Josu JIMENEZ MAIA
Idazlea
KOLABORAZIOA

Borroka zilegiak ez dira ebazpen batengatik itzaltzen

NBEren Segurtasun Kontseiluak eman berri duen Mendebaldeko Saharari buruzko 2797 ebazpen zalantzagarriaren aurrean, Maroko ahaleginak eta bi egiten ari da garaipen baten gisara azaltzeko. Hartara, propaganda makina ebazpena lorpen diplomatiko baten gisara agertu nahian dabil, eta narratiba ofizialak autonomia-proposamena arrakastatsutzat jotzen du.

Bistan da: ebazpen hau ez da inondik ere sahararrek nahi eta behar dutena, baina, haatik, ebazpena sakonki aztertuz gero, kontua ez dago batere garbi, eta anbiguotasuna agerian da. Egia da autonomia-plana aipatzen dela, orain arte ez bezala; baina “aipatzea” ez da “onartzea”, komunikabide askok Marokoren bertsio interesatua zabaldu arren. Marokoren diskurtso triunfalistak, beraz, ez du oinarri sendorik, ebazpenak ez baitu Marokoren subiranotasuna onartzen Mendebaldeko Sahararen gainean, ezta autonomia-plana bide politiko bakar gisa babesten ere.

Marokoren bozkario antzeztua -su artifizialak eta guzti, ez da broma-, barne politikari eta marokoarrei begira egindakoa da. Mohamed VI.ak marokoar guztiei lorpen bat eskaini nahi die barne arazoetatik atentzioa desbideratzeko: gazte marokoarren protestak desgaitzeko, hurrengo erregea nor izango den norgehiagokan dabiltzan anaiaren eta semearen arteko lehia estaltzeko, eta Mohamed beraren gehiegikeriez eta osasun egoera penagarriaz fitsik erran ez dadin.

Ustezko garaipen hori zabaltzeko estrategiaren beste adibide bat: Marokoko Zerbitzuek Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren telebistan Mohamed VI.a bera agertzea lortu zuten zenbait segundoz. Saharako telebistari egindako eraso horri neurriko erantzuna emanez, hacker sahararrek Marokoko Estatuko telebistaren bigarren kanalari eraso zibernetikoa egin diote astelehen honetan... Hain zuzen ere, tertuliakide marokoarrak ustezko garaipen diplomatikoa puzten hizketan ari zirelarik, nor eta Brahim Ghali bera agertu zaie pantailetan marokoarrei.

Ghalik salatu du Marokok «desinformazio eta irain sistema bat garatu duela 50 urtez iritzi publikoa manipulatu eta Mendebaldeko Sahararen okupazioa justifikatzeko». Ghali-ren hitzetan, «Rabatek NBEren ebazpenen eta Segurtasun Kontseiluaren gomendioen norabidea desbideratzen jarraitzen du». Bukatzeko, presidenteak azpimarratu du taktika hauek erakusten dutela «beharrezkoa» dela «justiziazko konponbide politiko bat, nazioarteko zuzenbidearen eta saharar herriaren eskubideen errespetuan oinarritua».

Oporraldia Bakean programaren bidez udak Nafarroan ematen zituen neskatila batek, gaur egun jada emakume bihurtuta, honakoa dio igorri duen mezu batean: «Borroka zilegiak ez dira ebazpen batengatik hiltzen». Madrilgo paktuen etoikeriaz geroztik 50 betetzen dira hilaren 14an, baina denboraren joanak ere ez du saharar herriaren borrokarako grina itzali, sahararrek euren borrokan sinesten jarraitzen dute eta borrokari eusten diote, irmo eta duin. Bertze fase batean egonagatik, saharar herriaren aldeko engaiamenduari eutsi eta saharar herriarekin bat eginik, atxik azkar!