta, nekazaritzako elikagaiei dagokienez, 2.000 ekoizlerekin kolaboratzen dutela azaldu zuen: «Horren asmoa da tokian tokiko sektorea bultzatzea eta balio katearen iraunkortasuna indartzea. Eta apustua indartuta aterako da, Eusko Jaurlaritzarekin hurrengo hitzarmena sinatzen denean». Hitzarmenaren helburua tokian tokiko nekazaritzako elikagaien sektorea bultzatzea eta balio katearen iraunkortasuna sendotzea dela dio oharrean.
DIGITALIZAZIOAN AURRERA
Sare komertziala «zabaltzen eta modernizatzen» ari dela ere adierazi du Eroski Taldeak: 31 saltoki berri ireki ditu: 6 propio (4 supermerkatu, cash & carry 1 eta Forum Sport denda 1) eta 25 frankiziatu. Capraboren denda izarra, Bartzelonako L`Illa Diagonal, berritu izana azpimarratzen du: «Dendaren kontzeptu berriak aldaketa sakona ekarriko du supermerkatua ulertzeko eran: espazio abegikor, ireki, gastronomiko eta digitalizatua, bezeroak erosi, aurkitu eta goza dezan pentsatua». Era berean, Eroskik bere ardatz estrategikoak «osasuna, iraunkortasuna eta tokiko aberastasuna» direla gogorarazten du: «27.600 profesional baino gehiago ditugu, zeintzuetatik 9.000 aldi berean diren bazkide eta jabe».
Rosa Carabel Eroski Taldeko zuzendari nagusiak kooperatibaren helburua indartzen ari dela azpimarratzen du atzo igorritako oharrean: «Testuingurua zaila izanagatik, lortu dugu salmentak eta etekinak handitzea. Gure kooperatibaren xedea indartzeko orduan, funtsezko zutabe dira familiei helarazitako aurrezpena, gure markaren bultzada eta hurbileko ekoizleekiko lankidetza estua».

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
