OIER IRIARTE ARRONDO
KAZETA
Entrevista
Uxue Hiriart
Antzezlea

«Antzerkia gaztetxeetara ekartzea aski garrantzitsua da»

Bordelen antzerki ikasketak egiten ari den Uxue Hiriart euskarazko doako antzerki tailerrak ematen hasiko da Baionako Zizpa Gaztetxean. Orain arte batez ere taula gainean aritu da, beraz, tailerrak emanen dituen lehen aldia izanen du.

(Guillaume FAUVEAU)

Kolegio garaian frantsesezko antzerki kurtsoak hartzen hasi ondotik, 2019ko Aiherrako kabalkadaren bidez deskubritu zuen Uxue Hiriartek (Aiherra, 2002) euskarazko antzerkigintza. Bordelen antzerki lizentzia bukatu zuen, eta masterreko bigarren urtea hasi berri du.

Euskal kultura eta antzerkiarekin harremana azkartzen ari dela, Baionako Zizpa Gaztetxean bi astean behin antzerki tailerrak ematen hasiko da igande honetan, hilaren 26an.

Nola sartu zinen antzerkigintzaren munduan? Nondik heldu zaizu antzerkiarekiko grina?

Biarrizko Chimeres taldearekin hasi nuen antzerkia, kolegioan. Herabea nintzen, eta irakasle batek erran zidan antzerkia hasteko. Anitz maitatu nuen eta lizeora arte segitu nuen. Frantsesezko tailerrak hartzen nituen.

2019an kabalkada batean, Aiherrako kabalkadan, parte hartu nuen. Euskaraz antzerkia egin nuen lehen aldia izan zen, eta anitz maitatu nuen.

Baxoa eta gero ingeles lizentzia hasi nuen; ez zen martxatu eta utzi egin nuen. Chimeres taldearekin ikastaro bat egitea erabaki nuen. Anitz maitatu nuen eta hilabete batzuetan segitu nuen. Egiten duena hiper garrantzitsua iruditzen zait.

Hor erabaki nuen antzerki lizentzia egitea Bordelen, eta masterraren bigarren urtea hasi dut orain.

Antzerki ikasketak egiten dituzu. Baina ikasketetatik at, nolako harremana duzu egun antzerkiarekin?

Hasteko, anitz maite dut antzerkia ikustea, izan Bordelen edo izan Euskal Herrian. Musikaren eta dantzaren lekua ere aski garrantzitsua dela atzematen dut.

Taulan izatea ere maite dut, baina orain taularatzea eta eszenografia lantzeko enbeia dut.

Justuki, kurtsoak frantsesez hartzen hasi zinela aipatu duzu. Ipar Euskal Herrian antzerkigintza euskaraz ikastea erraza da?

Ene ustez ez da erraza, baina mugitzen ari da. Gazteengan, edo orokorki jendearengan, bada enbeia bat. Uste dut kontserbatorioan badirela euskarazko klase batzuk, konpainia batzuk ere badira. Baina, ene ustez ikasteko ez da anitz, eta bada enbeia.

Gaur egun Bordelen antzerkigintza ikasten duzu. Ikasketei esker, antzerki munduan bete-betean murgildua zara, aldiz, Euskal Herritik kanpo bizita, nolako harremana duzu egun euskal antzerkiarekin? Lotura mantentzea lortzen duzu?

Pixka bat bai, baina, ene ustez, ez aski. Beti begi bat euskal kulturan ukaten entseatzen naiz. Xantza badut, familia Bordelen ere baitut, eta horrek laguntzen dit. Bisaiez ezagutzen dut horretan ari den jendea: Axut, Artedrama Hegoaldean...

Horregatik, aurten Euskal Herrira pixka bat gehiago joateko enbeia dut. Euskal kulturarekin lotura berriz egiten ari naiz, zeren eta Bordelen egonik ez bainintzen hiper presente, bortxaz.

Tailerra euskal antzerkira gehiago hurbiltzeko eta kulturan diren jendeekin izateko aitzakia ere bada.

Preseski, igandetik goiti Baionako Zizpa gaztetxean antzerki tailerrak ematen hasiko zara. Nola sortu zen ideia?

Udan Amaia Carrere enegana etorri zen. Ttipitatik elkar ezagutzen dugu, eta erran zidan antzerkia euskaraz egiteko enbeia zuela, baina ez zuela tailerrik atzematen. Beraz, gure artean zerbait muntatzea proposatu eta jendea atzemateko erran zidan.

Nik segidan erran nion baietz, eta taularatzea eta tailerraren animazioa nik egiteko enbeia nuela erran nion. Tailer bat animatuko dudan lehen aldia izanen da, beraz. Enetzat ere ariketa berria izanen da, baina motibazio anitzekin eginen dut.

Antzeztea edo antzezten erakustea oso ezberdina dela pentsa daiteke. Zerk bultzatu zaitu?

Lizentzian pixka bat taularatu eta animatu dut, eta nik gidaturik jendeak emozioak atzematearen sentsazioa anitz maitatu dut; batzuetan ene ideietatik, beste batzuetan parte hartzaileen ideietatik ere. Anitz maite dut zerbait sortzen ikustea.

Gainera, gaztetxeak euskal kulturarentzat txoko garrantzitsuak dira, baina batez ere musikak, eta nagusiki kontzertuek, izaten dute tokia. Gaztetxeetan antzerkia sartzea garrantzitsua da?

Bai. Ene ustez gaztetxeak taldean izateko eta gauzak transmititzeko lekua dira. Beharbada bukaeran zerbait erakutsiko dugu, beharbada ez; oraindik ez dakit. Baina, ene ustez, antzerkia gaztetxeetara ekartzea aski garrantzitsua da.

Zer aurreikuspen egiten duzu?

Lehenik, helburua jendeak antzerkiaren eta euskararen inguruan elkar ezagutzea da. Ene ustez, lehen partean, abendura arte, ariketa ttipiak-eta eginen ditugu. Eta, zergatik ez, urtarriletik goiti elkarrekin zerbait muntatzen hasten ahalko gara; beharbada existitzen diren testuetatik abiatuta, beharbada guk idatziko dugun zerbaitetik.

Helburua elkar ikustea eta talde baten sortzea da.