GARA
BILBO

Euskal identitate garaikideaz gogoetan

Eusko Ikaskuntzak sustatuta, euskal identitate garaikidearen, elkarbizitzaren eta euskararen gainean gogoeta egiteko gonbidapena da ‘‘EzBerdin Berdinak’’. Urriaren 24an oholtzaratuko da estreinakoz, Bilbon, Kukai Dantza, Odei Barroso, La Furia, Leire Vargas, Mixel Etxekopar eta Sabin Bikandiren eskutik.

“EzBerdin Berdinak” egitasmoaren aurkezpena, Bilbon.
“EzBerdin Berdinak” egitasmoaren aurkezpena, Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Euskal identitate garaikidea birpentsatzeko esperientzia artistiko eta parte hartzaile gisa aurkeztu dute ‘‘EzBerdin Berdinak’’, Eusko Ikaskuntzak sustatuta, diziplina ezberdinetako sortzaile eta artistekin osatu duten ikuskizun berezia. Aurkezpenean «esperientzia» bezala aurkeztu zuten, identitatearen, elkarbizitzaren, euskararen eta beste ardatz batzuen inguruko hausnarketa sustatu nahi duena, zenbait galdera ekarriz mahai gainera: «Nola hitz egiten dute tradizioak eta modernitateak, belaunaldiek eta lurraldeek? Zer egiteko dute euskarak eta kulturak gizarte plural eta aldakor batean?», jarri zuten adibidetzat.

Dantza garaikidea eta tradizionala, bertsolaritza, antzerkia eta zuzeneko musikak (txalaparta, rapa eta elektronika) uztartuko ditu proposamenak, «estiloen eta diziplinen arteko fusioa, indarra eta emozioa» transmitituz, «bai eta aniztasuna sortzetik eta euskaratik naturaltasun osoz batzeko gaitasun ikaragarria» ere. Besteak beste, Odei Barroso, La Furia, Leire Vargas, Mixel Etxekopar, Sabin Bikandi, La Pulga edo Jesus Herrera izango dira saioetan, Kukai Dantzarekin batera.

Aurkezpenean Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusia den Iñaki Zabaletak azaldu zituen ekimenaren helburuak: «Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren legatu gogoetatsuari zabalkundea eta jarraipena eman nahi diogu». Kongresu horrek, 2024an, hizkuntza artistikoari helarazi zizkion identitateari, euskarari, aniztasunari eta etorkizun partekatuari buruzko gogoetak, ikuspegi ireki eta inklusibo batetik. Alde horretatik, arteak gizartea eraldatzeko duen gaitasuna nabarmendu zuen.

Zazpi saioko bira bat izango da, urriaren 24 eta 25ean abiatuko dena Bilbon, eta Iruñean (azaroak 8), Donibane Garazin (azaroak 28), Gasteizen (abenduak 12) eta Donostian (abenduak 19 eta 20) izango da segidan. Sarrerak: www.eusko-ikaskuntza.eus.