Goixerriren debuta eta Imanol Lopezen agurra

Erkiaga-Ibarluzea bikotea, ‘pantera arrosak’ bezala ere ezaguna, hirugarren txapelaren bila joango da Winter Serieseko bosgarren edizioan. Gernikako txapelketa handia irabazi zuten urte hasieran, baita 2024an ere, eta, beraz, aurkari guztiek garaitu nahi duten bikotea izango da. Ispasterkoak hiru edizio irabazi ditu orotara, eta lehenbizikoa, Zabalarekin.
Dena den, iaz inoiz baino irekiago egon zen txapelketa, puntista gazteen presentzia emendatu egin baitzen -lehen edizioarekin alderatuta, batez besteko adina 10 urte jaitsi zen-, eta aurten, hauen presentzia konfirmatu ez ezik, protagonista bilakatu daitezke.
Erkiaga-Ibarluzearen nagusitasuna apurtzeko faboritoak izan daitezke, esate baterako, Johan-Gorka Sorozabal anaiak, Barandika-Basque, Goitia-Lekerika edota Urreisti-Lopez.
Hain zuzen ere, Lopezek bere ibilbide oparoari amaiera emango dio denboraldi honetan. Azkenekoz jokatuko du Gernikan, iazko denboraldian zenbait ezusteko eman zituen Eñaut Urreisti mutrikuarrarekin bikotea osatuta. Zumaian, bere herrian, bukatuko du ibilbidea, baina aurretik Gernikan, 2003an debuta egin zuen leku berean bere zigilua uzten saiatuko da. Pilotari gipuzkoarrak irabazi beharreko titulu guztiak irabazi ditu, tartean 2022-23 denboraldiko Winter Seriesa, eta bera da, Barandikarekin batera, egungo Jai Alai Ligako txapelduna.
Urreisti-Lopezen lehen aurkaria Goixerri-Manci bikotea izango da eta, beraz, Gernikako azken asteleheneko azokan -hilaren 27an- mutrikuarren presentzia handia espero da. Gainera, Ekaitz Mendizabal ‘Goixerrik’ debuta egingo du Winter Seriesean (iazko denboraldian estreinatu zen Jai Alai Ligako zirkuituan), bere herrikide eta kuadrillakoa -egungo Winter Serieseko finalista- bizkartzain duela.
LAGAKO HONDARTZARA BUELTA
Lehen edizioa aurkeztu zuten lekura itzuli zen atzo Winter Series, Lagako hondartzara. Duela bost urte gutxik sinesten zuten Euskal Herrian zesta-puntaren pizkundean. Daniako pilotalekua 2021ean itxi ostean, eta honenbestez AEBko azken frontoi luzea, puntistek etxera itzultzea beste erremediorik ez zuten izan. Hauen itzulerak suposatu zuen olatua probesteko asmoz sortu zen Winter Series -eta gerora Eraman Jai Alai enpresa bilakatu dena, Jai Alai Liga osatu eta urte osoko egutegia finkatuz-.
Hilaren 27an bi partida jokatu dira: Goixerri-Manci / Urreisti-Lopez eta Johan-Gorka / Goitia-Lekerika. Lehen faseko azken lehia, abenduaren 29an, finalerdietako ligaxkari hasiera eman aurretik (urtarrilaren 2an). Finala otsailaren 15ean izango da, eguerdiz.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
