HERRITIK HERRIARENTZAT, HONDARRIBIKO UDALAREN BABESA ETXEKO KOMERTZIOARI

Urteetan turismoari begira egon da Hondarribia, baina alkatetza aldaketari esker, bertakoak daude orain erdigunean. Merkataritzari bultzada emateko asmoz, diagnosia egin eta ekintza plan bat garatu du, hirigintza, euskara eta merkatarien gaitasunak hobetzea ardatz dituena.

Udalak jasotako datuen arabera, merkataritza-guneek gero eta jende gutxiago erakartzen dute. Horretaz baliatuz, herriko komertzioa indartu nahi dute.
Udalak jasotako datuen arabera, merkataritza-guneek gero eta jende gutxiago erakartzen dute. Horretaz baliatuz, herriko komertzioa indartu nahi dute. (HONDARRIBIAKO UDALA)

Turismoa erakartzen duen herria da Hondarribia, baina herriko komertzioaren helburua ez dira turistak. Hori dela eta, Udalak diagnosia egin eta ekintza plan bat garatu du, bertako kontsumoari indarra emateko asmoz. Onartzear dagoen plan horretan kontuan izango dute hirigintza -mugikortasuna, aparkalekuak-, erosketak egiteko espazioa «atsegina» izan dadin. Era berean, euskararen presentzia tratu hurbilean ere faktore garrantzitsua dela uste du Udalak.

Estitxu Urtizberea alkateordeak honela azaldu du: «Kaleko bizitza galtzen joan gara. Komertzioak ez dira bakarrik jarduera ekonomiko bat; bihotza jartzen diote, begiak dira kalean, eta jendea horretaz jabearazi behar dugu. Komertzioak behar ditugu gure kaleak biziak eta seguruak izateko». Adibidez, arrandegikoak kontatu zion badutela bizilagun bat mugikortasun arazoak dituena eta arraina etxera eramaten diotela. Eta ez hori bakarrik, eraman behar diotenean ea beste zerbait behar duen galdetzen diote. «Ia-ia zaintza lanak ere egiten dituzte», esan du Urtizbereak.

Hala, Udalak bertako bezeroak «fidelizatzea» nahi du, eta horretarako lehiakortasunari begirako laguntzak indartuko dituzte, saltoki bakoitzari bideratutako formakuntza eskainiz. «Gustatu ala ez, Internet oso txertatuta dagoen zerbait da. Batzuei kosta egiten zaie plataforma horietara salto egitea. Beraz, dirulaguntza metalikoaz aparte, laguntza praktikoa ere eskainiko zaie», azaldu du Urtizbereak.