Bizitza ospatzeko agurra eta errausketa goxatzeko tresna
Joan diren haiei agur laikoak egiteko aukera eskaintzen du Albia taldeko Donostiako Rekalde-Berri beilatokiak, baina pauso bat harago joan da eta senideek nahi duten bezala agurra ospatzeko gela prestatu dute. Horrez gain, Euskal Herrian bakarra den murgiltze gela martxan jarri dute errausketaren unea goxatzeko.

Bestelako agur bat posible dela uste dute Donostiako Errekalde auzoan zabaldu berri duten Rekalde-Berri beilatokian, eta bidegarri egiten dute gainera. Heriotza kulturalki modu batera ikusia izan da orain arte, itxia, ia-ia tabu bat bezala, bizitzaren parte garrantzitsu bat izango ez balitz bezala. Baina eredu horiek ere aldatzen ari dira eta maite ditugun horiei agur esateko aukerak zabaltzen ari dira.
Kasu honetan, ohiko agur erlijiosoak egiteko aukera dagoen arren -erlijio desberdinak kontuan izanik-, agur laikoak prestatzeko gela bat du Albia taldeko Errekaldeko beilatokiak.
«Lehen agur laikoa egin nahi bazenuen, leku bat alokatu behar zenuen (liburutegia, akuarioa...), edo Udaletxearekin adostu. Guk agurren aretoa dugu, non 150 pertsona inguru sartzen diren, nahiz eta gehiago ere sar daitezkeen», dio Bea Aldak, Albia taldeko gerentea Gipuzkoan.
«Asteburu honetan Pirritx, Porrotx eta Marimotots egon diren agur bat izan dugu. Oso polita izan da, txalapartarekin, koru batekin, bertsolari bat... Eta 300 pertsona inguru sartu dira», kontatu du.
Areto horretan pantaila haundi bat dago, zinema aretoetan dagoenaren antzekoa. Bertan hildakoaren irudiak proiektatzen dituzte, baina ez bakarrik azken urteetakoak, baizik eta jaio zenetik hil artekoak, bere bizitzako une desberdinetan, ospakizunetan, familiarekin eta lagunekin... Helburua da hildakoaren bizitzari errepasoa egitea. Gelan senideek nahi dutena egin daiteke, esan bezala, bertsolariak, abeslariak, baina baita dantzariak ere. Libre da.
Horrez gain, Euskal Herrian bakarra den gela bat dute Errekalden -Estatu espainolean Albia taldeko beste beilatoki batzuetan ere badute, baina gurean aitzindaria da-, murgiltze gela, errausketaren unea goxoagoa egitera bideratuta dagoena.
«Errausketa labea dagoen gela normalean lau horma zuri dira, oso hotza. Proiektoreen bidez 3D bezala bihurtzen da gela, eta ematen du itsasontzi batean zaudela, eta itsasoaren soinua jartzen dugu, zentzua duena itsasoa gertu dugulako. Edo jarri daiteke mendia, non hostoak aurpegian erortzen zaizkizun sentipena duzun. Une hori, errausketarena, hain gogorra dena, suabeagoa bihurtzen dugu. Zoragarria da», adierazi du Aldak.
Lankideei esaten diet orain pertsona bat joaten denean ez dugula bakarrik negar egingo, haren bizitza ere ospatuko dugula eta gurekin egon dela eskertuko dugula», esan du beilatokiko arduradunak.
AGUR PERTSONALIZATUA
Izan ere, senideei askatasuna ematean, agur ekitaldia eraldatu egiten da. «Lehen erlijioan zentratzen zen asko. Gauzak aldatzen ari dira, eta aldaketa horri aurrea hartu diogu. Kontua da bakoitzak nahi duen bezala egitea. Eta eskaera bereziak egiten badira, horiek bete ahal izatea. Horregatik da gure eslogana ‘Bestelako agur bat posible da’», zehaztu du.
Nahiz eta zerbitzu laikoa eskaintzen duten, Donostiako Rekalde-Berri beilatokiak familia guztiei eskaintzen die atentzioa. «Agur erlijiosoa egin nahi duenak ere ahal du. Elizkizuna egin daiteke kaperan. Eta musulmanentzat prestaketa gela bat dugu, euren erritu eta eskaera bereziak egin ahal izateko eta errespetatzeko», azaldu du Aldak.
Errekaldeko beilatokia berria den arren -urri erdialdean zabaldu dute-, Albia taldeak duela hogei urte presentzia du Gipuzkoan (Zumaia, Mutriku, Eibar, Bergara). Donostian bulegoa bazuen, baina ez zuen beilatoki propioa. Orain esperientzia berritzaile hau nahi duen guztiaren eskura jartzen du.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
