Salbuespena eta sufrimendua gehiago ez luzatzeko lanean aktibo izateko deia
Hileko azken ostiraleko elkarretaratzean, gatazka politikoaren ondorioak ezin direla gehiago luzatu aldarrikatu zuten Sarek eta Etxeratek; eta horretarako eta konponbidea, bakea eta elkarbizitza lortzeko, «aktibo» izateko eta «auzolan erraldoian» parte hartzeko deia egin zuten. Ahaleginaz gain, borondate politikoa behar dela adierazi zuten.

Urriko azken ostiralarekin batera, elkarretaratzeak egin ziren Euskal Herriko hainbat txokotan, Sarek eta Etxeratek deituta. 2.500 lagunek egin zuten bat, eman zituzten datuen arabera.
Sareren II. Konferentzian azaleratu zuten bezala, gatazka politikoak utzitako ondorioen konponbidea ezin dela gehiago luzatu nabarmendu zuten. «ETAk bere jarduera amaitutzat eman zuenetik ia 15 urtera, oraindik orain, ondorio batzuek korapilatuak jarraitzen dute. Ez da hori nazioarteko beste hainbat herrialdetan eman diren gatazken logika, bake prozesu baten ondorioz, sufrimendua eragiten zuten ondorioak konponbidean jarri zirelako, Euskal Herrian ez bezala», oroitarazi zuten.
Sare eta Etxeraten arabera, Euskal Herrian prozesua «bestelakoa» izaten ari da eta «hainbat eragile eta norbanakoren ahaleginak ekarri gaituzte honaino», baina behin betiko konponbidea lortzeko, borondate politikoa behar dela aldarrikatu zuten. «Urratsak denok egin behar ditugu. Oinarri politikoak dituen gatazkak konponbide eta borondate politikoak behar ditu».
Hala, preso, iheslari eta deportatuen auziak «konponbide azkar bat» behar duela azpimarratu zuten Sarek eta Etxeratek. Horretarako, «nahikoa da salbuespen lege eta politikak alde batera uztea».
«Egun zigorrak betetzen ari diren 125 euskal presoetatik 66 dira zigorrak erregimen irekian betetzen ari direnak, hau da, egunerokotasunean kalea zapaltzen ari direnak. Honek esan nahi du euskal presoen erdiak egunerokotasunean kalea zapaltzen ari dela», azaldu zuten urriko azken ostiraleko elkarretaratzean. Hori horrela izanik ere, zigorrak erregimen itxian betetzen ari diren presoen kopuruak «are txikiagoa» izan beharko luke, euskal presoei «beste edozein arrazoirengatik espetxean dagoen edozeini aplikatzen zaizkion lege eta espetxe politikak aplikatuko balitzaizkie».
Etxeratek eta Sarek salatu zutenez, salbuespen lege eta espetxe politikek «sufrimendu izugarria utzi dute eta uzten ari dira». Horren adibidetzat aipatu zuten 2022ra arte 32 urtez espetxean eta baldintza gogorretan izan zen Jakes Esnal, berriki hila, baita erbestean jarraitzen duten 14 iheslari eta hiru deportatuen egoera ere.
Horrenbestez, salbuespena ezin dela gehiago luzatu argi utzi nahi izan zuten: «Sufrimenduak ezin dira gehiago luzatu, eta konponbidea, bakea eta elkarbizitza behar bat dira gure herriarentzat».
«IZAN GAITEZEN AKTIBO»
Horrekin batera, biktima guztien egia, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea ere «elkarbizitzara jauzi egiteko ezinbestekoak» direla nabarmendu zuten. «Euskal Herrian elkarbizitza ez da ahanzturaren emaitza izango, aurrera egiteko borondate partekatuarena baizik; harresiak zeuden tokian zubiak eraikitzetik etorriko da, korapiloak zeuden tokian askatzetik, besteari aitortza ematetik, norbera izateari utzi gabe», defendatu zuten.
Sare eta Etxeraten iritziz, zeregin horretan «denok dugu gure tokia», horregatik jendartea gonbidatu dute lan horretan parte hartzera eta Bilbon heldu den urtarrilaren 10ean “Ezin da gehiago luzatu” lelopean egingo den «hitzordu garrantzitsuarekin» bat egitera. «Herri zein eskualdeetan hasi da auzolana. Berriz ere milaka izan gaitezen herritar aktibo, elkarbizitzaren, bakearen zein preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko auzolan erraldoian», egin zuten dei.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
