Aritz SANTAMARIA
KIROLA

Altuna III.a nagusitu zen «inork jokatu nahi ez zuen partidan» (22-20)

Lehiaren atariko elkarrizketan bi pilotariek finala jokatzea nahiago zutela esan zuten, baina kiroltasunez partida landua jokatu zuten biek. Norgehiagoka oso parekatua izan zen eta Amezketarra gailendu zen, Ezkurdiak amore eman ez zuen arren.

Bi pilotarien arteko agurra behin partida amaituta.
Bi pilotarien arteko agurra behin partida amaituta. (Endika PORTILLO | FOKU)

Finalerdietan Altuna III.ak eta Ezkurdiak ez zuten maila eman, arazo fisikoak tarteko; Altunak ez zuen 9 tantoko langa gainditu; Ezkurdiak 6 baino ez zituen egin. Altunak lau txapel ditu Lau eta Erdiko Txapelketan, eta 8 urtez jarraian lortu zuen finala jokatzeko txartela; aurten, aldiz, finalaren atarian geratu da, bigarrenez jarraian. Ezkurdiak, berriz, hiru txapel ditu, hirurak Altunari irabazitakoak. Esaterako, 2022ko finala zirraragarria izan zen, 22-21 bukatu zena arbizuarraren alde. Dena den, aurten 3. eta 4. posturako partida jokatu dute, bi pilotariek erakustaldia eman zuten eta amezketarra gailendu zen azken tanto zoragarri bati esker.

HASIERATIK ERASORA BI PILOTARIAK

Gogotsu atera ziren bi pilotariak, erasora eta ausart. 3-0 aurreratu zen amezketarra, eta orduan Ezkurdiak lehenengoz eskuinarekin erantzun zion Altunaren sakeari; hala, agintea hartu eta horma-biko tanto ikusgarria egin zuen arbizuarrak. Hurrengoan, sake eta erremate bikain batekin 3-2koa jarri zuen. Markagailuak 4 eta 2 markatzen zuela iritsi zen lehen tanto luzea, Altunak erremate ikusgarri batekin bereganatu zuena. Biek ere zuloa ikusi zuten hasieran.

Erritmo bizian hasi zen partida. Lehenengo tarte horretan Altunak hiru egin zituen sakez. Eta tartea lortu zuen markagailuan, 11-5. Maisuki hasi zen agintzen amezketarra. Ezkurdiak eutsi, baina gutxinaka-gutxinaka urrundu egin zen markagailuan. Atsedena eskatu zuen arbizuarrak 10-5ekoarekin.

Norgehiagokan ordu laurdena bete gabe, lan erdia egina zuen Altunak: 11-5. Ezkurdiak, ordea, ez zuen etsi, eta markagailuan hurbildu zen, Altunaren hiru akatsen ondotik. Arbizuarrak, luzeago jokatzen hasi, eta uzta bildu zuen: 11-10. Lehen atsedenaldira, ordea, 12-10 iritsi ziren, Ezkurdiak hutsegitea egin ondoren.

GIDOIA ERREPIKATU ZEN

Altuna III.ak sakea hartu zuen aldiro, aldea handitzeko baliatu zuen, eta 15-11ko tartea lortu zuen. Partidari aurpegia galdu gabe, baina betiere atzetik, Ezkurdia neke fisikoa nabaritzen hasi zen ordu erdia bete zenean. Goitik beherako bolea ikaragarri batek Altunari 17. tantoa eman eta 5 tantoko aldea berrezarri zuen: 17-12. Burugogor jarraitu zuen Ezkurdiak, eta sake zorrotz eta dotore bati esker sakez egindako lehena batu zuen arbizuarrak. Altuna III.ak aldea lortu zuen arren, Ezkurdiak berriz ere markagailua estutu, are irauli egin zuen. Lehenengo zenbakiko pilotak on egin zion arbizuarrari, eta 5 tanto jarraian egin zituen Ezkurdiak, 17na berdindu zuen lehia.

Hurrengo tantoan, Altuna III.ak ezin erantzun, gora bota zuen pilota eta Ezkurdia partidan lehenengoz aurretik jarri zen; bigarren atsedenaldian, beraz, 17-18 arbizuarraren alde. Markagailua irauli zuen arbizuarrak frontisetik urruntzean; hortxe eroso sentitu zen eta nabarmen agindu zuen kantxan.

Azken txanpan, markagailuak berdinketa ageri zuen: 19-19. Akatsak izan ziren nagusi, nekearen ondorioz, eta Altunak irabazteko aukera galdu zuen 21-19 aurretik jarri zela. 21-20 Arrasateko Uarkapen, eta azken tanto landu baten ondorioz Altunak irabazi zuen lehia. Horiek horrela, Lau eta Erdiko 3. postuan Altuna sailkatu da, eta finala jokatu behar dutenen artean baten batek min hartuko balu, Altunak jokatuko luke haren ordez.

Arratsaldeko lehen partida gustagarria izan zen eta Murua-Zabaleta bikoteak Alberdi-Albisu bikotearen aurka irabazi zuen (22-19). Murua etxean aritu zen, bigarren aldiz Zabaletarekin, eta lehia luze baten ondoren gailendu ziren.

ELKARREKIN JOKATUKO OTE DUTE?

San Mateoko txapelketan, hain zuzen, elkarrekin jokatu zuten Altunak eta Ezkurdiak. Bi aste barru hasiko da Binakako Txapelketa, eta amezketarrak zein arbizuarrak elkarrekin jokatuko duten zurrumurrua gero eta zabalduago dago. Izan ere, Tolosaren lesioa dela eta, Aspek ez du laugarren atzelaririk. Biek ere, partidaren atarian, enpresaren erabakia dela adierazi zuten, baina gustura ariko liratekeela onartu ere bai.

TXAPELDUN BERRIA

Peio Etxeberriak Lau eta Erdiko hirugarren finala jarraian jokatuko du igandean, aurreko biak Altuna eta Lasoren aurka galduta. Javi Zabalak, bestalde, lehen aukera izango du Lau eta Erdiko Txapelketako irabazle izateko.

Horiek horrela, finala azaroaren 16an jokatuko da Bilboko Bizkaia frontoian eta, irabazten duenak irabazten duela, txapeldun berria izango du Lau eta Erdiko txapelketak.