Eneko Lazkoz, ofizioa poltsikoetan, finalera
Agoitzen jokatu zen atzo Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa. Azaroaren 29ko finalerako txartel zuzen bat zegoen jokoan, eta Eneko Lazkozek poltsikoratu zuen. Ganbarakoan poto egin arren, ofizioak ematen duen erregulartasunak lagundu zion 508,5 puntu biltzen. Bigarrena Saioa Alkaiza, 496 punturekin, eta hirugarrena Ekhiñe Zapiain, 494 punturekin. Urezko puntuak.

Eneko Lazkozek lortu du Nafarroa Arenako finalerako lehen txartel zuzena. 508,5 puntu batuta lortu zituen Agoizko saioko lehen tokia eta finalerako txartel zuzena. Gainontzekoek beste bi finalerdien puntuazioen zain geratu behar.
Ofizioa poltsikoetan oholtzaratu zen Lazkoz, eskarmentuaren pausajearekin. Ofizioak txukun osatuta iritsi zen ganbarakora. Bakarkakoan poto bat egin zuen, eta, horrek zalantzaren bat sor zezakeen arren, azkenean, 508,5 puntu eta lehen tokia. Eta orain lasaitasuna, azaroaren 29ko finalera arte.
Hauxe zuten bakarkakoa osatzeko gaia: Berriz ere lekuz kanpo sentitu zara. Hala ere, bertan gelditzea erabaki duzu. Hona Lazkozen bidea: «Azken aldian herrian giroa dabil arraro/ etxeak eta kaleak aztoraturik zeharo/ gaur tabernako barrara plaza ertza dut igaro / nola begiratzen nauten ez ikustea nahiago/ garagardo bat eskatu eta eman diot trago/ eta irainka etorri zaizkit bi tipo barbaro/ nere aitaren enpresa arazo larritan dago/ ta haren semea naizenez gaizki ikusia nago». Bigarrenean etorri zen potoa.
Eta ofizioa aipatzen hasita, Lazkozena eta Zelaietarena elkartu ziren zortziko txikiko ariketan, eta asmatu zuten plaza astintzen. Julen Zelaieta maizterra zen, eta Eneko Lazkoz, errentaria. Lazkozi alokatutako etxean izpiritu bat zegoela seguru zekien Zelaietak. «Baldin bada bat beti eztula duena/ ziur aski izango da birraitonarena», eman zion pista Lazkozek. Eta jarraitu zuen, «ta orain erreta zu zabiltza kaguenla/ bihurtu zaizulako etxea kartzela/ aizu ta ez al duzu zuk pentsatu bela/ igual zure zurrungek esnatzen dutela». Eta Zelaietak, erantzuna: «Batetik zurrunkak ta bestetik eztula/ laguntasuna egin dugula kalkula/ atzo hala esan zidan zertan diximula/ birbilobak errenta jaitsi diezazula». Julen Zelaietak bosgarren egin zuen atzo, 458,5 punturekin, baina plazaren maitasuna hortik gorakoa jaso zuen.
ALKAIZA, HARI GAINEKO HITZEN ARTISAU
Bertsolaritza hari gaineko sorkuntza da, eta bertsolaria, hitzen artisaua. Alkaizari ganbarako lanetik ostutakoak dira hitzok. Bera irudikatzen dugu hitzak zizelkatzen, eskuak lokaztuta, bertso bakoitza jendartearen moldeak bistaratzeko eta mugiarazteko lanean egoskor. Hitzen eta ideien artisaua da Alkaiza. Ariketa guztietan saiatu zen bertsotan sakon zapaltzen, bere ikuskera propiotik lurrean lorratzak uzten. Ariketa batzuetan besteetan baino gehiago asmatuta iritsi zen ganbarako lanera. Eta hor bai, azken errematea.
Bertso eskolan sufritzen zuen hamabi urteko Saioa haren zapatetatik hasi zuen kontaketa. Hauxe bigarren alea: «Haien artean bizkar kolpeka noski anaidiak hor dirau/ anaitasunan elkarren zaintza baitute gizonek arau/ eta besteok lekua eskatzen haien onespenaz barau/ baina borroka egin dugunez egunik egun, gaurik gau/ orain naiz hitzen artisau/ ez heroi eta ez bilau/ lekuz kanpoko lekua egin dut ene posible al da hau/ hari gaineko sorkuntzak maitemindu egin bainau». Ariketa horretan eraman zuen gorantz bere arratsaldeko lana. Eta abisua ere utzi zuen oholtzan: «Emakumeok lekua eginda eginen dugu zarata/ kasu emazu Navarra Arena gehiago izanen gara ta». Kiniela askok saioko irabazle jotzen zuten arren, bigarren, azkenean, eta Zapiain hirugarren. Puntuak ikusita, biek finalerako aukera zabala dute parean.
ERRETRATOA EGUNGO JENDARTEARI
«Hilerriek bizitza hartzen duten hontan/ bizitzari egingo diogu bertsotan», bota zuen lehen agurrean Eneko Lazkozek, eta bertsolariek asmatu zuten entzulearen hausnarketarako giharra xaxatzen. Bertsoa jendartearen kronika egiteko tresna ederra da.
Adibidez, hamarreko txikian zorrotz aritu ziren Lazkoz eta Zapiain, egunotan oso bizi dagoen egoera bati abesten. Lazkoz influencerra, sare sozialetan bizitza perfektua saltzen duena, baina azaletik azalerako lagunartean triste dagoena. Zapiainek sareetan atseden hartzeko eskatu dio. «Eskolan etzinenez erne eta iaio/ influencerra egin kontuen garraio/ poztasun abstraktuan zuk hamaika saio / lagun nauzu ta entzun nazazu arraio/ minari ere leku egin behar zaio», Zapiainen lehena. Lazkoz ere bikain bere paperetik, «lagunak dira aldatu behar nituzkeenak/ ta aurkitu nahi dudana esaten dutenak».
Ekhiñe Zapiainek oso saio ederra osatu zuen, gai guztiak berera ekartzen saiatu zen eta askotan asmatu zuen. Nafarroa Arenarako aukera handiak batu zituen bere 494 puntuekin, eta egia esan gozamena izango da finalean mundua bere begietatik ikusteko aukera izatea.
Puntutan laugarrena Eki Mateorena izan zen, saioko gazteena. Ofizioetan oso txukun aritu zen.
Hamarreko txikia Julen Zelaietak eta biek josi zuten. Bi lagunen paperean aritu ziren; erabiltzen duten arroparen kontsumoarekin kezkatuta, oinarrizko joskintza tailer batean izena ematea erabaki dute. Honela abiatu zen Eki: «Begirada bat botaz daukagun mundura/ ezin dugu segitu gabiltzan modura/ ez baitugu erosten behar dugun hura / beraz aukera ona bat badugu joskura/ gure beharretara ta gure gustura». Eta ariketako azken alea, honela amaitu zuen: «Orratzak behar dira noski batzuetan/ gure diskurtsoaren hari-muturretan».
Julen Zelaieta izan zen bosgarrena. Honek ere eskarmentua zuen bere alde, beti asmatzen du plaza pizten uneren batean. Ganbarakoan ikuspuntu propioa eta interesgarria ekarri zuen oholtzara: «Ze laguntasun ederra, kanpotik ederregia/ herriko kintoen besta daukagu gaur alegia/ denak elkarren ondoan ta ni puntan eseria/ ni naiz mahai-buru, bakarrik dago nere aurpegia/ nahiz eta ingurukoei maiz eduki abegia/ bakarrik gaude ni eta nere mutilzarreria».
Seigarrena Endika Legarra izan zen. Estu hasi zuen saioa, baina gero tamaina hartu zion eta gauza politak egin zituen. Hamarreko txikian, Alkaizarekin aritu zen, bikote baten paperean. Behin erretiroa hartuta, hiritik herri txikira bueltatzeko proposatu zion Legarrak. «Iruñean egin ginen aita eta ama/ baina Agoitzen sortu zen gure harremana/ orain bukatu berri dugu gure lana/ ta hiriburuan zein dugu panorama/ ate joka ari zaigu gure iragana».
Hurrengo finalaurrekoa datorren azaroaren 8an izango da, Leitzan. Bertan, kantuan arituko dira honako bertsolariak: Jabi Lezaun, Julio Soto, Kattin Madariaga, Mikel Lasarte, Patxi Castillo eta Sarai Robles.

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

«Están naciendo niños cuyo abuelo está en la cárcel, esto no es normal»

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko
