Iraganaren sustraietatik askapenerako bidea egin du Jone Bordatok «Erroen izerdia»-n
Jone Bordatoren lehen liburua da «Erroen izerdia», hiru ipuin luzek osatutako triptikoa. Pertsonaiek iraganeko sustraietan dute oinarria, baina askapen prozesuen bidez nork bere burua ezagutzeko eta kontzientzia berri bat eraikitzeko bidean jartzen dira.

“Erroen izerdia” (Elkar, 2025) Jone Bordato (Hazparne, 1984) idazle lapurtarraren lehen liburua da, hiru ipuin luzek osatutako obra trinkoa, triptiko baten antzera eraikia. Istorio bakoitza beregaina bada ere, guztiek hari komun bat partekatzen dute: pertsonaiek beren iraganeko erroetan aurkituko dute beren identitatearen muina, baina bide horretan antzaldatze eta bestelakotze prozesuak biziko dituzte, askapen pertsonal eta kontzientzia berri baterantz gidatuko dituztenak.
Atzo aurkeztu zuten liburua Donostian, Fermin Kalbeton kaleko Elkar dendan. Bertan izan ziren Jone Bordato egilea eta Xabier Mendiguren editorea. Mendigurenek gidatu zuen solasaldia, galderak eginez, eta Bordato bere lanaren sorreraz eta esanahiaz aritu zen. Filosofia ikasketak egin zituen Parisko Sorbonan eta gaur egun akupunturista lana egiten du. Egilearentzat literaturara iristea «pixkanaka egositako prozesu bat» izan omen da: «Betidanik izan naiz irakurle amorratua, eta nerabezarotik idatzi dut, baina argitaratzeko asmorik gabe».
Bordatoren esanetan, “Erroen izerdia” «barneko sustraiei» eta horien azpian ezkutatzen diren emozioei buruzko metafora da. «Erroak gure baitan daude, askotan lur azpian, inkontzientean. Hiru ipuinetako pertsonaiek askapen prozesuak bizi dituzte, eta bizipen horietan zehar kontzientzia hartzen dute», azaldu zuen.
Lehendabiziko ipuinak “Ana” du izenburua eta hiru atal ditu: dolua, bakar bidea eta bilakaera. Protagonista bere bikotekidearengandik banandu den emakume gazte bat da. Bere sendatze prozesua barrutik azalduta kontatzen du ipuinak. Bordatok esan zuenez, «ipuin horrek bereizketa horren ondotik berriz altxatzeko egin behar duen barne ibilbidea kontatzen du».
Bigarren ipuina, “Ibilaldia”, mendiko bidaia baten inguruan garatzen da. Atal horretan, bi lagun -euskalduna bata eta espainola bestea- elkarrekin aritzen dira Pirinioetan, eta bien arteko elkarrizketek identitatearen eta jatorriaren inguruko hausnarketa pizten dute. Mendiak, gainera, sinbolo garrantzitsua dira Bordatoren lanean: «Mendian gora joatea barne ibilbidearen metafora polita da».
Hirugarren ipuina, “Zapi beltzaren ezkutuan”, luzeena eta helduena da. Amaia eta Mirentxu ahizpen arteko harremanetik abiatzen da kontakizuna. Hainbat urte Euskal Herritik kanpo igaro ondoren, Amaiak etxera itzultzea erabakiko du, familiako sekretu batek eragindako zauria itxi nahian. Ipuin honek sakon jorratzen du oroimenaren eta barkamenaren gaia, baita sendatze prozesuaren espiritualtasuna ere.
Bordatok aitortu zuen “Erroen izerdia” idazteak «plazer handia» eman diola eta berriro idazteko gogoa piztu diola. Izan ere, bere lan profesionaletik -akupuntura eta terapia arloetatik- jasotako esperientziek ere inspiratu dute: «Jendea agertzen da bere kezka, arazo eta istorioekin. Hirugarren ipuinaren kasuan, lanean topatu izan ditudan istorioek inspiratu naute».

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
