Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiak batu dira baxurako arrantza garatzeko
Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen kofradien federazioek eta Hazilurrek Kofradia Basque Seafood sortu dute. Elkarte horrek lehengo Pesqueria Ondarroa SAren ekoizpen unitatea erosi du, gaur egun hartzekodunen konkurtsoan eta likidazioan dagoena. Enpresa berriak lanpostu guztiak mantendu eta enplegua bermatuko du.

Kofradia Basque Seafood SA sortu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen kofradien federazioek, Hazilur SArekin batera. Elkarte horrek lehengo Pesqueria Ondarroa enpresaren ekoizpen unitatea erosi du. Gaur egun, hartzekodunen konkurtsoan eta likidazioan dago unitate hori, eta sozietate berriak lanpostu guztiak mantentzeko eta enpresak elikagaiak eraldatzeko egiten zuen jardunarekin jarraitzeko konpromisoa agertu du.
Hazilur SA finantza sustapeneko sozietate bat da, batez ere partaidetza-maileguen bidezkoa. Lehen sektoreko, nekazaritzako elikagaien industriako eta euskal landa eta itsasertzeko enpresa jarduerak sustatzera bideratua dago. Lakuaren %50eko partaidetza du, Haziren bidez.
Lakuak atzo azaldu zuenez, baxurako arrantza sektorea modernizatzea eta garatzea izango du helburu Kofradiak Basque Seafood-ek. Lehen sektoreko, nekazaritzako elikagaien industriako eta landa eta kostaldeko enpresen jarduerak bultzatuko ditu.
EREDU IRAUNKOR BATEN BILA
Arrantza sektoreko antolakundeen eta finantzaketa publikoko erreminten arteko elkarlanean ere lagunduko du ekimen honek, Lakuako Gobernuak sektorearen eraldaketa eta modernizazioa babesteko martxan duen plan estrategikoaren barnean.
Lakuako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok hau adierazi zuen: «Elkarte honekin beste urrats bat egingo dugu etorkizunera begira euskal arrantza eredu moderno eta iraunkor bat eraikitzeko, non sektoreak berak modu aktiboan parte hartzen duen balio katean eta kalitatezko enpleguaren sorreran».
LANPOSTU DENAK MANTENDUZ
Ekimen berriari esker, Pesqueria Ondarroa SA enpresak arraina eraldatzeko egiten zuen jarduerarekin jarraituko dute. Ziurtatu zutenez, konpainia berriak lanpostu guztiak mantenduko ditu, eta enplegua bermatuko du Bizkaiko kostaldeko herri honetan.
Era berean, baxurako arrantza sektorea garatzeko estrategian «proiektua jauzi kualitatiboa» dela azpimarratu zuen Barredok, arrainaren merkaturatze eta eraldaketa prozesuetan zuzenean parte hartzeko aukera ematen baitu.
PRODUKTU LERRO BERRI BAT
Merkaturatuko dituzten produktuen artean «laugarren eta bosgarren gamako produktuen» lerro berri bat sortuko dute. Xerratutako eta ontziratutako arraina eskainiko dute, kozinatzeko prest dagoena. Kontsumitzeko prest dauden platerak banatzeko asmoa ere badute, guztia Kantauriko arraina oinarri izanda eta kalitate eta jasangarritasun estandarrak betez.
Barredok esan zuenez, ekimen hori urrats erabakigarria da euskal arrantza sektorea modernizatzeko, balio erantsia sortzeko eta kontsumo joera berrietara egokitzeko. Halaber, Lakuako Gobernuak «enpleguaren iraunkortasunarekin, elikagaien eraldaketarekin eta lehen sektorearen lehiakortasunarekin duen konpromisoa» indartzen duela nabarmendu zuen Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
