Asier ROBLES
BILBO

Sindikatuek ez dute nahi gaitz arruntak mutualitateek kudeatzea

Langileen gaixotasun arruntak mutualitateek artatu ahal izatea eragotzi nahi dute ELA, ESK, Steilas, USO, CGT eta CNT sindikatuek eta OPA plataformak. EAEko eta Nafarroako gobernuei mutualitateekin lankidetzarik ez sinatzeko eskatu diete.

«Mutuak Stop» kanpainaren aurkezpena.
«Mutuak Stop» kanpainaren aurkezpena. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

ELA, ESK, Steilas, USO, CGT, CNT sindikatuek eta Osasun Publikoaren Aldeko plataformak “Mutuak Stop” kanpaina abiatu dute Nafarroan zein EAEn, mutualitateekin inongo lankidetza hitzarmenik sina ez dadin. LABek ere bat egin du.

2023an hasi zen afera; CCOO eta UGT sindikatuek CEOE eta CEPYME patronalekin langileek pairatzen dituzten hainbat gaixotasun arrunten arreta pribatizatzea eta osasun publikoko jarduerak mutualitateen esku uztea adostu zutenean.

Euskal Herriko sindikatuek salatu dute EAEko Gobernuak oraindik ez duela baztertu halako akordio bat egitea eta Nafarroako Gobernuak CCOO, UGT eta CENekin adostu du akordio hori garatzeko asmoa.

«Mutualitateak enpresa-elkarteak dira, eta, besteak beste, lanak eragindako kalteei arreta ematen diete, betiere enpresen eskaeretatik abiatuta, eta lanekoak ez diren osasun kontrolak ere egiten dituzte, errekuperazio-denborak eta kostuak murrizteko helburuarekin. Langileentzat, laguntza medikoaren kalitatea okertu eta kontingentzia arruntagatiko bajen kontrola areagotuko litzateke, zuzenean osasun pribatuaren poltsikora bideratuz, besteak beste», salatu dute.

Gehitu dutenez, mutualitateek altak aurreratzeko «presio mekanismo gehiago» izango lituzkete hainbat gaitz arruntetan. Gainera, mutuen bidez osasun pribatura bideratuko diren probak eta tratamenduak areagotuko dira, eta horiek Gizarte Segurantzako kotizazioek ordainduko dituzte. «Gizarte Segurantza osasun pribatuaren finantzatzaile eta bultzatzaile bihurtuko da», ohartarazi dute sindikatuek.

KANPAINA

Besteak beste, sindikatuek Legebiltzarrean agerraldia egitea eskatuko dute egoeraren «larritasuna» salatzeko, alderdi politikoei eskatuko diete legez besteko proposamenak onar ditzatela lankidetza akordioen aurka, enpresetan pribatizazioaren aurkako mozioak landuko dituzte, mutualitateen aurrean salaketak egingo dituzte eta osasun langileen artean pribatizazioaren aurkako lanketa egingo dute.

Kanpainaren lehen fase honetan alderdi politiko eta instituzioen aldetik jasotako erantzunaren arabera, ondoren bestelako mobilizazio deialdiak egingo dituztela ohartarazi dute.