Behi piriniotarraren Harpea haragiak, jatorri-izen babestua lortzea xede
Gure lur eta kulturan errotua, euskararekin batera Europa indigenaren aztarna bizia, haragiaren erregina, piriniotar behi arrazaren hazkuntza Nafarroa Beherean indartu egin da, baldintza oso zorrotzak bete behar dituen Harpea haragiaren merkaturatzeari esker. Sor-marka babestua lortzeko bidea urratzen gogotsu dabiltza.

Bertako arrazak altxor genetiko eta kulturalak dira, gure nortasunaren parte. Eta zergatik ez, baita gastronomiarena ere. Euskal Herrian behietan lau harribitxi ditugu: betizua, montxina, terreña eta piriniotarra. Desagertzear egon diren arren -batzuk oraindik hala daude-, denboraren joan-etorriari eutsi eta gure mahaiei kalitatea eta lurraldeari jasangarritasuna eskaini diete.
Lauretan hedatuena piriniotar arraza da, haragitarako lauretan aproposena, mendiko bazkalekuak aprobetxatuz eta azken hilabeteetan gizentzeko pentsuak erabiliz ustiategi mistoetan hazten dena. Oso antzinako arraza da. Esnetarako ona, haragitarako aproposa, eta, batez ere, goldatzeko gurdi-abere otzana izanik, euskal baserrietan oso ohikoa zen. Erdi basatia den betizua ez bezala, baserrien inguruko ekologian ederki txertatu zen piriniotarra.
Baina, bertako beste behi arraza propioekin gertatu bezala, Europa erdialdetik ekarri zituzten hobetutako arrazek, teorikoki errentagarriagoek, lekua jan zioten, desagertzeko zorian uzteraino. 1970ean piriniotarra erabat desagertu zen Araba eta Bizkaitik, eta 1976an Nafarroako Aldundiak egindako ahaleginari esker salbazioaren bidean jarri zen adakera estilizatua duen behi lirain eta indartsu hau. Bere erresistentziagatik, txahala aurrera ateratzeko senagatik eta esnetarako gaitasunagatik, euskal produkzio sistementzako arraza oso interesgarria da.
2010ean berragertu zen Ipar Euskal Herrian, eta 2016an Iparraldeko Behi Pirenaikaren Elkartea sortu zen Ainhize-Monjolosen, arrazaren hazkuntza bultzatzeko, bi urtera, 2018an, Frantziako Nekazaritza Ministerioak aitortu zuena. 25 abeltzain, bi hiltegi eta bi kooperatiba batzen dituen elkarteko presidentea Suhuskuneko Peio Eliceits abeltzaina da. Bere hitzetan, «abeltzainen eta hiltegien arteko gertutasun geografikoak animalien errespetuzko garraioa bermatzen du. Pertsonaren neurrira egindakoa zirkuitua da, bertatik bertara soilik funtziona dezakeena».
PRODUKTUA, LURRALDEA, ARRAZA
Hemezortzi abeltzainek behiak hazteko baldintzak errespetatzeko konpromisoa hartu dute. Hartara, Harpea haragia merkaturatu dezakete. Peio Eliceteisek hau adierazi du: «Gure baldintza zorrotzak dira, pirenaika arraza zaintzea dute oinarri, Ipar Euskal Herriko lurraldean, jaiotzetik hiltegiraino, eta transhumantzia obligazioa da, hiru hilabete mendian gutxienez, animaliaren ongizatearekiko errespetua, batez ere elikadura mailan».
Harpea haragiak jatorri-izen babestua (frantsesez AOP appellation d'origine protégée) delakoa lortuko balu, Ipar Euskal Herrian dauden beste lau sor-markekin bat egingo luke, Irulegiko ardoarekin, Ossau Iraty gaztarekin, Ezpeletako piperrekin eta Kintoko txerriarekin. Hori dute helburu Harpeakoek, jada jatorri-deitura horiek ematen dituen arduradunekin biltzen hasiak direla.
«AOP da denetan label nobleena, produktu bat, lurralde bat eta arraza bat bermatzen dituena. Lortuko bagenu, gure haragiaren kalitatearen eta gure abeltzainen jakituriaren aitorpen ofiziala litzateke. Hori da gure azken helburua, baina denbora behar da horretarako», baieztatu du Eliceitsek.
Izan ere, urte asko behar dira sor-markaren egiaztagiria lortzeko. Bitartean, baina, «egitura eta zirkuitua indartu daitezke, kalitatezko produktua merkaturatzen jarraituz». Horregatik, Harpea izen komertziala hartu zuten iaz, historiarekin lotura duen deitura. Peio Eliceteisek zehaztu duenez, «Harpea haitzetako aterpea da, abeltzainentzat toki sinbolikoa, Garaziko eta Aezkoako bailaren artean dago, artaldeak eta behi-taldeak mugatik bi aldeetara libre ibiltzen utziz».

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
