N.B.
ELGOIBAR

«Non eta mugan», periferiako ikastolekin topaketa, Bastidan

Euskal Herriko hainbat ikastola Bastidan elkartu ziren apirilean, tartean Elgoibar ikastolako ikasleak. Horri esker, 14 eta 16 urte arteko gaztetxoek euren esperientziak partekatu ahal izan zituzten. Topaketa horretan periferian dauden ikastolek parte hartzen dute, baita ikastolen jaiak antolatzeaz arduratzen direnak ere.

Bastidako kaleak musikaz eta giro onez bete zituzten ikastoletako gazteek.
Bastidako kaleak musikaz eta giro onez bete zituzten ikastoletako gazteek. (GARA)

Euskal Herriak oso presente izan ditu mugak beti. Lurraldeen arteko mugak. Baina horiek inoiz ez dira izan muga fisikoak, kontrakoa baizik. “Non eta mugan” ekimena periferian dauden ikastolen topaketa da, non urteko ikastolen jai guztien antolatzaileak ere gonbidatzen dituzten. Bertan, 14 eta 16 urte arteko ikasleak beste herrietakoekin elkartzen dira, eta egun osoko egitarauaren bidez ondo pasatzeko aukera dute.

Aurtengo edizioa Bastidan izan zen, apirilaren 4an. Bertan izan ziren Arabako San Bizente (Oion) eta Assa (Lapuebla de Labarca) ikastoletako ikasleak, Bizkaiko Zubi Zaharra ikastolakoak (Balmaseda), Nafarroako Argia ikastolakoak (Fontellas) eta Iparraldeko Etxeparekoak (Baiona). Horiekin batera izan ziren 2025eko Araba Euskaraz, Kilometroak, Nafarroa Oinez, Ibilaldia eta Herri Urrats jaien antolatzaile diren ikastoletako ikasleak: Bastida, Elgoibar, Atarrabia (Paz de Ziganda), Galdakao (Eguzkibegi) eta Baiona (Bernart Etxepare Lizeoa).

Elgoibar Ikastolatik DBH4ko ikasleak izan ziren Bastidan. Ion Vazquez zuzendariaren esanetan, «giro oso polita sortu zen, eta gazteek aukera izan zuten elkar ezagutzeko eta euskaraz aisialdia partekatzeko».

Euskal Herriko leku desberdinetako ikasleek elkarren artean beren esperientziak trukatzeko eta ikastolek antolatzen dituzten jaiek herriari egiten dioten ekarpena bistaratzeko sortu zuen Ikastolek Elkarteak “Non eta mugan” ekimena, bakoitzak egunerokoan euskararekin duen harremana oso desberdina baita.

«Egungo gizarte-errealitateari erreparatuta, bistakoa dugu euskararen ezagutzak ez duela beti bermatzen erabilera, eta harenganako jarrera ona izateak ere ez dakarrela berarekin hiztun aktibo izatea. Errealitate hori ikastolen ibilbidean aspaldi nabarmendu bazen ere, egun are eta orokortuagoa ageri zaigu», zabaldu zuen Ikastolen Elkarteak.

Azaldu zuenez, aisiarekiko duen begirada bi norabidetan garatzen du: batetik, aisiak duen ezaugarri hezitzaile eta pedagogikoan eta, bestetik, komunitatearen barruan aisiak duen indar kohesionatzailean.

Ikuskera hori xedetzat hartuta, ikastoletan garatzen diren aisia-ekintzetan bereziki erreparatzen diote horiek euskaraz bideratuak izateari eta euskal kulturan errotuta egoteari. Era berean, «ahalegin berezia» egiten dute helburu eta osagai horiek gizartean antolatzen diren bestelako aisia-eskaintzetan ere txerta daitezen. «Hala, ikastolen ahalegina soilik ez, gizarte osoarena izatera irits dadin; azken finean, bada ageriko ahalegin bat, ikastolaren eta gizartearen artean elkar elikatze esanguratsua gerta dadin», aipatu zuten.

Ikastolen Elkartearen ustez, «aisiarekiko begiradan sakontzeko, lehenik, ‘aisialdia’ eta ‘astialdia’ terminoak desberdindu behar dira. Astialdia denbora librea da; aisialdia, berriz, denbora libre hori betetzen duena».

Hori horrela, «ikastoletara bideratzen den aisialdi-eskaintzaren xedea ikaslea denbora librearen erabilera egokian heztea da. Alegia, gazteak konformismotik eta globalizaziotik urrunduz, ikuspuntu kritikoan hezi nahi ditu».

Ideia horiek bilduz, Bastidako topaketa 10.30ean hasi zuten, anfitrioiek egindako harrerarekin. Denak elkartzean, Kike Amonarrizek bakarrizketa eskaini zien, eta 11.30ean orientazio jokoa egin zuten herrian zehar. Horri esker, Bastida ezagutzeko aukera izan zuten.

13.30ean talde dinamika egin zuten, baita bingo musikatua ere, eta gero elkarrekin bazkaldu zuten. 15.30ean Bastidan zehar ikuskizun ibiltari bat izan zuten eta 17.00etan amaiera eman zioten topaketari, bakoitza bere herrira itzultzeko ordua iritsita.

Egunean zehar Assa ikastolak egiten duen lanaren berri eman ahal izan zuen, eta herrian, euskararen periferian, bizi duten egoera azaldu zuten. Era berean, jolas eta ekintza guztietan euskara izan zen hari nagusia.

URTEROKO EKINTZAK

Kilometroak Gipuzkoako ikastola batek antolatzen duen festa bada ere, Euskal Herrian antolatzen diren gainontzeko ikastolen jaiekin batera, aitzakia perfektua da urtean zehar gaztetxoekin ekintzak prestatzeko, eta ikastolen arteko sarea indartzeko.

Hala, “Non eta mugan” topaketaz gain, badaude urtero antolatzen diren bestelako ekintzak ere. Komiki lehiaketan Euskal Herriko ikastola guztietako 14-16 urte bitarteko ikasleek parte har dezakete. Nork bere herriko gai bat hautatu eta komiki baten bidez azaldu behar dute parte hartzaileek. Guztiak sarean jarri ohi dira ikusgai, eta puntu gehien eskuratzen dituena “Xabiroi” aldizkarian argitaratzen dute.

Horrez gain, aurtengo irabazleak Elkar dendetan gastatzeko 100 euroko bonua, tablet bat eta “Xabiroi’ aldizkariko urtebeteko harpidetza irabazten du; bigarren postua eskuratzen duenak 100 euroko Elkar bonua, hiru komiki bilduma eta “Xabiroi”-ren urtebeteko harpidetza; eta hirugarrenak, 100 euroko Elkar bonua eta “Xabiroi”-ren harpidetza. Epaimahaia Joseba Larratxe Joseviskyk, Aritz Truebak eta Koldo Aldabek osatu dute.

Bestalde, Liburu Ibiltaria egitasmoaren bosgarren edizioa egin dute. Guztira, Euskal Herriko 28 ikastoletako DBH3ko ikasleek parte hartu dute. Herriz herri mugitu da liburua, eta «jaiak» gaia oinarrian izanik, ehundaka egilek euren ekarpena egin diote testu bateratuari. Azaroan abiatu zen Labarcatik eta maiatzean jaso zuen azken ikastolak Galdakaon.