NAGORE BELASTEGI

Euskararen aktibaziorantz «Salto-saltoka» Elgoibarren

Urte osoko lanen ondoren, Elgoibar Ikastolari ospakizunerako eguna iritsi zaio. Gaur, egun osoan zehar, herriak Gipuzkoako Ikastolen festa hartuko du, eta denek ondo pasatzeko egitarau osatu bat prestatu dute. Hiru gune eta azpigune bat izango dira Elgoibarren barreiatuta, eta ez ibilbide zehatz bat.

Bideokliparen grabaketaren une bat, helduak sokarekin jolasean.
Bideokliparen grabaketaren une bat, helduak sokarekin jolasean. (ELGOIBAR IKASTOLA)

Kilometroak Gipuzkoako Ikastolen Jaiak ibilbidean egin ohi zen distantzian du izenaren jatorria. Ibilbide zirkularra izaten zen, herritik inguruko mendietara, eta buelta. Aurten, ordea, eredu hori alde batera utzi du Elgoibarko Ikastolak, eta hiru gune eta azpigune batekin antolatu du festa: Ikastola Gunea (Euskararen komunitatea) eta Ezenarro kalea gunea; Aita Agirre plaza (Euskararen herria), eta Kalegoen plaza (Konpromisoa salto euskarara). Denak herrigunean daude eta batetik bestera libre mugitu ahal izango da jendea, ibilbide zurrun batera lotu gabe. Egitarau aldetik, publiko guztiei zuzendutakoa izango da, familian gozatzeko modukoa.

Elgoibarko Kilometroetako koordinatzailea den Iera Larrañagak azaldu bezala, «gazteentzat Erronka probak izango dira herri osoan zehar -9.00etatik aurrera, festa ofizialki 10.30ean hasiko den arren-, txikientzat egur jolasak, puzgarriak, tailerrak, eskulanak, magoak, txarangak, elektrotxarangak eta erraldoiak izango dira eta, nola ez, hainbat musika taldek kontzertuak eskainiko dituzte. Indarrak hartzeko eta jan-edanarekin hornitzeko guneak ere ez dira faltako. Horrekin lotuta, ikastolako frontoian 450 lagunentzat jangela prestatu da. 13.00etatik 15.30-16.00etara eskainiko dira bazkariak frontoian», azaldu du.

Bazkariak, helduentzat paella eta oilaskoa izango da (18 euro) eta haurrentzat makarroiak eta oilaskoa (12 euro). Txartelak egunean bertan salduko dituzte, Ikastola gunean.

Musika eskaintzari erreparatuz gero, haur eta gaztetxoei zuzendutako emanaldiak izango dira (Ene kantak, Go!azen) Ikastola gunean.

Publiko orokorrarentzat, berriz, Asgarth, Kitziki, Txoteko ezpata, Heitxi, Ehun kilo, Janus Lester, Bengo eta Malko arituko dira gune desberdinetan.

Erromeria eta txaranga estiloko musikari dagokionez, talde ugari aurkituko ditugu egun osoan zehar: Kittu!, Erbuze konpartsa, Itzal erromeria, Txikidantz, Xaribari, Patxangoi elektrotxaranga, Mauxitxa txaranga, Eingo taldea eta Ikastolako txaranga.

OMENALDIAK

Euskara sustatzeko helburuarekin Elgoibarko Aubixa baserrian lanean urte luzez aritu den Maritxu Loiola Ugartebururi eta Aspanogi elkarteari omenaldia egiteko baliatuko du Kilometroak jaia Elgoibar Ikastolak. «Bizitza osoa euskararen zerbitzura» emateagatik omenaldia egingo diote Loiolari, Larrañagak azaldu duenez. «Elgoibar Ikastolaren sorrera amestu zutenek 1962an zuten helburu bera islatzen du Aubixa baserriak: euskararen berpizkundea, arnasa eta bizia; elkarlana eta konpromisoa; ilusioz pentsatutako eta bihotzez gauzatutako proiektuak. Eta hori guztia, irribarre baten indarrarekin».

Minbizidun haurrei eta haien familiei laguntzen aritzen den Aspanogik ere merezitako errekonozimendua jasoko du, elkartearen sorreratik 30 urte bete direnean. «1996tik, elkarte honek ez du laguntza praktikoa bakarrik eskaini: maitasuna, babesa eta indarra ere eman ditu».

Bestalde, Gurutze Gorriari eta DYAri ere eskertza bat egingo diote egunean zehar. Urte askotan bolondres moduan laguntzera joan dira Kilometroetara, eta hemendik aurrera ere hala izaten jarraitzea espero dute.

NOLA IRITSI

Elgoibarrera iristeko tren eta autobus zerbitzu bereziak jarri dituzte (kilometroak.eus webgunean begiratu daitezke xehetasunak), eta horiek erabiltzeko eskaera egin die antolakuntzak Kilometroak jaira joateko asmoa duten herritarrei. Dena den, autoan joan beharrean direnentzat sei aparkaleku izango dira. Mintxetako aparkalekuan autokarabanentzako gunea ere prestatu dute.

Bestalde, Elgoibar Ikastolak errespetua izateko eskatu du, herriarekin eta herritarrekin, baita beste pertsonekin ere. Hala, antolakuntzak azpimarratu du ez dela onartuko inolako eraso matxista, LGTBIfobiko edo arrazistarik. «Jaiak gune seguruak izan behar dute, bertan parte hartu nahi duen edonorentzat gozamenerako gune». Kilometroak tratu onen aldeko eta eraso matxistarik gabeko jaia izatea nahi da. Hori bermatzeko eta kilometroetara bertaratuko diren guztiak sentsibilizatzeko, gune bakoitzean puntu more bana egongo da.

BIDEOKLIPA

Normalean Kilometroak bezalako festen bideoklipa sortzean haurrak izaten dira protagonistak, baina Elgoibar Ikastolak ere zentzu horretan desberdin jokatu du, eta protagonistak helduak dira Jone Arriolak zuzendutako bideoan.

Kantuari dagokionez, Eneko Beretxinaga bertsolariak sortu du letra eta Aitor Novak jarri dio musika. Jasotako eskaera honakoa izan zen: helduen hizkuntza ohiturak aldatzea nahi zutela, haiek ere euskarara salto egin dezaten. Ideia horri helduz, sokak ere protagonismoa behar zuela ulertu zuten. Hala, Beretxinagarentzat erronka bat zen letra bat ezerezetik sortzea, normalean doinu bati letra jartzen diolako. Novarentzat ere ez da lan erraza izan, enkarguz egindako lana izanda ere, bera identifikatzea nahi zuelako. «Oso pozik geratu naiz», esan zuen musikariak. Izan ere, bere gustukoak diren funky doinuak txertatu ditu.

Behin kanta eskuan, Arriolaren lana geratzen zen egiteko. Gidoilari eta zuzendaria da, baina bideoklip bat zuzentzen zuen lehen aldia zen honakoa. Musika entzun zuenean, zeuzkan ideia gehienak baztertu behar izan zituen. Azkenean Ikastolako komunitatea sokasaltoan jarri zuen.



«San Bartolome»-ren bilakaera

Elgoibar Ikastolak 1962. urtean hasi zuen bere ibilbidea. Herriko euskaldun eta euskaltzaleen ekimena izan zen eta euskara bultzatzeko hainbat saio eta ekintzen ondorengo pauso gisara eratu zen. Baimenik ezak arazo legal ugari sortzen zituen, eta horiek ekidin nahian Elizaren babesa izan zuen eta “Escuela Parroquial San Bartolomé” izenarekin jardun zuen lehen urteetan.

1976an ikastolak gaur duen eraikinean jaso zituen 6 urteko ikasleetatik gorakoen gelak, Franco hil ostean proiektua handitzeko gaitasunari helduz.

1993. urtean beste urrats garrantzitsu bat egin zen. Irakasleen partaidetzarekin eta gurasoen ordezkariekiko kontsultak ere kontuan hartuz, Ikastolaren Hezkuntza Proiektua onartu zen. Urte berean, maiatzaren 24an, Euskal Eskola Publikoaren legearen aurrean, sare publikoan ez integratzea erabaki zuten.

1996an Kilometroak festa antolatu zuen lehen aldiz, “Banoa, banixe, euskaraz bai horixe” lelopean. Urriaren 6a zen, eta euria egin bazuen ere, ilusioz ekin zioten jaiari.

2001eko abenduan Ikastolak izena aldatu zuen eta gaur egungo izena hartu zuen. Ordutik Elgoibar Ikastola bezala ezagutzen dute denek. Hurrengo urtetik aurrera, irakaskuntza ziklo eta etapa guztiak biltzen dira egoitza berean.

2012. urtean Ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiak burutu zituzten, beste herri askotan bezala. Azken urte horietan matrikulazioak izandako hazkundeari egoki erantzun ahal izateko, eraikuntza eraldatu egin zuten. Goiko kirol eta jolas gunean gela berriak jarri zituzten, eta eraikina handitu zen.

Ikastolaren titularra Pedro Miguel Urruzuno kooperatiba da -hala deitzen da herriko idazlearen omenez-. Beren seme-alaben hezkuntzarako Ikastola aukeratzen duten gurasoak dira kooperatibako kideak, bertan lanean ari diren langileekin batera.

Pedro Miguel Urruzuno kooperatiba herri onurako izendatu zuen Lakuako Gobernuko Justizia, Lan eta Gizarte Sailburuak 2002ko abenduaren 2an, 2003ko urtarrilaren 20an argitaratu zen aginduan, EAEko interes orokorraren alde egiten duelako. N.B.