Ez da zientzia vs gizarte zientziak; zientzia eta gizarte zientziak da
Askotan irakurri ohi dut hezkuntzaren etorkizuna STEM modalitatean dagoela; hau da, zientzian, teknologian, ingeniaritzan eta matematiketan. Hau irakurtzean, STEM irakurtzean, ez duzue zerbait susmagarria nabaritzen? Non daude gizarte zientziak? Noski, norbaitek argudia lezake «zientzia» kontzeptuak gizarte zientziei buruz ere hitz egiten duela. Baina, argi hitz eginez gero, benetan uste dugu zientziei buruz hitz egiten denean gizarte zientziei buruz hitz egiten dela? Ez, tamalez, ez. Antropologian, hitzen esanahiez haratago, asko hitz egiten dugu adierazi nahi dutenaz; alegia, zer transmititzen duten. Jakin badakigu hitzak ez direla zerbait neutroa; mundua eta gure pertzepzioa konfiguratzen dute. Iruditeria kolektiboak, positibismoaren eta Industria Iraultzaren jaraunsle, «zientzia» kontzeptua lotu ohi du gizarte kutsua duen guztitik at. Horren ondorioz, gizarte zientziak bigarren, hirugarren eta laugarren plano batera pasa dira, «Zientzia» letra larriz idazten den bitartean.
Hezkuntza sisteman argi ikusten da egoera hau. Gizarte zientziak geroz eta mespretxatuago daude; historiari ez zaio behar besteko garrantzia ematen (Zientziekin alderatuta), filosofia ez da kontuan hartzen (Zientziak ez bezala) eta antropologiaren arrastorik ez dago. Gazteenei helarazten zaiena da teknologia dela etorkizun bakarra. Baina zer da teknologia, atzetik pentsamendu kritikorik ez badago? Zertarako erabiliko dugu teknologia, ez badugu ulertzen zer nolako eragina izan dezakeen gure gizartean? Nola jakingo dugu X teknologia gizartearentzat onuragarria ote den, gizartea ulertzen ez badugu? Nola hobetuko dugu gizartea, ze arazo dauden ez badakigu? Nola jakingo dugu teknologia etikoki erabiltzen, etika, morala eta pentsamendu kritikoa erdi hilda baditugu? Nola eskatu ahal diegu gazteenei edo edozeini teknologia modu kritikoan erabiltzeko, eduki ditzakegun erreminta guztiak kentzen badizkigute?
Eta hor dago koska. Hor dago arazoetako bat; kontu hauen ondorioz faxismoak gora egiten du. Noski, egoera politiko eta ekonomikoek izugarrizko eragina dute, are gehiago globalizazioa dela bide, baina arazoa ez da hor bukatzen. Hemen dago arazoetako bat, gizarte zientziekiko mespretxuan eta, honen ondorioz, pentsamendu kritikoarekiko, gure gizartearen ezagutzaren gainbeheran. Faxismoa egoera honetaz baliatzen da; teknologia erabiltzen du bere fake news horiek zabaltzeko, teknologiaren bitartez eslogan konkretu batzuk helarazten ditu... eta nork jarriko du ezer ezbaian, gauzak hausnartzeko, analizatzeko eta abarrerako kapazitatea ez badaukagu? Nola ez dira ba gazte asko eroriko diskurtso konkretu batzuetan, ez badakite hau dena jada historian zehar gertatu dela, diskurtso hauek edozein momentutan aurki daitezkeela? Nola identifikatuko dituzte errepikapen horiek, historia ezagutzen ez badute? Gizartea ezagutzen ez badute? Honekin ez dut esan nahi gazte guztiak pentsamendu kritikorik gabe ibiltzen direla munduan, inondik inora ere, ezta heldu guztiek pentsamendu kritikoa dutenik ere. Argi utzi nahi dudana da teknologiak eta honen erabilera akritikoak ondorio latzak dituela gizartearentzat eta, noski, ez dagoela inor salbu. Faxismoa beti dabil arrakala bat aurkitu nahian, hortik zabaltzen baitu bere diskurtsoa, bere iruditeria. Hitz konkretu batzuk erabiltzen ditu, etsai konkretu batzuk bilatzen ditu eta hedabide konkretu batzuk erabiltzen ditu bere ideiak zabaldu nahian; egon ez zen iragan bat mitifikatzen eta goraipatzen dute kolektibo konkretu batzuen kontra joateko, emakumeen, migranteen, LGBTIQ+ pertsonen... kontrako diskurtsoak hedatuz. Eta hori dena areagotu egiten da teknologia gizartetik at ikusten, sortzen eta erabiltzen dugunean, gaur egun ez dugulako ez hezkuntzan, ez gizarte mailan lotura bat egiten bi hauen artean. Hemen dago gakoetako bat eta nahiko berandu gabiltza.
Teknologia ezinbestekoa da, noski; teknologiari esker hainbat gauza lortzen ari gara; ezingo dugu horrela jarraitu, ordea. Teknologia, Zientzia hain famatua eta gizarte zientzien arteko lotura estua mahai gainean jarri behar dugu. Kasu honetan ez dugu ezer asmatu behar, lotura egon badago, begiratu baino ez dugu egin behar. Hori baino ez.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
