Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
THE THING WITH FEATHERS

Doluaren labirinto iluna

Biziki zaila da doluaren gaia jorratzea, baina “The Thing with Feathers” (“Esa cosa con alas”, gazteleraz) filmak ausardiaz heltzen dio, ikuslea barren-barrenetik astinduz. Batzuentzat esperientzia lazgarria izango da; beste batzuek, ordea, erritmo errepikakorraren aurrean asperdura senti dezakete.

Lanak doluaren paisaia psikologikoan barneratzen gaitu: emaztearen bat-bateko heriotzaren ondorioz, aita batek (Benedict Cumberbatch) errealitatearen kontrola galduko du. Bere bi semeekin bizi den apartamentuaren zoko ilunetan izaki beldurgarri bat -bele erraldoi bat- agertuko zaio, eta hortik aurrera errealitatearen eta irudimenaren arteko muga lausotzen hasiko da.

Filmak minaren eta nahasmenaren egoera mental eta emozionala erreproduzitzeko egitura zatikatua erabiltzen du. Istorioa kapitulutan banatzen da, eta bakoitzak doluaren ertz ezberdin bat erakusten du. Hautu narratiboak doluaren izaera ez-lineala islatzen du: olatuen moduan fluktuatuz, kateatu eta errepikatu egiten da. 4:3 formatuak klaustrofobia-sentsazioa areagotzen du, espazioaren mugak pertsonaiaren barneko itolarriarekin uztartuz.

Cumberbatch-en interpretazioa ikaragarria da, bizia eta ñabartua; dolua jasaten duen aita baten mina, errua eta zaurgarritasuna modu sotilean baina intentsitate handiz gorpuzten ditu.

Hala ere, istorioak batzuetan urruntasun sentsazioa ematen du, eta baliatutako metafora gehiegi errepikatzen da. Sinbolikoaren eta beldurraren elementuen eta etxeko tramaren arteko trantsizioa malkartsua da.

Argi-ilunak dituen arren, proposamen ausarta da: ez ditu erantzun errazak eskaintzen. Sinbolikoaren eta poetikoaren apustua laudagarria da, ikuslearen irudimena eta interpretazio gaitasuna aktibatzen dituelako.