Musikaren industriako matxismoa, ageri-agerian
Musikaren industriako azoka den BIMEk bigarren eguna zuen atzokoa Bilboko Euskalduna Jauregian. Sorkuntzaren ingurukoez gainera, industrian emakumeek duten paperaz edota istorioak sortzean artistek zaleekin duten loturaz hizketan aritu ziren. Leire Martinez errenteriarra izan zen protagonista nagusia.

Euskalduna Jauregian gertatzen ari denaz harago, Amerikako Estatu Batuetako Seattle hiriko KEXP irrati publikoak aurtengo BIMEn zuzeneko bereziak grabatuko ditu Bilboko Inkarnazioaren elizatik. Hedabideko zuzendari digitala eta aurkezlea denak, Albina Cabrera argentinarrak, zuzendu zuen atzoko lehen mahai ingurua. “Ahalduntzetik harago: industria eraldatzen duten emakumeak”, gai hori ardatz hartuta, Leire Martinez Errenteriako abeslaria eta Francisca Valenzuela Kalifornian sortu eta jatorri txiletarra duen musikaria izan ziren hizlariak.
«Beti taldeetan izan dira nire hasierak, eta horietan emakume bakarra izaten nintzen. Baina denok berdinak ginen, lanak banatuta zeuden eta egin beharrekoa egiten zen. Egia da, industria handiago batetara sartu nintzenean, dena aldatu zela. Eraikitako proiektu batean sartu nintzen, eta rolak oso banatuta zeuden han. Egiari zor, gizartean orokorrean topatzen ditugun gauza berak gertatzen dira musika industrian ere. Baina hori dena gehiago bizi izan dut La Oreja de Van Goghen sartu nintzenetik aurrera», kontatu zuen errenteriarrak.
Valenzuelak hamazazpi urte zituela beste musikari heldu bati idatzi zion bidea nola egin zezakeen galdetuz, «eta emakumerik ez zegoen arren, sistematikoki matxismoa pairatu nuen. Deseroso eta arriskuan ikusten nuen nire burua une oro. Mexikon zuzendari exekutibo batek bilera batean ia-ia ezkontzeko eskatu zidan, eta hor ohartu nintzen industrian ohikoa zela halako egoerekin topo egitea. Hartara, nire taldea sortzen joan nintzen heinean, emakumez inguratu nintzen, eta hor, seguru sentitu nintzen unetik aurrera, industriari begira ekarpena egin nahi izan nuen, egiteko moduak aldatzeko asmoz. Garai haietan ez zegoen emakumerik bulegoetan eta erabakiguneetan eta, zorionez, hori pixkanaka aldatzen ari da».
MATXISMORIK GORDINENA
Une horren ostean, Leire Martinezek hitza hartu eta esan zuen emakumeek beren komunitate propioa sortzea soilik ez dela kontua: «Gizonezkoek ondo zaindu behar gaituzte. Behin, konpainia bateko presidente batek, Sonykoak, zerrendetan lehendabiziko tokira iritsi zen kantu baten bueltan egindako bileran esan zidan sekulako titiak nituela. Jo eta ma geratu nintzen. Hori bai, nik erantzun nion ezingo zituela berak nahi bezala apreziatu. Taldekideei esan nien akaso Sonyrekin harremana etengo zela horren ondorioz, baina haietako inork, denak gizonak, ez zuen ezertxo ere egin egoera horren aurrean». Ez zen halakorik gertatu, ordea, eta azken diskoa ere Sonyrekin plazaratu zuten.
Guztiak hobeto funtzionatzeko zer aldatu beharko litzatekeen galdetuta, Martinezek zera adierazi zuen: «Diskurtsoak-eta oso ondo daude, baina ekintzak falta dira horren aurrean; eta hori ematen denean gertatuko da benetako aldaketa. Kontzientzia gero eta gehiago dago eta aldaketa horiek pixkanaka ikusten ari gara, baina ez dira sakonekoak izan».
Ikerketa berri bat egin dute orain Ruidosakoek, eta Latinoamerikan %20koa da emakumeen presentzia edo mistoena, baina %1 soilik da kartelburua, eta hori ez da horrela mundu anglo-saxoian. Enpresetan, berriz, %20koa da emakumeen presentzia, baina karguetan %12koa besterik ez da, eta hori industrian dirua jartzen dutenen araberakoa da. «Hortaz, Ruidosak neurriak hartu nahi ditu, emakumeen eta disidentzien mesedetan. Eta hor topatzen dut askok ez duela beren burua ahaldunduta ikusten. Hitzaldiak emateko deitzen diegunean, esaterako, emakume askok uste du ez dela bere tokia, baina guk sinetsarazten diegu baietz, beren espazioa delako deitzen diegula». Bada zer aldatu oraindik.
PROIEKTU BATEN AURPEGI IZATEAREN ZAMA
Talde baten aurpegia izatearen arduraz galdetu zien Cabrerak, eta Leire Martinezek baietz esan zuen buruarekin, ardura hori sentitu duela bere gainean: «Zarata asko zegoen jendartean eta taldearen bideari eustea nire lana zela sentiarazten zidaten. Gerora aldekoak eta kontrakoak egon dira, eta babestua sentitu naiz, egiari zor. Barrutik bizita, gaur egun da nire ibilbidearen jabe lehenengoz sentitzen ari naizen unea. Ni naizela nire erabaki guztien jabe nabari dut orain. Taldean egon nintzen garaian, proiektua eta marka ziren garrantzitsuak nire ustez. Erromantikoa nintzen, nire izenaren gainetik zegoen hori guztia eta pozik bizi nuen hori. Orain, kanpotik ikustean, konturatu naiz 17 urteren ostean askorentzat ezezaguna naizela, talde bateko kide izateak hori dakarrelako; eta hori nik onartu nuen, ez diot beste inorri egotziko hau. Baina jabetzen naiz nire irizpideak ez zirela hainbeste entzuten talde barruan, eta horretaz kanpotik begira jarritakoan konturatu naiz. Orain bai, nik nahi dudana egiten nabil». Txalo zaparrada jaso zuen abeslariak.
ALDAKETA BEHARRA
Azken urtean gertatu denak ea industrian aldaketarik eragingo ote duen galdetu zioten publikotik Leire Martinezi, eta esan zuen atentzio dei moduan balio izan badu, txalotzen duela, baina ez du hainbesterako izan denik uste: «Batzuetan pertsonaiak sortzen ditugu eta estandarte moduan jartzen ditugu egoera zailen aurrean, baina propaganda hutsean geratzen direla uste dut eta falta dena benetako kontzientziazioa da, benetako ekintzak behar dira. Nire egoeraren inguruan jakin den gutxiarekin egon den analisi eta erreakzioa halakoa izatea sekulakoa izan da. Harritu nau eta jaso dudan babesarekin pozik nago. Baina ez dadila anekdota hutsa izan eta egon dadila aldaketaren bat industrian ere».
KONGRESUA AZKEN TXANPAN
Hortik aurrerako hitzaldietan artistak eta zaleak elkar hartzeko beharrezkoak diren errelato eta istorio kontaketak izan ziren protagonista nagusiak. Baina baita Fito Cabrales ere. Publiko zabalari eskainitako hitzaldia egin zuen musikari bilbotarrak. “Monte de los aullidos” diskoaren inguruan mintzatu zen.
Aretoetan ere eskaintza zabala izan zen bart, Castazabal, Airu, Txopet, Maloa Brothers edota Marte Lasarte bezalako proposamenei Orishas edota La M.O.D.A.-renak gehituta.
Bihar bukatuko dira Euskaldunako jardunaldiak Aupa! sariekin. Eta hedabide hau bertan izango da.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
